Musika, txistuak eta txaloak. Gero, krabelin gorri eta zuriak, banan-banan. Ekitaldia egin dute Iruñean, German Rodriguezen oroigarriaren inguruan, 1978ko uztailaren 8an gertatutakoa gogoratu, German Rodriguez bera omendu eta «egia, justizia eta ordaina» eskatzeko. Omenaldiaren antolatzaileek nabarmendu dute hori lortzeko auzi horri buruz sekretupean dauden artxiboak azaleratu behar direla. Aurten, memoria historikoari lotutako beste hamasei elkartek babestu dute ekitaldia; hala nola Memoriaren Autobusa, Altsasu Memoria, Euskal Memoria, Maravillas Lamberto eta Ahaztuak 1936-1939 elkarteen babesa izan dute.
Jende pilaketarik ez egoteko, goizean goizetik poliki-poliki loreak eskegitzeko aukera izan du jendeak. Batzuk, zuriz eta gorriz jantzita; beste batzuk, ez, baina denak helburu berarekin. Ekitaldiari hasiera eman baino lehen bozgorailuetatik argi entzun zitekeen: «Distantziak mantendu eta tokiak probestu behar ditugu». 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak urtero ekitaldia antolatzen du Orreaga etorbideko hilarriaren aurrean. Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoari buruzko legearen aurreproiektu berria aurkeztu du, eta hori izan da aurtengo ekitaldiaren abiapuntua. «Demokrazia eta askatasunaren alde borrokatu zirenen memoria mindu eta ezkutatua berreskuratu gabe, duindu gabe, eta hari justizia egin gabe segitzen dute oraindik», esan du Josu Txueka historialariak, elkartearen izenean.
Bakoitzak bere erara omendu du Rodriguez: kantuan, dantzan edota irrintziak botaz. Bi dantzarik aurreskua dantzatu dute txistularien laguntzaz hilarriaren aurrean, eta txalo artean jaso dituzte. Ostean, bertso sortari eman diote txanda: «Errelato bat eraiki dute, bakarra eta lineala. Egin nahi dute hilketa jazo ez balitz bezala», kantatu du Ainara Ieregi bertsolariak. German Rodriguez eta Joseba Barandiaran gogora ekarriz amaitu du bertsoa: «Krabelin gorri bat bihotzean, guk gogoan zaituztegu».
Sekretupeko artxiboak
Giza eskubideen nazioarteko erakundeek Espainiari egin dizkioten ohartarazpenak «goitik behera betetzea» eskatu zuen elkarteak: hala nola Sekretu Ofizialei Buruzko legea aldatzea eta indargabetzea. Horrekin batera, bertan dauden artxiboetara sartzea bermatzeko exijitu dute, egia eskuratzeko «oinarrizko urratsa» delako. Horrez gain, besteak beste, amnistiari buruzko 1977ko legea indargabetzeko ere eskatu dute.
Tarteka, jendearen oihuak entzun dira ekitaldian: «Herriak ez du barkatuko». Baita poliziaren kontrako protestak ere: «Polizia, hiltzailea». Mentxu Belaskok, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko kideak, Navarra Suma alderdiaren udal gobernuak afera horretan duen jarrera jarri du erdigunean: «Ahanzturaren beneta- ko antolatzaile gisa aritzen dira». Horrekin batera, esan du borrokan jarraituko dutela «justizia» eta «erreparazioa» lortu arte, eta «etorkizuna eta oraina» ezin direla «zigorgabetasunean» oinarritzen den «iraganaren gainean» eraiki.
COVID-19aren ondorioz, segurtasun tarteak zainduz egin behar izan dute ekitaldia, baina ez da beti erraza izan distantzia mantentzea: «Mesedez, distantzia mantendu; niri ez zait inporta, baina hobe distantzia mantentzen badugu».
Ekitaldia bukatutakoan, parte hartu duten askok kantuari ekin diote. Eusko gudariak abestu dute lehenbizi; Internazionala gero. Maskarek estaltzen dituzte ahoak; ez, ordea, tristuraz jositako begiradak. Txalo artean amaitu dute ekitaldia, «German, Joseba, gogoan zaituztegu» oihukatuz. Jendea sakabanatu egin da, baina batzuk dantzan jarraitu dute Jarauta 69 txarangaren doinuekin.
Sanferminik ez Iruñean
Iruñea krabelin gorriz josi da
Espainiako Poliziak German Rodriguez tiroz hil zuenetik 43 urtera, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak «egia, justizia eta ordaina» eskatu du. Egia lortzeko, sekretupean dauden artxiboak azaleratzeko ere exijitu dute. Aurten, memoria historikoari lotutako hamasei elkarteren babesa izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu