Hamar urte dira gaur Irutxuloko Hitza-k Donostian bere aurreneko zenbakia argitaratu zuenetik. Urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi eta berrikuntza prestatu ditu lantaldeak, Beste 10 urte baietz! lelopean. Irakurleekin, laguntzaileekin eta sustatzaileekin egin nahi dute ospakizuna, eta, horretarako, ekitaldi berezi bat antolatu dute.
San Telmo museoan egingo dute urteurreneko ekitaldia, bihar, 19:30ean. Astekariaren eta webgunearen diseinu berria aurkeztuko dute Irutxuloko Hitza-koek, eta aurrera begira dituzten erronken berri emango dute. Ekitaldian, gainera, askotariko lagunek hartuko duteparte: Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariek, Aldatzen Laguntzen antzerki taldekoek eta UK Bill musika taldeak. Añorga auzoko talde horrek ere hamar urte bete ditu, eta euskarazko komunikabidearen urtemugako kanta egin du. Ekitaldiaren ostean, topa egingo dute Artess kafetegi-tabernan.
Asteazkeneko ekitaldiaren ostean, ostiralean, diseinu berriarekin argitaratuko dute aste honetako zenbaki berezia. Izan ere, ohiko edukiez gain, hogei orrialdeko gehigarri bat egingo du taldeak. Irutxuloko Hitza-ri begiratu bat emango diote azalen bidez, eta albiste izan diren gertakizun nagusien errepasoa egingo dute modu grafikoan. Ttan Ttakun irratiko Asier Mendizabali egindako elkarrizketa ere irakurri ahalko da. Hain zuzen ere, irrati libreak hogei urte bete ditu, eta ekitaldi bat antolatuko du Irutxuloko Hitza-rekin batera. Gehigarri horretan logo lehiaketaren ingurukoak ere jasoko dituzte. Carla Mikeo Errenteriako gazteak (18 urte) irabazi du logo lehiaketa; triangelu formekin osatu ditu Irutxuloko Hitza-ren inizialak, mosaiko itxura emanez.
Eskualdeetako beste Hitzetan estreinatu duten diseinu bera—Danel Agirrek sortua— erabiliko du aurrerantzean Donostiako astekariak. Webgunean ere bai. Egunotan, halaber, #irutxulokohitza10 etiketa erabiliko dute urteurrena eta diseinu aldaketak sare sozialetan komentatzeko.
Irutxuloko Hitza-ko langileek nabarmendu dute nekez jarraitu ahal izango dutela aurrera bidelagunik ez badute. «Gure egunerokotasunean ezinbestekoa dugu harpidedun, erakunde, norbanako, elkarte eta hiriko eragileen babesa». Harpidedun egiteak urtean 77 euro balio du. 943 46 72 36 telefono zenbakian eta [email protected] helbide elektronikoan eman dakioke babesa hedabideari.
Irutxuloko Hitza 2005ean hasi zen argitaratzen, baina aurretik Donostian bazen euskarazko beste komunikabide bat: Irutxulo aldizkaria. 1994ko martxoan sortu zuen Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak. Handik urte batzuetara, tokian tokiko egunkariak sortuz joan ziren, Hitza markarekin. Proiektu biek bat egin zuten, honako hiru bidelagun hauen ekimenez: Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, Bertako Hedabideak eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea —41 gizarte eragile biltzen ditu—. 2005eko otsailean Donostiako Hedabideak SM sortu zuten, Donostialdean euskarazko esparru komunikatibo osoa garatzeko asmoz.
Garai ezberdinak izan ditu komunikabideak. Asteartetik igandera bitarteko egunkaria zen hasieran, asteartetik ostiralera artekoa ondoren, eta 2013an astekari bihurtu zen. Eguneroko Donostiako tokiko informazioa webgunean lantzen dute: irutxulo.hitza.eus. Gipuzkoako hiriburuko herritarrengandik gertu egotea da komunikabidearen xedea. Beste hamar urte baietz. Hori dute erronka.
'Irutxuloko Hitza', hamar urte Donostiaren berri ematen
10. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute bihar, San Telmon (19:30).Ostiralean diseinu berria estreinatuko du, paperean zein sarean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu