Irune Lasa BERRIAko kazetariak Eurobasque 2020 saria jaso du

Nekazaritza Politika Bateratuaren inguruko artikulu bategatik eman diote saria kazetariari

Irune Lasa BERRIAko kazetaria —erdian—, atzo, Eurobasque saria jasotzen, Eusko Legebiltzarrean. JAZKI FONTANEDA / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Eurobasque Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren kazetaritza saria jaso zuen atzo Irune Lasa BERRIAko kazetariak. Gasteizen egin zuten ekitaldia, Eusko Legebiltzarrean.

Lasak 2020ko azaroaren 8an idatzitako Gurinezko mendien Europa hura artikulua saritu du kontseiluak; lan horretan, Nekazaritza Politika Bateratuak Europako Batasunean izan duen garrantzia landu zuen kazetariak.

Prentsa idatziaren modalitatean saritu dute Lasa —hamahirugarren urtez eman dituzte sariak—. Eurobasquek adierazi duenez, BERRIAko artikulu horrek Europa nekazaritza sektorean integratzearen garrantzia lantzen du, eta azpimarra egiten du Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma dela-eta duen erronkan. Epaimahaiak nabarmendu du gaia estrategikoa dela Euskal Herriko lehen sektorearentzat. «Landa munduak kultura aldetik askotarikoa eta ingurumenaren aldetik jasangarria den Batasunari egindako ekarpena azpimarratzen da, bai eta Europako paisaiak mantendu eta zaintzeari egindako ekarpena ere», gaineratu du epaimahaiak.

Lasak, saria jaso berritan, zera adierazi zuen: «BERRIAn Europako gaiekin egiten dugun lana saritu dute. Ez dugu beti asmatuko. Eta egia da herritar askori urrun gelditzen zaizkiola gai horiek, baina, jakinda zer eragiten duten, saiatzen gara herritarrak ahalik eta ondoena informatzen». BERRIAko Ekonomia saileko kazetariak aitortu du gizartean ezagutza falta dagoela Europaren inguruan. «Egitateak eta ideiak kontu konplexuak dira. Konplexutasun hori irakurgarri egitea da gure helburua». Gogoratu du erreportaje batzuk egiten ari zela Europako Batasunaren urteurrenaren harira, eta elkarrizketatu batek erantzun ziola ezer onik ez ziola ikusten Europako Batasunari. «Baina, hala eta guztiz ere, Europako proiektuan ikusten zuen bere burua». Europaren Eguna izan zen herenegun, eta data horren bueltan egiten dute ekitaldia.

Esker hitz sentituak egin zituen Lasak: aita zenarentzat —«langile xumea izan zen, gazte hildakoa, eta gaur harro egongo zen»—; amarentzat —«makina bat lan egindakoa», eta ekitaldiko entzuleen artean zen; eta Edorta bikotekidearentzat —«sostengu eta akuilu delako»—. Hitz sentituak egin zituen Lasak euskarazko prentsan lanean ari diren kazetari guztientzat ere. «Euskaraz ari direnentzat, lanbide hau malkarragoa da. Eta saria eskaini nahi diet prentsan euskaraz lan egiten duten kazetari xume guztiei».

EHUko Leioako campusean (Bizkaia) egin zituen Lasak kazetaritza ikasketak. Euskaldunon Egunkaria-n aritu zen kazetari, eta, gero, 2003. urtetik hona, BERRIAn aritu da.

Lasaren artikulu saritua argitaratu zen egunean, BERRIAk Europako nekazaritza politiken gaia sakon landu zuen: Ekhi ErremundegikMiren Harinordoki laboraria elkarrizketatu zuen, eta Jokin Sagarzazuk, Fermin Gorraiz abeltzain eta nekazaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.