Navarrorum, euskararen gaineko nafartar dokumentuak, bi mila urteko ondarea izeneko erakusketa kari, hitzaldi zikloa antolatu dute Irisarri Ospitalean (Nafarroa Beherea). Celine Mounole (Larresoro, Lapurdi, 1981) filologo, irakasle, ikerlari eta euskaltzain urgazleak eskaini du lehen mintzaldia: Euskararen historia: lehen lekukotasunetarik XX. mendea arte.
Irisarriko hitzaldia nola joan da?
Izugarri ongi! Sentitu dut bazela jakin-min handia. Bada beharra unibertsitatetik ilki eta zertan ari garen erakusteko. Euskal gizarteari ez zaio eman parada hizkuntzaren eta herriaren historia ezagutzeko.
Erroak ebaki dizkiote.
Dena lotua da Iparraldean euskarak duen estatusari. Herriak ez du bere historiaren kontzientziarik, ez baitzaio erakusten. Euskararen erabilera bultzatzeko indarra egiten bada ere, ez da heldu estatus handi batera: etxekoa eta eskolakoa gelditu da. Beraz, ez da beste hizkuntzen mailan. Hizkuntza gaitzen entseatu diren autoreen ezagutzarik eza dago, eta penagarria da, preseski, Iparraldean izan baita tradizio handia. Are, Hegoaldean hobeki ezagutzen dituzte Iparraldekoek beraiek baino. Egoerak gaitu horretara eraman.
Idazte tradizio hori nondik dator?
Akitaniako idazkunetatik abiatu eta Erdi Aroko lekukotasunetaraino, euskara guztia zeharka agertzen da: latina edo erromantzearekin tartekaturiko euskal erroko toponimo eta antroponimoak dira; hitzak eta sintagmak. XV-XVI. mendeetan hasi zen euskaraz nahita idazten: bidaiarien hiztegi ttipiak, konparazione, Aymeric Picaudena: ogia, arrain, ardo... XVI. mendetik goiti, hizkuntza literario bat sortzeko kezka aski goiztiarra agertzen da: beste hizkuntzen maila berera heltzeko; ez zedin bakarrik etxeko hizkuntza izan, diglosia gainditzeko eta teknikak eta zientziaren beharretara egokitzeko hitzak sortuz.
Kezka horiek oraingoak dirudite.
Bada hari bat: [Manuel] Larramendiren iraultzaren proiektu kulturala ez zen ezdeusetik abiatu; bazuen klasikoen berri: [Joanes] Leizarraga, Axular, [Joanes] Etxeberri... XX. mendeko idazleek ere segitu zuten bilatzen hizkuntza eredua, funtsean, euskara batua arte: Arestik eta Azkuek, konparazione. Landareak egiazki hartu zuen euskara batuaren garaian, baina ez da erran behar lehenagotik entsegu eta asmorik izan ez denik. Orain ere berdin jarraitzen dugu: idazten ari garen gramatika berrirako klasikoei so gaude, nora buruz joan jakiteko.
Nafar-lapurtera klasikoa bizi da?
Eskualduna kazetarekin hasi zen ontzen, Iparralde osorako idazten baitzuten. Hala, eredu bat sortu zuten aski naturalki, zeina belaunaldi oso batek landu baitzuen: [Jean] Barbier, [Jean] Hiriart-Urruti, [Jean] Etxepare... Geroago, [Piarres] Lafittek gramatika bat finkatu zuen hortik. Erran behar da iraun duela elizari esker, oraino ere sentitzen da. Izan ere, maila jasoa garatzeko gune bakarra Iparraldean eliza izan da. Euskara dotore horrek iraun du apezek iraun duteno, logikoa da orain galzorian egotea. Iruditzen zait euskal hiztunak galduak direla; idazte eredurik gabe. Iparraldeko jende askorentzat, euskaraz ongi idaztea Gipuzkoako ereduan idaztea da. Heldu gara une batera non Barbier, Etxepare Aldudekoa eta Hiriart-Urrutiren testuak lantzen ditugularik ikasleek ez dituzten ulertzen. Kalitatea bermatzen zuten, eta, eredu emaile ziren aktore horiek desagertzearekin, oraingo Iparraldeko hiztunak galdurik dira, eta eredurik gabe.
Zer egin daiteke?
Unea da Iparraldean eragile guziak bil gaitezen irizpideak eta kalitatearen bermeak finkatzeko. Kalitatea bera lotua da hizkuntzaren estatusari. Bada, dauden behar handiei erantzuteko, eta jende kualifikatu eskasiaren aitzinean, ez da ezartzen kalitate bermerik: euskara irakasteko ez da C1 eskatzen! Alta, horrek epe luzera sekulako desmasiak ekarriko ditu, gizartean maila apaleko euskara hedatzen baita. Beharraren izenean eskura ditugunak hartuz gero, ondotik formatu behar dira, Hegoaldean bezala. Baina inbertsio handia eskatzen du.
Unibertsitateak ote du zer egin?
Funtsezko rola du: euskal ikasketetako lizentziak ikasleei eman behar die hizkuntza, herria eta kulturaren ezagutza ona. Berak ditu sortu behar biharko euskal gizartearen aktoreak: irakasle, kultur eragile, idazle, itzultzaile, teknikari...
Kantitatea ez bide da kalitatea.
Hiztunak irabazi ditugu, eta beharrezkoa zen, baina kalitateari behatzea izugarri premiazkoa da. Hala, IparraldekoHitza-k lantzen duen bidea eredugarria egiten zait.
Zer dakarte klasikoek?
Zehaztasuna eta adierazkortasuna espresioetan. Hiriart-Urruti edo Etxepare irakurtzea batua irakurtzea da; morfologia eta aditz batzuk aldatu, eta kito. Idatzia zuten landu, horregatik dira eredu.
ATZEKOZ AURRERA. Celine Mounole. Filologo, irakasle, ikertzaile eta euskaltzaina
«Iruditzen zait euskal hiztunak galduak direla; idazte eredurik gabe»
Euskara batuak 50 urte betetzen dituen honetan, Iparraldeak duen idazte ereduaren tradizioa berreskuratzea aldarrikatzen du, oraingo euskaldunak umezurtz ikusten baititu Mounolek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu