Jaiak. Iruñeko sanferminak

Iruñeak ezezko irmoa eman die sexu erasoei

Azken orduen zain, gutxienez hemeretzi sexu eraso izan dira sanferminetan. Bestela, giro ona izan da nagusi, eta debekurik ez izateak lagundu egin du. Gazteluko plazako kontzertuek oso harrera ona izan dute. Entzierroetan, lehengo lepotik burua.

Mugimendu feministaren elkarretaratzea, ostiralean, Gazteluko plazan.
Mugimendu feministaren elkarretaratzea, ostiralean, Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2024ko uztailaren 14a
05:00
Entzun

Gauerdian, Gaixoa ni kantatuko dute iruindarrek. Oraindik ere festen azken orduak gozatzeko geratzen badira ere, bolada egokia da aurtengo sanferminei begiratu azkar bat egiteko. Aurten, bi asteburu izaki, jendetza izan da lau egunez Iruñeko festetan. Ohiko giro onari itzal egin diote beste behin sexu erasoek. Ezinezko dirudi uneotan emakumeekiko errespetuzko jai batzuk izatea, eta horrek erakusten du parekidetasunaren helburua urrun dagoela oraindik ere. Dena den, iruindar askok berriro ere ozen esan diete ezetz euren indarkeria inposatu nahi duten gizonezko horiei.

1 . INDARKERIA MATXISTA

Tolerantziarik ez erasotzaileekin

Bi aldiz bete da Gazteluko plaza sexu erasotzaileei festetan, zein oro har, tokirik ez dutela adierazteko. Mugimendu feministak ozen salatu du «nazkatuta» dagoela eta behingoz amaitu behar dela gizonezko batzuen jarrera hori: «Onartezina da gizon batzuek emakumeekin duten jarrera: ukitzeak, jokabide lerdetsuak, jazarpenak, hitz jario amaigabeak, bortxaketak, irainak...», salatu zuten. Orotara, azken balorazioaren zain, hemeretzi eraso egon dira, eta horietatik lau «intentsitate handikoak» izan dira.

Ostegunean, Joseba Asiron Iruñeko alkateak adierazi zuen festen giro oneko zeru oskarbian sexu erasoak direla «hodei beltzak». Asironen arabera, egungo udal gobernuak ez du asmorik errealitate lazgarri horri bizkar egiteko, eta «mugimendu feministaren eskutik» jo nahi dute. Alkatearen irudiko, hiria «aitzindari» da indarkeria matxistaren salaketan. Azken datuen arabera, hemeretzi atxilotu izan ziren herenegunera arte. Bigarren asteburuak ekar dezakeenari adi egon beharko da.

2 . GIROA

Ostarte zabalak, hodei batzuekin

Bi asteburuek ekarri dute jendetza, eta astegunak etxekoentzat aiseago geratu dira. Dena den, giro ona izan da nagusi, nahiz eta ostarte zabal horietan hodei batzuk izan diren. Txupinazoa arazorik gabe joan zen. Uztailaren 7an, berriz, Curia kalean izan ziren UPNren aurkako oihu batzuk. Dena den, prozesioan entzun ziren ere PSNko hautetsien eta Joseba Asiron alkatearen kontrako oihuak. 

Eurokopako finala gaur jokatuko dela eta, udalbatzak gehiengoz erabaki du pantaila erraldoi bat jartzea. Herritarren gehiengoarekiko begirunez eta Udaltzaingoak aholkatuta, Yamaguchi plazan paratzea erabaki du udal gobernuak, aurrez antolatutako sanferminetako egitarauari ez eragiteko. Eskuinak horren harira protesta egin du. «Ulertezin» iruditu zaio kritika Asironi, jada masifikatuta dagoen festaren erdigunean horrelako elkarretaratze bat paratzea arriskutsua dela argudiatuta. 

Beste behin orbana Espainiako Poliziak jarri du. Larunbateko dianetan, San Frantzisko plazan pare bat furgoneta agertu dira, eta hamabost polizia. Pare bat edalontzi bota dizkiete, eta borrak astinduz eta bortizki erantzun dute poliziek. Inork ez daki zer dela-eta zeuden hor. Pamplonesak bere ibilbidea aldatu du. 

Halako festa handia bide onetik joan dadin, beharrezkoa da antolamendu ona. Lehen bost egunetan 665 tona zabor jaso dituzte garbitzaileek. Kalean diren osasun zerbitzuek, berriz, 12.400 lagun artatu dituzte egunotan. Segurtasunari dagokionez, Foruzaingoak ohartarazi bezala, sakelakoak izan dituzte jomugan lapurrek. Salaketa kopuruak behera egin du.

3. ESKAINTZA

Bertakoa, erdigunean

Jai irekiak eta herrikoiak izan ohi dira sanferminak. Berezko ezaugarri horri maiz trabak jarri izan dizkiote UPNren udalek. Aurten, ez. Maiarekin bazterreratuak izan ziren Herri Sanferminek, kasurako, berreskuratu dute O-ko plazako gunea, eta behin betiko balorazioaren zain, «pozik» agertu dira lehen egunen bilakaerarekin. Ez dira bakarrak izan, eta gune zein elkarte bakoitzak  —Herriko, Laba, Gallego... —bere egitaraua aske antolatzeak inposizioaren haizeak aldendu ditu.

Gazteluko plazaren eremua pribatizatzeko UPNren iazko saioa uxatu da. Gainera, pribilegiozko agertoki hori bertako musikariei eskaini die udalak, eta oso harrera ona izan dute kontzertuek. Zetak, Gorka Urbizu, El Drogas, Izaro, Maruxak... 30 urtez Iruñera etorri izan den eta musikari horien berri ez zuen italiar batek berretsi du «aspaldiko kontzerturik onenak» izan direla. Eremu guztietan askotariko eskaintza izan da, gustu guztiak asetzeko moduan.  

El Drogasen kontzertua, Gazteluko plazan. VILLAR LOPEZ / FOKU
El Drogasen kontzertua, Gazteluko plazan. VILLAR LOPEZ / FOKU

 

4. ENTZIERROAK

Atletismo proba

Sei zezen 848 metroko ibilbide batean aske uzteak beti uzten du ustekabeak izateko aukera, baina zirrikitu hori gero eta estuagoa da. Zezenen erorketak eragozteko neurriek, ganadutegiek zezenak trebatzeko egiten dituzten entrenamenduek eta korrikalari askoren prestakuntzak zaildu egiten dute zezen bat bakarrik geratzea. Azken entzierroaren zain, aurreko zazpiak nahiko antzekoak izan dira. Adarkaturik apenas egon den. Zauritu gehienak erorketa eta kolpeen ondorioz izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.