Ezarian. Legok 80 urte

Irudimena eraikitzen

Zortzi hamarkada igaro dira Ole Kirk Christiansenek Lego izeneko konpainia martxan jarri zuenetik. Ordutik, sorkuntza eta irudimena bultzatzen dituen jolasak gorabehera ugari izan ditu. Une gozoan daude orain.

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Izenetik bertatik datorkio izana. Edo hobe esanda, izateko nahi hori. Danierazko leg godt (ongi jokatu) hitzak elkartzetik sortzen baita Lego izena. Eta bertatik hasten da marketin kanpaina hori. Duela zortzi hamarkada jarri zion izen hori Ole Kirk Christiansenek sortu berri zuen enpresari, baina ongi jolasteko berak sortu zituen jostailuek zerikusi gutxi zeukaten gaur ezagutzen ditugunekin alderatuz gero. Egurrez egindako jostailuak egiten hasi baitzen igaro den mendeko 30eko hamarkadan. Baina ofizio horretara halabeharrez iritsi zen Christiansen, altzariak eta sabaiak egiteko bere enpresak hainbat sute jasan baitzituen, eta horien ondorioz, negozio eredua aldatu zuen. Haurrentzako jostailuak egitera igaro zen, kalitatezko jolasen bila. Eta hautu egokia egin zuela pentsa daiteke, ia mende bat geroago berak sortutako enpresak izan duen hedadurari begiratuz gero. Mundu osoan presente dago, eta jostailu enpresa handienen artean, seigarrena ere bada.

Baina arrakasta hori ez da iritsi Christiansenek hasieran egin zituen jostailuei esker. 1958. urtean Godtfred Christiansen Lego sortu zuen arotzaren semeak egurra plastikoagatik aldatu zuen, eta eginda zegoen jostailuaren ordez erabiltzaileari bere modura eraikitzeko aukera eskaini zion. Alegia, elkarren gainean egokitu eta sartzen diren piezak sortu zituen. Era horretan, norberak bere moduko jostailuak eraikitzen hasi zen, enpresak bultzatzen duen «jolastu eta ikasi» filosofiari jarraipena emanez. Eta jostailuak aukera handia ematen du horretarako. Zortzi finkatze puntu dituen sei adreiluren adibidea jar daiteke horretarako: 915 milioi konbinazio egin daitezke horiekin. 2010. urtean bertan 36.000 milioi pieza ekoitzi zituen konpainiak, horrek dakartzan aukerekin. Eta halako presentzia dauka munduan, Legoren panpinatxoek bakarrik 4.000 milioiko familia osatzen dutela.

Arrakasta bermatzen duten datuak dira horiek guztiak, baina konpainiak sortutako inperioa erortzeko zorian egon zen duela hamar urte. 90eko hamarkadaren amaierara arte, irabaziak izan zituen Danimarkako multinazionalak, baina orduan iraultza digitala iritsi zen. Bideo jokoek plastikozko adreilutxoei merkatua jan zieten, eta hori gutxi izango ez balitz, jaiotza tasak behera egin zuen Lego hedatua zegoen merkatuetan. 1998. urtean 35 milioi dolarreko (47 milioi euro) galerak izatera iritsi zen, konpainiaren krisiari ateak zabalduz. 1999. eta 2000. urteen artean, zenbaki horiek handitu egin ziren, eta 2004. urtean, porrotaren ertzean egon zen 250 milioi eurotik gora galdu zituenean. Lantegiak itxi zituzten, parke tematikoak saldu —lau denetara—, eta 2.000 langile kaleratu. Horien artean baita presidente exekutiboa ere. Jorgen Vig Knudstorp iritsi zen konpainiaren burura, eta berrikuntza errentagarrien beharra sumatu zuen. Hau da, produktu berriak ekoizten ziren, baina horiek ez ziren behar bezala iristen erabiltzaileengana. Eta hori aldatzean hasi zen berrindartzen.

