Emakumeen sexualitatea izango du hizpide Iruñeko Emakumeen Etxeak antolatutako laborategiak. Plazera, maitasuna, genitalak eta beste hainbat gai landuko dituzte tailerrean, bost egunez. Amaia Barrena sexologoaren (Iruñea, 1988) esanetan, aurrerapausoak eman badira ere, sexualitatearen normalizazioari dagokionez «asko geratzen da egiteko». Barrenak gidatuko du laborategia; euskaraz izanen da, eta urtarrilaren 14an hasiko da. [email protected] helbidearen bitartez edo 948-11 02 30 zenbakira deituz eman daiteke izena.
Sexualitatea tabua da oraindik?
Bai. Egia da gauza askotan aurrera egin dugula, baina nahiko azalean. Agian sexualitatearen inguruan gehiagotan hitz egiten dugu, baina sakontzen badugu ikusten dugu moralitatea, beldurrak eta lotsak oso presente ditugula. Iruditeria konkretu bat dago oraindik ere, oso patriarkala eta heterosexuala dena.
Iruditeria hori baztertzeko sortu duzue laborategia?
Gure asmoa da honen inguruan hitz egiteko, jolasteko eta elkarren bizipenei buruz aritzeko eremu bat sortzea. Alde batetik, norberak barruan duenaz ohartarazteko, eta, bestetik, norabide berriak irekitzen hasteko.
Zein adinetako jendearentzat dago pentsatua?
Adin nagusiko emakume ororentzat. Nahi duenak parte har dezake, eta doakoa da. Adin ezberdinetako jendea egotea oso aberasgarria da guretzat, sexualitatea ez delako gauza bera 18 urterekin, 30 urterekin edo 80 urterekin. Sexualitatea bizitza osoan zehar baitaukagu.
«Sexualitatearen inguruan gehiago hitz egiten da, baina moralitatea, lotsak eta beldurrak oso presente daude oraindik ere»
Orain neska gazteek desberdin bizi al dute sexualitatea?
Orain erreferente gehiago ditugu, eta etxean gehiago hitz egiten da. Hala ere, sexu heziketa nahiko urria da oraindik ere. Zenbait etxetan hitz egitea eta ikastetxeetan ordu gutxiko tailerrak egitea ez da nahikoa. Sexualitatea ez da puntualki landu behar den zerbait: egunero landu behar da. Uste dugun baino gutxiago aldatu dira gauzak.
«Inposatzen diren sinesmenen inguruan» arituko zarete. Zeintzuk dira sinesmen horiek?
Asko dira. Plazeraren inguruan dugun iruditeria, adibidez. Emakume garen heinean zer dagoen onartuta eta zer ez, edo guk geure buruari zein aukera ematen dizkiogun. Genitalen inguruan ere hitz egingo dugu, genitalekiko dugun harremanaren inguruan. Baina ez bakarrik aluaren inguruan, emakumeok oso genital askotarikoak ditugulako. Maitasunaren gaia ere landuko dugu: maitasun erromantikoaren mitoaz mintzatuko gara eta nork bere burua maitatzeko tresnak proposatuko ditugu.
Bost eguneko tailerra da. Nola banatuko duzue?
Lehenengoa sarrera moduko bat izango da: zer dakigun sexualitatearen inguruan, zer sorrarazten digun, eta horren inguruan dugun ideia zabaldu. Plazera landuko dugu gero. Zer den plazera, baina, batez ere, zer den niretzat plazera. Badago plazeraren irudi orokor bat, baina niretzat zer da? Eta nola jarduten dut nik horren inguruan? Genitalen gaia ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu; nahiz eta gorputza askoz ere zabalagoa den, emakumeok genitalekin dugun harremana lantzea interesgarria iruditzen zaigu. Laugarren saioa maitasunaren ingurukoa izango da. Maitasun erromantikoaren inguruan eta norberak bere buruarekiko maitasunaren inguruan mintzatuko gara. Azkeneko saioa landu dugun guztia borobiltzeko eta ixteko izango da, eta bide berriak proposatuko ditugu. Saioak arinak egiten ahaleginduko gara, jolasen bitartez, batez ere.
Zeintzuk dira jolas horiek?
Gorputza izango da gure garraiobidea. Dinamika ezberdinak izango ditugu: batzuk jolas moduan, umorea sartzeko; beste batzuk musikarekin, mugimenduaren bitartez tentsioa askatzeko; beste batzuk lasaiago, hausnartzeko... Helburua da sortzen diren emozioak modu erosoenean eta dibertigarrienean zeharkatzeko bide bat proposatzea.
Maitasuna ere izango duzue eztabaidagai. Zuzenean loturik daude sexua eta maitasuna?
Beste pertsonekin egiten ditugun gauza guztietan, sexuan edo erotikan, maitasuna beharrezkoa da. Maitasuna honela ulertuta: bestearenganako errespetua eta norbere buruarekiko errespetua bezala. Maitasunaren ideia erromantikoa baztertu behar dugu, baina, maitasuna baldin bada bihotz onez jokatzea, sexuak edo edozein harreman erotikok maitasunaren beharra dauka.
Zer bide berri proposatuko dituzue?
Bideak norberak erabakitzen ditu. Gure proposamena da dinamiken bitartez norberak jarduten duen moduaren inguruan kontzientzia hartzea, nahi izatekotan bide berriak eratzeko. Baina bakoitzarentzat desberdinak izango dira. Gu laguntzeko eta aholkuak emateko egongo gara.
LOTSABAKO
Pelikula bat? Creature. Hausnarketa polita egiten du emakumeen sexualitatearen inguruan, bizitzako etapa guztiak zeharkatuz.
Liburu bat? Devenir Perra, Itziar Zigarena.