Iruindarrek hurrengo urtera arte agurtu dituzte sanferminak

Gaurko balantze ofizialaren esperoan, Joseba Asiron alkateak balantze positiboa egin du, eta nabarmendu du salatu diren sexu eraso guztietan atxilotu dutela norbait. Jendetza bildu da Billabesaren entzierroan ere.

Milaka lagunek bete dute Iruñeko udaletxeko plaza gauerdian, 'Gaixoa ni' abesteko. JESUS DIGES / EFE
Milaka lagunek bete dute Iruñeko udaletxeko plaza gauerdian, 'Gaixoa ni' abesteko. JESUS DIGES / EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Amaiur Asurmendi
2024ko uztailaren 15a
09:15
Entzun

Milaka pertsona elkartu dira gauerdian Iruñeko udaletxeko plazan, aurtengo sanferminak agurtzeko. Gaixoa ni abestu, eta hurrengo urteko jaietarako gutxiago falta dela gogoratu dute. Aurtengo ekitaldian, berritasun gisara, txupinazoa botatzeko hautagai izan ziren elkarteak izan dira udaletxeko balkoian: Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitalea, Fraile Anaiak gaiteroak, Nafarroako Emakume Desgaituen Elkartea eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa. Horiekin batera izan dira Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko ordezkariak eta Marivi Esparza Mugeta, entzierroan San Ferminen irudia egoten den txokoa apaintzen duena, nahiz eta ez zuten Sanferminetako Mahaiaren galbahea pasatu. Duguna dantza taldeko ordezkariak ere ez dira falta izan.

Udaletxeko plaza bete egin da, eta gauerdian han bildutakoek erantzi egin dute zapi gorria. Horiek eskuekin altxatu, eta kandelak piztuta abestu dute Gaixoa ni. Gauerdi txaranga izan da plazan, eta sanferminen atzerako kontaketaren abestia ere kantatu dute: 1 de enero.

Udaletxearen barrualdean, Joseba Asironek aurtengo jaien balorazioa egin du, gaurko balorazio ofizialaren esperoan. Esan du jaiak «positiboak» izan direla, eta «giro ona» egon dela. Nabarmendu du jai herrikoiak eta parte hartzaileak izan direla, eta herritarrek berriro aukeratu ahal izan dutela nork bota behar zuen txupinazoa. Iaz baino %20 salaketa gutxiago egon direla ere esan du, eta atxiloketak %25 gehitu direla, gehienbat lapurretengatik. «Asko dugu hobetzeko. Esate baterako, eraso sexisten kasuan. Gertatzen dira, eta hori albiste txarra da. Kasu guztietan atxiloketak egon dira, eta hori da albiste ona. Iruñea hiri segurua da, eta, sexu erasoetan, egiten duenak ordaindu egiten du», gaineratu du.

Uztailaren 7ko prozesioaz, adierazi du aurtengoa aurreko bi urteetakoa baino nabarmen hobea izan dela, eta, zer hobetu dagoela aitortu arren, norabide onean ari direla lanean. Aurtengo entzierroetan 38 lagun eraman dituzte ospitalera, eta bi adarkatu izan dira. Iaz 44 izan ziren ospitaleratuak, eta hiru adarkatuak.

Indurain eta abestiak

Sanferminen amaiera ofiziala atzo izanagatik, gaur goizean ehunka lagun elkartu dira Billabesaren entzierroan. Azkeneko entzierro bat egin dute festazale askok, festen bukaerak eragindako nostalgia puntu hori ahalik eta gehien atzeratzeko asmoz. Gaurkoan, Poliziak ez du oztopatu gaupasa egin dutenen parte hartzea. Festa giroan murgildutako jendetza izan da protagonista, Txoria txori, Ikusi mendizaleak eta Vicente Fernandezen El Rey kantuak errezitatuz.

Entzierro informal horrek gainontzeko zortziak osatu ditu. Hala ere, giroa guztiz desberdina izan da, nahaspila eta kaosa nagusitu baitira. Entzierro tradizionalen moduan zortzietan zen hastekoa; 11 minutuko atzerapenarekin abiatu da, ordea, suziri batek emandako sarreraren ostean. Miguel Indurainez mozorrotutako lagun batek egin ditu zezen lanak.

Korrikaldia mantxoa izan da, lo gutxi egindako jendetzak oso zaila egin baitu, tarteka, aurrera egitea. Gainera, hainbat erorketa izan dira bidean, oraingo honetan alkoholaren albo ondorioek eraginda, eta ez zezenek. Azkenean, bederatzi minutu iraun ditu entzierroak, ohikoek baino dezente gehiago.

Askoren atsekaberako, zezen plazara iristean, itxita aurkitu dute. Hala ere, etsipenak alde batera utzita eta betiko tradizioei ohore eginez, ateak gogoz jo dituzte parte hartzaileek, eta zorionez, irribarrez, baita nekez ere, abestu eta oihukatu dituzte Iruñeako festetan ezinbestekoak diren doinuak. Hala eman zaie behin betiko amaiera 2024ko sanferminei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.