Urtero legez, Piztiaren ehiza izeneko folklore, antzerki eta dantza ikuskizuna egingo dute Domaikian (Zuia, Araba), larunbatean, 21:30ean.
Domaikian eta Zuian oso ezaguna da Domaikiako Carrascal mendiko piztia. Izua eta beldurra eragiten zuen piztia horrek, eta egundoko ezustekoak ematen zizkien mendi hartara eramaten zituzten haur eta gazteei. Domaikiako Carrascal mendiko Iruratxiko haitzeko leizean bizi omen zen piztia.
Antzerki tradizional horren bidez, herriko jendea beldurtu eta kikilduta izan dituen piztia harrapatzeak eragindako poza islatzen dute herritarrek.
Gauean, piztia Iruratxi mendian harrapatu, eta landarez estalitako gurdian gordeta kalera eramaten dute. Musika lagun eta dantzak bitarteko direla, eszena osatzen duten taldeak batuz joaten dira, eta suziek eta bengalek argiz eta magiaz beteriko akabera ematen diote. Emanaldiaren erdian, eta dantzariak piztiarekin batera herrian kalejiran dabiltzan bitartean, Zuiako beste kondaira edo pertsonaia mitikoren bat gogorarazi nahi izaten dute, eta aurten Altubeko Amari egokitu zaio, hain zuzen ere.
Unerik gorena segizioa plaza nagusira iristen denean gertatzen da. Piztia kateaturik daraman orgatik sei idik egiten dute tira, eta horren inguruan egiten dira azken dantzak. Festaren amaieran, inork espero ez duenean, piztiak ihes egitea lortuko du.
Gerizpean. Uda-pasa
Iruratxiko 'piztiaren ehiza'
Piztiaren ehizaz gainera, Altubeko Amari buruzko elezaharra gogoraraziko dute Zuian larunbatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu