Baztanen bizi da Miguel Sanchez Ostiz (Iruñea, 1950). Sorterrira joatea ez du sobera maite, eta aspaldi utzi zuen Madril atzean. Are, Madrilek ere gibelean utzi zuen Sanchez Ostiz. Baina ez dio idazteari utzi. Gazteleraz aritzen da. Aurten Perorata del insensato eta El Botín eleberriak argitaratu ditu; azkenengo hori El Escarmiento liburuaren segida da. 1985ean kontainer batean aurkitutako bibliotekak sartu zuen memoria historikoaren munduan. Ingurura begiratu gabe, Baztango mendien arteko lasaitasunean, idatzi eta idatzi dabil.
Orain ez da zure lana askorik agertzen Madrilgo hedabideetan. Ahantzi egin dira zurekin?
2004. urte inguruan kultura munduko PPko goi kargudun batek, nahieran aukeratua, esaten zuen ni Batasunakoa nintzela eta ETAren tesiak defendatzen nituela. Hori, garai hartan eta Madrilen, inor harrikatzea bezala zen. Orduan izan zen nazionalismoaren aurkako erasoaldirik handiena. Ordutik literatura agentebatzuek bota egin ninduten, eta publikatzen nituen liburuen kritikak tantaka atera dira. Hamar urte hauetan, hogei liburu inguru argitaratu ditut, eta toki batzuetan hitzik ez. Adibidez, El País-ek ez du lerro bat bera ere idatzi gerra zibilari buruzko hiru liburuen inguruan. 1.200 orrialde dira.
Han sobera ezerosoa zara?
Nik asko izorratzen dut. Orduan, ezin duzu txalorik espero, edo ordaintzerik. Ezpada bufoi profesionala zarela; kasu horretan, ohatzea, janaria eta propinatxoak lortzen dituzu. Nik lanean jarraitzen dut, eta nire proiektuak baditut haiek kasu egin zein ez. Dagoeneko bost axola dit. Las Pirañas-ekin batera, uste dut nire erronka literariorik handiena dela aurten publikatu dudan Perorata del insensato. Erronka idazlea pertsonaia baten bidez biluztea izan da —eroetxetik alde egiten duen ero bat—. Ikuspuntu formaletik, pertsona eta idazle gisa guzti-guztia arriskatu dut. Oso zaila da gehiago ematea gaur egun. Tira, ba, horri buruz ez da deus idatzi. Min eman die? Ba, gutxienik, esan dezatela.
Hemendik zailagoa da hara ailegatzea?
Oso zaila. Anartean, nire argitaletxe guziak galdu ditut. Ezin izan dut liburu bat bera ere argitaratu Nafarroatik kanpo. Eskerrak Pamiela dudala. Pio Barojaren biografia bezalako liburu bat argitaletxeak berak suntsitu zuen. Adibidez, ez zuten inon aurkeztu nahi izan. Hilabete gutxiren buruan liburua suntsiturik zegoen, are, txikitua. Orain liburuek paper pastarako balio dute, ezta hori ere, gehiegi dago, eta ez dute erosten. Beraz, hobeki zakarretara.
Nafarroan ere ezeroso izanen zinen, bada.
UPNren aro guzian zokoraturik egon naiz. Hainbat tokitan betoa jarri didate. Asko harritzen nau hitzaldirik ezin ematea 60 izenburu baino gehiagorekin, hor dauden sariekin —nahi duenak begira dezala, Whiskypedian baitago— [irri egiten hasi da]. Adibidez, Bilboko Guggenheimenen edo Nafarroako Unibertsitate Publikoan bai, baina Oteiza museoan bertan Oteizaren poesiari buruzko hitzaldirik ezin ematea. Hori nahiko larria da.
Vianako printzea saria eman zizuten.
Ez zuen deusetarako balio izan. Norbaitek budu egin zidan, eta izorratu egin ninduen, arraioa! [Irri egin du]. Gauzak ez dira ongi joan. Jokatu dut, eta galdu dut. Geratzen dena da martxan ditudan hainbat liburu —saiakerak, poesia, egunkariak, nobelak...—. Asko dut idazteko, eta geroz eta denbora gutxiago. Beraz, ezin naiz kexuka ibili. Hori bai, gauza bat da ez kexatzea, eta beste bat isiltzea.
Tira, baina urte onak izan dituzu.
Ezin dut ukatu urte oso onak izan ditudala, ongi joan zitzaidan. Liburuak, sariak, prentsa dosierrak ditut. 1995ean Un infierno en el jardín argitaratu nuenean, etxebizitzaren espekulazio basatiari buruzko salaketa, Ignacio Etxeberria El País-eko kritikari ahalguztidunak liburua hondoratu zidan, esanez liburu horrekin agerian geratu zela deus esateko ez zuen idazlea nintzela. Gizon horrek aurten galdetu zuen ea zer gertatu den nirekin. Eman zituen kolpeak ahantzi dituela dirudi.
Nobela, poesia, egunkariak... ez dizu ezerk ihes egin.
Baina ez naiz ona gauza guzietan.
Idazkera ironikoa eta mingotsa darabilzu. Irakurleari zuzenago eragitea da helburua?
Berez ez dut nahita egiten irakurleari zirrara eragiteko. Egoera animiko batek eragiten duen tonua da. Igandeetan idazten ditudan artikulu politikoak beti dira sumindura egoeran idatziak, eta hori prosan antzematen da. El Botín nobela, kasurako. Ezin dut hori modu objektibo, lasai eta barean idatzi, afera horrek bete-betean jotzen zaitu. Beste batzuen minarekin idazten ari zara, baina benetako mina, aurpegiak eta izen-abizenak dituena. Gertalekuak bizi zaren tokikoak dira.
Idaztea barnean duzuna azaleratzeko bidea da?
Behar bat da. Esateko dudan irrika hitzez adierazteko beharra da, idatziz kasu honetan. Baretzeko idazten dut, hainbat minetarako idazkera tigre baltsamoa bezalakoa da. Baina minik handiena, neurokirurgialariarenean. Idazkera oso sakralizaturik eta mitifikaturik dago. Bai, irakurlearekin konplizitatea bilatzen duzu, partekatu nahi duzu, horrek bizitza atseginago egiten du. Hainbeste dira egiten ari zaizkigun zerrikeriak, idazten duzun edozer gauza partekatzen ahal duzu.
Esan ezin denari buruz idatzi behar dela esan ohi duzu.
Denak baditu mugak.
Zein muga?
Elkarbizitza. Ez dut nik esaten, Thomas Bergerrek dio. Nik esaten badut egurra emanen didate, baina hark esaten badu... Eta elkarbizitzaz gainera, asko pentsatu behar da norberaren osotasun fisikoan. Ez diezazutela burua hautsi [irri egin du].
Zergatik utzi zenuen abokatutza? Justizia hobeki egin liteke beste toki batzuetan?
Ez, ez, ez. Justiziak eta abokatutzak ez dute deus ikustekorik.Ezta justiziak eta justizia administrazioak ere. Justizia auziak irabazi edo galtzearen araberakoa da. Ez zen nire neurriko lana, eta ikusi nuen idazle amateur bat bihurtzen ahal nintzela. Ez dut hori mespretxatzen, baina ez zen nik nahi nuena.
Iruñea askotan agertzen da zure liburuetan, baina urruti nahiago. Zer harreman duzu harekin?
Idazteko gertaleku txarra da. Iruñea, literatura aldetik, kontu txarra da; dagoeneko ez dit deus inspiratzen. Hiria, berez, ez da deus. Topo egiten duzun jendea da. Hiria biztanleek egiten dute.
Pertsonak dira garrantzitsuenak. Hala da bidaiak egiten dituzunean ere, ezta? Zerk erakartzen zaitu?
Beste tradizio batzuk ikustea, tradizio pertsonalak, transformazioak, bizi esperientzia ezberdinak, errealitatea ikusteko gisa ezberdinak, pertsona humano gisa batzen gaituzten hariak zein diren aurkitzea... Beste pertsona batzuen bizitza partekatzea. Nik hori biziago sentitu dut Bolivian.
Bolivia maite duzu.
Oraintxe joanen nintzateke.
Zer dago, bada?
Oso lagun onak. Oso harreman pertsonal onak. [Atseden hartu du]. Hiri eta giro politiko ezberdinetan ongi hartua, baloratua eta maitatua sentitu naiz.
Iruñean boliviar anitz daude, baina ez dakigu deus haietaz.
Hitzik ere ez dakigu. Historia oso aberatsa duen herrialdea da, eta oso historia gogorra. Hainbat herriz osatutako herria da, hainbeste etnia elkarrekin. Arrazismo arazo handia dute han haien artean, etnia nagusiak eta menpeko etniak daude. Zale amorratua naiz. Orain La Pazi buruzko liburu bat idazten ari naiz, gauzak gogoratzeko ahaleginaren fruitu. [Altxatu da, eta hiru orri multzo mardul erakutsi ditu]. Bi liburu.
Lehenbiziko bidaia horretan bahitu egin zintuzten.
Hainbat aldiz saiatu zaizkit jazartzen. Bat oso dibertigarria izan zen. Orain dela bi urte, inauterietako asteartean. Tipo batek gelditu egin ninduen: «Polizia». Berarekin joateko, bost izarreko Radison hoteletik ordaindu gabe joan nintzela. «Zoaz pikutara!», eta listua bota nion nahi gabe. «Segi aurrera, jauna», esan zidan. Lehenbiziko aldian bai, izugarrizko ikara, horretan noski erori nintzela. Auto batean sartu ninduten, eta La Pazetik atera. Zorionez, soilik lapurtu egin zidaten. Tipo hori hiltzailea zen. Bi austriar eta espainiar bat hil zituen lapurretagile talde bat zuen.
Azken boladan memoria historikoari erruz heldu diozu. Zure aletxoa jarri duzu.
Aletxo bat baizik ez da. Ez dut uste hemen gertatutakoa erreparatu daitekeenik. Justizia ere hitz polita da, baina nola gauzatzen da hori? Egiarena memoriari loturik egingarriagoa da. Adibidez, Iruñeko Udalaren kereila oso ongi iduritu zait. Gutxienik, memoria bizirik mantenduko da. Liburu horiek memoria, justizia eta ordaina lortzeko ahaleginean lagundu dezakete? Oso ongi. Baina ez dira ez onenak, ez bakarrak. [Espainiako] Estatu osoan ehunka liburu atera dira, eta horiek dira tokian tokiko eskarmentua.
Molaren eskarmentua bizirik dago egungo politikan?
Jarraitzen duena da irabazleen nagusikeria. Hauteskundeak irabaztea gerra irabaztea bezala dela uste duten pertsonak daude. Eta galtzen dutenak gerrako galtzaile gisa hartzen dituzte. Jarrera politikoak baino gehiago, lubakiak daude, eta bestea txikitzeko gogoa. Hori da hemen ikusi duguna azken 40 urteetan. Azken lau urteetan honek zoroetxea zirudien. Frankistak dira goitik behera. Ez dira frankista soziologikoak, kontzientzia frankistak baizik. Haien moduak autoritarioak dira, eta orain datorrena beldurgarria da. Polizia erregimen batean gaude! Frankismoak hori egin zuen, gehiegikeriak justifikatzeko aparatu legala sortu. [Doinua igo du] Berotzen hasi naiz, jada!
El Botín liburuarekin bukatu duzu lana, eta hor lapurren abizenak ageri dira. Justizia egitea zaila, ezta?
Ezinezkoa. Dudarik gabe, hemen jende batek ongizate ekonomikoa badu, kolpe militarraren babesean egindako gehiegikeriengatik izan da. Ez dezatela esan kalte-ordainik izan denik, estatuko aurrekontu orokorretatik atera bada, esan nahi du biktimek beraiek ordaindu dietela haien buruei.
Askotan esan zenuen Nafarroan aldaketa izateko alderdiek batu egin behar zutela. Azkenean, aldaketa posible izan da. Zer iritzi daukazu?
Ni etsita nago batez ere kulturan eta argitalpenetan egin dutenarekin. Ez dira ausartak izan, eta hanka sartu dutela uste dut.
Zein dira hutsegiteak?
Adibidez, UPNtik datorren eta UPNren politika egiten ibili diren pertsonak karguetatik ez kentzea. UPNren aurpegirik makurrena, gainera. Ez dut ikusten adiskideen —edo kulturaren mafiosoen— pastel hori apurtzeko asmorik. Ongi iduritzen zait hauteskundeak irabaztea, baina lorpenak etortzeke daude.
Kulturari ez zaiolako behar besteko garrantzirik ematen?
Gutxi ematen zaio, bai, baina, tira, berdin du.
Miguel Sanchez Ostiz. Idazlea
«Iruñea, literatura aldetik, kontu txarra da; dagoeneko ez dit deus inspiratzen»
Nobela, poesia, egunkariak, bidaia kronikak, saiakera... bibliografia zabala du Miguel Sanchez Ostizek, 60 titulutik gorakoa. Aurten bi liburu kaleratu ditu, eta memoria historikoaren gaiari gogotsu heldu dio. Hainbat sari ere jaso ditu iruindarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu