Donostiako Aste Nagusia

Irudimena eta eskuak dira Vinuesa plazako eskulangileen erremintak

Mota guztietako lanak ikus daitezke: egur lana, zeramika, larrugintza, txotxongiloak, miniaturazko harriak...

Carlos Irazu larrauldarrak egindako hainbat musika tresna eta altzari ikus daitezke Vinuesa plazaren aurrealdean. LANDER F. DE ARROYABE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herriko txoko hainbat txokotatik etorritako artisauen topagune bihurtu da egun hauetan Aita Vinuesa plaza (Perla aurrean dago). Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Elkarteak antolatzen du Aste Nagusiko Artisau Azoka, eta aurten 13. azoka dute. Hogei eskulangileren lanak ikus daitezke bertan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:30era. Haurrentzako jantzi eta jostailuak, larruz egindako osagarriak, bitxiak, miniaturazko harriak eta egurrezko figurak ikus daitezke, besteak beste. Horretaz gain, tailerrak eta kontzertuak ere antolatu dituzte, eta Pedro Castello artista bi eskultura egiten ikusteko aukera egon da. Gaur, esaterako, egurrezko jostailuen lantegia izango da, 18:00etatik 20:00etara.

Claudia Toledo portugaletetarra, Luis Coelho portugaldarra, Iñaki Gorostidi adunarra eta Carlos Irazu larrauldarra dira Aita Vinuesa plazan postua duten skulangileetako lau.

Claudia Toledo argentinarra da, baina Portugaleten bizi da.Clota Marionetas izena du bere postuak, eta txotxongiloak egiten ditu. 45 urte ditu, eta 22 daramatza artisautza munduan lan egiten. Urte horietan leku askotako azoketan parte hartu du, eta Donostian ere izan zen duela bederatzi urte, Parte Zaharrean egiten den Eguberriko azokan. Bere postuan, iratxoak, zuhaitzak, mantangorriak eta beste hainbat pertsonaiak bizia hartzen dute artistak jendeari txotxongiloak nola mugitu erakusten hasten denean. «Hasieran, mitologian oinarritzen nintzen txotxongiloak egiteko, eta, gero, fantasian. Ipuinetatik ateratzen ditut ideiak, eta nire diseinuak dira. Zuhaitzek begiak dituzte: natura, bizia duen oro zaindu egin behar dela adierazi nahi dut nire lanarekin. Portzelana hotza eta bestelako materialak ere lantzen ditut, antzerkiaren zerikusia duen oro gustuko dut».

Luis Coelho portugaldarra, berriz, urrutikoena da azokan, baina ez da Donostiara etortzen den lehen aldia. Claudia Toledoren antzera, bizitza guztia darama artisautzatik bizitzen, hamabost urte zituenetik, hain zuzen ere, eta nonahi ibiltzen da. «Donostiako azoka amaitu ondoren, adibidez, Almeriara joango naiz», adierazi du Coelhok. Historias de Minha Terra izena du bere postuak, eta zenbait kulturatako figurak ikus daitezke. «Gaztea nintzenean Afrikan bizi izan nintzen denboraldi batez, eta garai hartan ikusitakoa eta, oro har, burura etortzen zaidan edozer lantzen dut».

Salmentak, tantaka

Iñaki Gorostidi adunarra harri-jasotzailea zen lehen, eta duela 20 urtetik miniaturazko harriak egiten aritzen da emaztearekin, AdunakoApakintza baserrian. «Tantaka lortzen dugu harriak saltzea, eguberri inguruan izan ohi da saltzeko garai egokiena, San Tomas azokan, adibidez, dezente saltzen dugu», adierazi du Gorostidik. Euskal Herriko turismoa sustatzeko azoketan ere parte hartu izan du Gorostidik, Berlinen eta Italian, kasu, eta lehiaketetarako trofeoak ere egiten ditu. Bere postuan bada maiz jendearen arreta pizten duen harri bat: Sabemos castellano dio. «Euskaraz badakigu irakurtzera ohituak gaude beti, eta hori irakurrita, jende askok zoriondu egiten nau. Hunkitzen den jenderik ere bada, helduak, batik bat», esan du Gorostidik.

Postuez gain, egurrez egindako hainbat musika tresna eta altzari ikus daitezke plazaren aurrealdean. Carlos Irazu larrauldarrarenak dira. Irazuk ere urteak daramatza azokaz azoka, eta Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Elkarteak Aste Santutik Eguberriak bitartean Bretxan antolatzen duen azokan egoten da igandero. «Egurra eta pintura lantzen ditut, eta orain burdinarekin ere hasi naiz gauzak egiten. Baserriari lotutako irudiak egiten ditut, baita altzariak, erlojuak eta mahaiak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.