Goiz hasi dira Iruñean musika tresnak zorroetatik ateratzen eta afinatzen. Musikariak esku zurbil eta hotzak igurzten ari dira, beroa hatz puntetara iritsarazteko asmoz. Alberto Martinek sudur gorria du, eta, kantu baten eta bestearen artean, bufanda trinkoan ezkutatzen du sudurra. Jende multzo handi batekin kalez kale ibili da, jotak abesten. «Gero kopa bat ardo hartu, eta hotza joan egiten da», esan du Martinek. Bufanda eta txanoa jantzita ospatu dute gaur San Saturnino eguna, Iruñeko patroiaren eguna.
Francisco Seminario korridore estu eta luzea jendez bete da berehala; gehienak helduak, ahotsarekin musikarien doinuei gailentzen zaizkienak. Umeak zur eta lur daude gurasoei begira, abesti guztiak baitakizkite. Jendetzaren artean eta gitarra eskuan duela igaro da Amaia Asurmendiren anaia, korridorean dauden musikariengana iritsi nahian: berandu iritsi da kontzertura. Asurmendi lehenbiziko ilaran dago, ez baitu lortu pasalekuan sartzea, baina berdin dio, buruz baitakizki urtero abesten dituzten melodiak: «Besta honek bizia ematen dio hiriari neguan, eta bikaina da besta herrikoia izatea».
Korridore estuan kantari ari diren bitartean, erraldoiak atseden hartzen ari dira udaletxeko atarian. Ibilbide luzea izan dute, 09:30etik dantzan aritu baitira Alde Zaharrean. Orain, txikienak bakarrik datozkie bisitan: beldurrez eta miresmenez hurbiltzen dira erraldoiak ikustera. Andoni aitonaren sorbaldetan joan da Braulia erraldoiari txupetea oparitzera. Bueltan, mingaina erakutsi dio aitari, pozik, ikus dezan ez duela txupeterik.
Erraldoiek pixka bat mugitu behar izan dute umeen aulkitxoekin osatutako barrikada Udaletxe plaza hartzeko, eta 12:30ean hasi dira dantzan. Gurasoen sorbaldetan zeuden umeek eskuak luzatu dituzte erraldoien arropa ukitu nahian, baina gehienek ez dute lortu. Oihuren bat ere entzun da kilikiak agertu direnean; Andoni umeak aitonaren berokian ezkutatu du burua. Erraldoien artean agertu da Iruñeko Duguna dantza taldea, ezpaten soinua kalean barna hedatzen zutela.
Zerua argituz
San Saturnino eguna beti izan da Eguberrietako argiak pizteko eguna, baina horrek ez du esan nahi tradizio berriak aurkezten ez direnik. Aurten, Argiluna ekitaldia egingo dute lehenengoz, etorkizunean tradizio bihurtzeko asmoz. Anne Lukin abeslari iruindarrak parte hartuko du ekitaldian, eta, 18:00etan, Argiluna abestia interpretatuko du, Ignacio Garciak konposatutakoa.
Aurten ez dute faroltxorik jaurti, iaz Iruñeko zuhaitzetan trabatuta geratu baitziren denbora luzez, baita Ezkaba mendian ere. Baina 1.100.000 LED argik baino gehiagok apaindu dute zerua. Olentzeroren, Mari Domingiren eta erraldoien apaingarriak jarri dituzte udaletxean, Eguberriak iristear dauden seinale. Pamplonesa bandaren ekitaldiarekin amaituko da eguna: 20:00etan, emanaldia egingo du Gaiarre antzokian, eta Iruñeko patroiaren omenezko azken kantak interpretatu.