Iruñeko kaleak margoz blai

Elkar argitaletxeak XIII. Elkar Sketch Marrazketa Maratoia antolatu du Iruñean. Euriak egitasmoa oztopatu arren, 300 parte hartzaile inguru elkartu dira hiriko kaleak marrazteko.

Elkar Sketch Iruñeko marrazki lehiaketako bi parte hartzaile, Iruñean. Jagoba Manterola/FOKU
Elkar Sketch Iruñeko marrazki lehiaketako bi parte hartzaile, Iruñean. Jagoba Manterola/FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko urriaren 26a
15:00
Entzun

Tinta iluna orritik irristatzen da, arkatzaren arrastoak lausotuz. Arkatz lerroak akuarela zertzelada bihurtu dira. Euria lagun edo etsai izan dute gaur Iruñean Elkar argitaletxeak antolatutako XIII. Elkar Sketch marrazketa maratoian. Andrea Beella parte hartzaileak euria lagun izan du, baina, badaezpada ere, Santo Domingoko merkatua marrazteko aterpe batean babestu da. Tanta bihurriren batek bere marka utzi du orrian, baina prozesuaren parte dela esan du Beellak: «Marraztea maite dut, eta euria egitea ez zait gehiegi inporta. Disfrutatzeko eta euskaraz hitz egiteko aukera bikaina da».

Sketch-a azkar egindako marrazki librea da, normalean bukatu gabe dagoena. Zirriborro bat, alegia. Elkar argitaletxeak antolatutako lehiaketan parte hartzaileek Iruñeko gune batzuen marrazkiak azkar egin behar dituzte. Aurten lau leku izan dira protagonistak: Santo Domingoko merkatua, udaletxea, Nafarroako Artxibo Orokorra eta Catedral hotela. 

Nahiz eta euria egin duen, Borja Goitia lehiaketako koordinatzaileak esan du aurten inoiz baino lehiakide gehiagok parte hartu dutela: 300 pertsona inguruk: «Izena emateko sistema itxi behar izan genuen, baina, eguraldia ikusita, beldur ginen agian ez zela inor agertuko. Baina, zorionez, ez da hori gertatu».

Lehiakide bakoitzak aurkitu du euriari iseka egiteko moduren bat. Paula Andreuk, adibidez, udaletxeari argazki bat atera dio, eta sakelako telefonoaren irudia hartu du abiapuntu gisa bere marrazkia egiteko. Arkatza libreki mugitu du uraren mehatxurik gabe. Asier Coronadok ere aterpe batean muntatu du bere tailerra, baina hotzak eskuak moteldu dizkio; Santo Domingo kaleko merkatuaren egiturak lerro dardartiak izango ditu, beraz. «Nire lehendabiziko aldia da lehiaketan parte hartzen, eta kalean marraztea esperientzia berria da niretzat», esan du Coronadok.

Iruñeko katedral hotelean marrazkiaren azken xehetasunak osatuz. Jagoba Manterola/FOKU
Iruñeko Catedral hotelean marrazkiaren azken xehetasunak osatuz. Jagoba Manterola/FOKU

Zaletasuna sustatuz

Hiriko aire hotzetik urrun, Juan Tubaresek indarrez estutzen du arkatza orri zurian: zirkulu bat, lerro batzuk, eta merkatuko erlojuaren orratz zorrotzak: «Ez dut nire egunerokoan marrazten, baina oso dibertigarria da. Tarte bat gorde daiteke bakarrik margotzeko. Normalean agian ez dut astirik».

Adin eta leku desberdineko zaleak elkartu dira egitasmoaren azken puntuan: Iruñeko Catedral hotelean. Batzuek margolanak konparatu dituzte elkarren artean; beste batzuek, arkatza orritik altxatu gabe, azken xehetasunak gehituz. Goitiak parte hartzaileei eskerrak eman nahi izan dizkie: «Kultura eta sormena bultzatzeko egitasmoa da, eta zoragarria da horrelako zaletasun ederra hainbeste jendek bultzatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.