Merkatu berriak urratzen

Ekoizpen kostuak murriztea lortu zuen konpainiak jolas bakoitzarentzako pieza kopurua mugatuta, eta jolasak ere sinplifikatu egin zituzten. Baina era berean, esparru gehiagotan sartu da Lego bera. Esaterako, ikus-entzunezkoen sektorean. Bideo jokoak egiten hasi zen, eta Max izeneko maskota ere atera zuen orduan. Eta bera protagonistatzat hartuta, hainbat telesail egin ditu konpainia daniarrak. Horrez gain, The Simpson-ek laster egingo duen 25. urteurreneko atalean, Lego piezekin eginiko une batzuk ere emango dituzte. Orain, gainera, The Lego movie (Lego pelikula) filma mundu osoko zinema aretoetan ematen ari dira. Eta badirudi oraingoz harrera beroa izan duela. Asteburu honetan bertan 13,4 milioi dolarreko (9,77 milioi euro) etekina lortu du Erresuma Batuan, eta 69,1 milioi dolarrekoa (50,4 milioi euro) AEBetan.

Baina negozio bide berria ez da ikus-entzunezkoetara mugatu bakarrik. Izatez, Legorekin eraiki eta bota daitezkeen eraikuntzak egiten baitira. Eta horretan ere berrikuntza ugari egin ditu. Esaterako, 1998. urtean Star Wars sailean oinarritutako lehen jostailuak egin zituzten. Orduan, ez zegoen argi behar bezalako apustua izan ote zen, baina gerora, Legoren produktu izarra bihurtu da. Horren ondoren iritsi dira Indiana Jones, The Hobbit, The Lord of Rings eta Ninja dortoka gazteen ekoizpenak, besteak beste. Horiek guztiak, konpainiaren ohiko panpinatxoen irudiak egokituz, eta produktu berriak sortuz.

Baina esparru horretan ere izan da aldaketarik. Orain arte Legoren erabiltzaileak haurrak izan dira, eta gehienak, mutilak. Bada, hor ere esparru zabalago batera iristeko ahalegina ere egin dute. Lego Friends atala sortu dute horrela, non, jolasak neskentzako bideratuago dauden, eta ohiko panpinatxoei itxura femeninoagoa ere eman dieten. Erabaki horrek hautsak harrotu ditu zenbait kolektiboren artean, generorik gabeko jostailua zenari jarri diotelako neskentzat den ildo berri bat.

Lehiarako tresna ere bada

Kontuak kontu, hazten jarraitzen duen jolas bat da adreilutxoz osatzen diren Legorena. Baina ez dute gaztetxoenen esparrura bakarrik mugatu nahi, ezta ikuspegi ludikora ere. Horretarako, hezkuntzan murgilduta dago. Berrikuntzan, batez ere. Lego Serious Play, Lego Academy, eta First Lego League (FLL), hain zuzen ere. Enpresei, irakasleei eta ikasleei bideratutako hiru alor dira, hurrenez hurren. Nazioarte mailako lehiaketak dira, eta horietatik Hego Euskal Herrian FLLn ehunka gaztek hartzen dute parte. «Gizadiarentzat erronka izango den arazo bati irtenbide bat eman behar diete ikasleek, eta horretarako lan egiten dute», azaldu du Estibaliz Leon Innobasqueko kide eta FLL Euskadiren antolatzaileak. Robotikan oinarritzen da lehiaketa, eta berrikuntzaren bidean egiten dute lan, «etorkizuneko ikerlariak hezteko». Aurten bertan, hondamendi naturalei buruzkoa egingo dute. «Uholde baten ondoren pertsonak erreskatatu behar dituztela, horrelakoerronkak jartzen zaizkie, esaterako».

9 eta 16 urte arteko haurrek hartzen dute parte, eta egun 500 ikasle inguruk hartu dute parte bertan. Lego jostailuak erabiltzen dira horretarako, «sormenerako aukera handia» ematen duelako, Leonen hitzetan. Jostailuarekin egindako robot bat hartzen dute oinarri, eta hura programatu behar dute hainbat funtzio egiteko. «Aberasgarria da ikasleentzako, komunikazioa, taldeko lana, ekimena eta jakintza zabaltzeko aukera ematen dielako», dio.

Baina hori nahikoa ez, eta Begoñazpi ikastolak antzeko metodologia jarri du martxan Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Gai bat eman, eta Legorekin gai ezberdinak jorratzen hasi dira bertan. «Oso jostailu aproposa da, nahi dutena egiteko aukera ematen dielako, eta, era berean, hezkuntzarako aproposak dira», dio Begoña Bañuelos irakasleak. Irakasleentzat jostailu egokia da balio «positiboak» sustatzen dituelako, sormena horien tontorrean. «Ikasgelan Lego erabili ondoren, haur horiek jostailu horiek eskatu dituzte etxerako». Konpainiarentzat ere esperientzia polita izango da, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.