Komunikazioa

Iruñeko uhinen distira

Eguzki irrati libreko 'Pasealeku' magazinak atal berriekin ekin dio denboraldiari. Irratiak 31 urte beteko ditu abenduan, eta haren historia bilduko duen dokumentala estreinatuko dute.

Ekonomia, zientzia eta literatura atalak entzun daitezke Pasealeku magazinean. LANDER FDZ. DE ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Iraileko prestalanen eta berotze ariketen ostean, urriarekin batera hasi dute denboraldia Eguzki irratilibrean. Irailean, aurreko denboraldian grabatutako saioak eman dituzte, Pasealeku goizeko magazinarekin batera.

Indarberrituta hasi du denboraldiak Pasealeku-k, Fertxu Izkierdo esatariaren eskutik. Atal berriak emango ditu Iruñerriko zein Nafarroako eguneroko informazioa lantzen duen magazinak. Bosgarren denboraldia du irratsaioak; Eguzki irrati librearen goizeko ikurra da. «Magazinaren aldeko apustu indartsua egin zuten orduan», azaldu du Izkierdok. Iruñerriko eguneko albisteez gain, solasaldiak eta elkarrizketak ere antolatzen dituzte. Horrez gain, sail tematikoak dituzte. «Zientziari eta nutrizioari buruzko atalak ditugu».

Ekonomia hedabideetan bolo-bolo dabilen gaia izaki, Pasealekua-n ere tarte berezi bat egingo diote. «Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enrique Galartza ekonomia irakasleak gidatuko du atal hori». Umoreak ere bere tartetxoa izango du; baita literaturak ere. «Patxi Irurtzun idazlearen laguntza izango dugu».

Saioa elebiduna da; solaskide eta elkarrizketatuen arabera aldatzen dute hizkuntza. «Saiatzen gara elkarrizketak euskaraz sartzen». Sakana aldeko Eztanda eta Aezkoako Irati irratiek goizero bat egiten dute saioarekin.

Suelta la olla irratsaioarekin osatzen dute Izkierdok gidatzen duen magazina. «Hala Bedikoekin egiten dugu, eta herrialdeko eta nazioarteko informazioa biltzen dugu».

Echando humo saioa da irratiko berrikuntzetako bat. «Drogaren inguruko gaiak jorratzen dituzte». Kalamuaren arautzearen eta kontsumo arduratsuaren inguruko informazioa lantzen dute ostegunero, 19:00etan. Zinema ardatz duen Grupo salvaje ere denboraldi honetan estreinatu dute. Asteartean 18:00etan entzun daiteke, zuzenean. Bestalde, aurreko denboraldian eman ez zituzten hainbat saio berreskuratu dituzte: Aprendiz de búho-kmusika, zinema eta beste hainbat gai uztartzen ditu. Retrópolis-ek, berriz,garai guztietako pop-rock musikaren ibilbidea proposatzen du.

Arrosa sareko partaide da Eguzki, eta haiekin partekatzen dituzte edukiak. Programazioko saio asko, beraz, euskaraz entzun daitezke. «Izan ditugu ekoizpen propioko euskarazko saioak. Aurten, gauza bitxia gertatu da: euskaldunak etorri zaizkigu, baina gaztelerazko saioak proposatu dituzte».

Saio guztiak entzungai dituzte www.eguzki.net webgunean. Garrantzi handia ematen diote webguneari, Izkierdok dioenez. «Guk geuk sortutako edukiak saiatzen gara nabarmentzen».

Eguzkide kanpaina

Abenduan 31 urte beteko ditu irratiak, eta hainbat ekitaldi eta saio berezi prestatuko dituzte. «Eguzkideak lortzeko kanpaina ere abiatuko dugu». Eguzkide horiek osatzen dute irrati librearen diru sarrera bakarra. «Ezin gara kexatu. Baina beti gehiago dira harpidetza uzten dutenak izena ematen dutenak baino». 500 eguzkide lortzea da irratiaren helburua. «Lasai ibiltzeko zenbaki hori behar dugu. 450 eguzkide inguru ditugu orain».

Eguzki irratiari buruzko dokumentala prestatzen ari dira, eta neguan estreinatuko dute. «Irratiaren ibilera azalduko dugu». 1982an sortu zuten irratia, Iruñean bertan. Hogei urte inguru daramatza Izkierdok irratiari lotuta. «Irratiaren bidez edonori ahotsa ematea izan zen hasierako helburua. Kazetari izatea ez da beharrezkoa irratia erabiltzeko. Komunikabide bat herriaren eskuetan jartzea izan da betidanik helburua, eta horrekin jarraitzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.