TELEBISTA

Iruñeko finala 232.000 lagunek ikusi zuten uneren batean ETB1en

Telebistaz batez beste 25.000 lagun aritu ziren bertso emanaldia ikusten. Beste milaka herritarrek Internet bidez ikusi zuten Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala.

Mialen Lujanbio kantuan, atzo. JAIZKI FONTADA / FOKU
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 19a
15:28
Entzun

Bost urte joanak ziren aurreko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaletik, eta argi zegoen aurtengoak ikusmin handia piztuko zuela. 13.500 lagun elkartu ziren Iruñeko Navarra Arenan. Eta beste milaka lagunek ikusi zuten finala telebistaz, irratiz eta Internet bidez. ETB1eko egun osoko emanaldiarekin, esate baterako, 232.000 herritarrek egin zuten bat. Dena den, batez beste 25.000 herritarrek ikusi zuten finala (12.000 ikuslek goizean, eta 31.000k arratsaldean)

Zortzi finalisten goizeko ariketek 11:00etatik 15:00etara iraun zuten, eta goizeko emanaldi horrek %5,1eko ikusle kuota bereganatu zuen ETB1en —euskaldunen artean, %12,5ekoa—. Arratsaldeko saioak, berriz, 17:00etatik 20:45 ingurura arte iraun zuen, eta kasu horretan ETB1ek %4,2ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %10,7koa—.

EITBren euskarri digitaletan, Iruñeko finalak 60.000 ikustaldi inguru izan zituen. BERRIAk ere zuzenean eman zuen finala, eta bertsozale ugari aritu ziren egunkariaren webgunean emanaldiaren berri jasotzen.

Beste kultur ekitaldi bat ere zuzenean ikusi ahal izan zen asteburuan ETBn: ETB2k Hertzainak taldearen BECeko (Barakaldo, Bizkaia) kontzertua eman zuen ostiral gauean. Emanaldia euskaraz egin zuten, Iñaki Guridi Euskadi Irratiko esatariak aurkeztuta, eta %4,6ko ikusle kuota lortu zuen (26.000 ikusle batez beste).

Munduko Koparen datuak
Euskal Herritik kanpo, igandean bazen beste final bat herritar askoren arreta bereganatu zuena: Qatarko Munduko Kopako finala. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Argentina-Frantzia lehiaren penaltiek %63,6ko ikusle kuota lortu zuten; partidaren luzapenak %57,9ko ikusle kuota izan zuen; eta lehiaren aurreneko 90 minutuek, %49,6ko ikusle kuota. 526.000 herritarrek ikusi zituzten penaltiak; 470.000 lagunek luzapena; eta 366.000 ikus-entzule aritu ziren lehen 90 minutuak ikusten.

Finalerdiek ere ikusmin handia piztu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Argentina-Kroazia lehiak %43,7ko ikusle kuota lortu zuen, eta Frantzia-Maroko lehiak, %46,2koa.

Barlovento Comunicacion aholkularitza agentziak Espainiako selekzioaren lau partiden ikusle datuak eman ditu —La1 eta Gol Mundial kateak batuta—: Nafarroan, Espainiaren partidek %67,2ko ikusle kuota izan zuten; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %53,9koa; Katalunian, %54,6koa; eta Galizian, %60koa.

Euskal selekzioa, bihar ETB1en
Bihar, berriz, emakumezkoen futbolaz gozatzeko aukera izango da ETB1en: euskal selekzioak Txileren kontra jokatuko du, Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian. 18:50ean hasiko da emankizuna, eta kontakizuna Naxari Altunak egingo du, Amaia Olabarrietaren eta Ane Murumendiarazen laguntzarekin. Euskal selekzioaren hautatzailea Juanjo Arregi da, eta ondoan izango ditu Ainhoa Tirapu eta Sandra Ramajo —selekzioan jokatu eta Athleticen eta Realean bide luzea osatu duten jokalariak dira—. Euskal selekzioak iazko apirilean jokatu zituen azken partidak, Argentinaren eta Venezuelaren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.