Erraldoien ordez euritakoak atera ziren dantzatzera. Euri tantak izan ziren dantzari berri horien soinu banda, eta arkupeak babesleku bihurtu ziren iruindarrentzat. Halakoren batean eguraldia aldatuko zelakoan, Iruñeko Udalak antolatutako programa beteko zelakoan, herritarrek zerurantz begiratzen zuten, euria geldiarazi nahian. Hala ere, ospakizuna ur putzuen artean egitea erabaki zuten. San Saturnino eguna ospatu zuten atzo, Iruñeko patroiarena, eta arkupeetan kantuak nagusitu ziren.
Ez zen posible izan. Erraldoiak gordeta geratu ziren, uztailera arte behintzat, iruindarren jantzi zuri-gorriak bezala. Haur batek Toko-Toko erraldoiaren panpina zeraman eskuan Francisco Seminario pasabidean sartu zenean: «Erraldoiak ikusi nahi zituen, batez ere Toko-Toko», esan zuen haren aita Jose Luis Belaskok. Hala ere, pasabidean bertan, Belaskoren semeak entretenimendua aurkitu zuen. Sanferminetako kaleetan ohikoak diren abestiak zabaldu ziren Seminario pasabidearen barnean, eskaileretan igota zeuden musikariei esker. Done Saturdi patroiaren omenezko prozesioa ezin izan da egin azken hiru urteetan; beraz, herritarrak adituak dira ordezko ospakizun bat antolatzen.
Korridore estu eta luzea jendez bete zen berehala; gehienak helduak, musikariak beren ahotsekin gainditzen zituztenak. Umeek zur eta lur begiratzen zieten gurasoei, abesti guztiak ezagutzen zituztelako. Are gehiago txunditu ziren handik igaro ziren turista alemanak: aurpegian argi ikusten zitzaien ez zutela guztiz ulertzen kaleko giroa.
Euritakoa eskuan atera ziren batzuk San Zernin elizatik, berokia berriro jartzen zuten bitartean itzuliz kale hezera. Arkupean babesturik, Duguna taldeko dantzariak zeuden, sudurra gorriturik eta etengabe mugitzen, berotu nahian. Bat-batean, isiltasuna eskatu zuen zuzendariak, eta gauza bakarra entzuten zen: euri tantak lurzoruan. Enrique Maia alkatea elizatik ateratzean, txistu egin zioten balkoietatik. Udaletxeko bidea hartu zuen.
Kalean gora
Meza kontuetatik urruti, akordeoiek bete zuten Gazteluko plaza. Ikusi mendizaleak kanta abestu zuten plazan bildutako taldean, erdian kokatu zen gizonaren zuzendaritzari jarraituz. Orkestra zuzendaria balitz bezala, makila zuri eta gorri batekin gidatu zituen abeslariak.
Hasieran, zirimiria egiten zuen, eta ausartenak aterperik gabe kantatzen hasi ziren. Baina, berehala, aterpean lekua lortzeko borroka hasi zen. Aterpean sartu ziren horietako bat Bego Gartzia zen. Kantuz kantu liburuxkan abestien hitzak irakurtzen ari zen: «Oraindik ez dut euskaraz ongi hitz egiten, baina abesti hauek entzutea gustatzen zait». Kalean gora kalean behera abestia hasi bezain pronto, Gartziak liburuxka gorde, eta, besteekin batera, arkupetik gora eta behera ozenki abestu zuen: «Abesti horren letra nahiko erraza da», esan zuen emakumeak, irribarre zabal batekin, abestia amaitzerakoan.
Azkenean ez zuen atertu, eta herritarrak kaleetan zehar ibili ziren putzu batetik bestera plisti-plasta. Euria ez zen gelditu, eta kantuak ere ez zuen etenik. Izan zen eguraldiari aurre egiteko beste modurik ere. Carlos Ezkurrakeuritakoa gorde zuen, txapela kendu, eta taberna batean sartu zen: «Eguraldi txarrari aurre egiteko, onena, pintxo bat hartzea».
ATZEKOZ AURRERA
Iruindarren euritakoak dantzan
Iruñean San Saturnino eguna ospatu dute, aterkien azpian. Erraldoirik eta prozesiorik gabeko hirugarren urtea izan da herritarrentzat, baina euriaren azpian kantuan jarraitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu