Mikel Valero Alzaga. Nekazaria

«Irungo produktu ekologiko eta freskoekin osatu dugu gaurko bazkariko menua»

Irunen (Gipuzkoa) dauka baratzea Aldatsa Baratza kooperatibak. Hor bildutako produktuekin, bazkaria antolatu du gaur, Irunen bertan, Lakaxita gaztetxean, 14:00etan. Zortzi euro balio du menuak.

BERRIA.
2013ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hilero-hilero bazkari bat antolatzen dute Irungo Lakaxita gaztetxean (Gipuzkoa). Ez edonolakoa, ordea: nekazaritza produktuek osatzen dute menua. Aurten hartu du bazkari hori egiteko ardura Aldatsa Baratza kooperatibak. Hango kide da Mikel Valero Alzaga (Irun, 1983). Ez daki, zehazki, zein barazki eta fruta eskainiko dituzten gaur, baina bai haien ezaugarriak: «Irunen daukagu baratzea. Hor jasotako produktuak eskainiko ditugu; hemengoak, ekologikoak eta freskoak».

Aurten hasi al zarete nekazaritzaproduktuz osatutako bazkariak egiten?

Ez. Orain zortzi urte hasi ziren Lakaxita gaztetxekoak gisa horretako bazkariak antolatzen. Hain justu, zortzi urte betetzen ditu aurten gaztetxe horrek. Beraz, gaztetxea eratu zenetik antolatu dituzte oturuntzak.

Zenbat lagun biltzen zarete?

50 bat lagun bildu izan gara mahaiaren bueltan, gutxi gorabehera, hilero-hilero. Martxoan gutxiago izan ginen; hogei bat jatun inguru. Uste dugu kudeaketa ereduaren aldaketagatik jaitsi zela martxoan jende kopurua; gaur, berriz, espero dugu zortzi urte hauetako zifretara iristea. Nire ustez, zifra horien bueltan ibiliko gara. Kontuan hartu behar dugu ere gaztetxean ez dela askoz jende gehiago kabitzen.

Zer dela-eta hartu duzue aurten bazkariak antolatzeko ardura? Nork kudeatu ditu orain arte?

Hainbat taldek eta elkartek antolatu izan dituzte. Aurtengoak egiteko, ordea, ez zegoen talderik; horregatik hartu du gure kooperatibak hileroko oturuntza hori prestatzeko ardura.

Orain arteko ildoari jarraitu diozue, edo berritasunen bat sartu duzue?

Orain arte kanpotik ekarritako produktuak sartzen ziren menuan. Guk, ordea, badugu baratze bat Irunen bertan. Hor bildutako produktuak eskaini genituen martxoko bazkarian, eta gauza bera egingo dugu gaur ere. Irungo produktu ekologiko eta freskoekin osatu dugu gaurko bazkariko menua.

Noiztik ari zarete baratzea lantzen?

Orain bi urte sortu genuen kooperatiba; orduan hartu genituen lursailak Irunen, eta baratzea lantzen hasi.

Nork zaintzen du baratzea?

Kooperatiba bat garenez, baratzea denona dela ulertzen dugu; Aldatsa Baratza osatzen dugun guztiok parte hartzen dugu hor. Hala ere, baditugu bi langile zeregin horretan; lanaldi erdia pasatzen dute baratzea zaintzen.

Zer helburu du nekazaritza produktuekin bazkariak antolatzeak?

Kudeaketa eredua apur bat aldatu da, gure kooperatibak antolatzen dituelako orain bazkariak. Hala ere, oinarrizko helburuaez da aldatu: nekazaritzaekologikoaren alde egin nahi dugu, eta, bide batez, gure baratzea sustatu.

Nondik ateratzen dituzue baratzea lantzen segitzeko baliabideak?

Hilero-hilero bazkariak antolatzeaz gain, beste zenbait egitasmo ere lantzen ditu gure kooperatibak, finantzabideak lortzeko. Irungo hogei familiarentzako saskiak prestatzen ditugu; gure baratzetik jasotako produktuekin betetzen ditugu otarre horiek, eta Lakaxita gaztetxean banatu. Kuota sistema baten bidez pagatzen dituzte saskiak familiek; gero, diru horrekin ordaintzen diegu soldata baratzea zaintzen duten nezakariei. Menu bakoitzeko zortzi euro kobratuko ditugu gaur. Ez dugu diru askorik lortzen, baina oraingoz, aurrera jarraitzeko lain badaukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.