Ezarian. Zientzia. Marta Santisteban. Onkologoa

«Irudimena behar da minbiziari aurre egiteko, oso azkarra baita»

Pazientearen neurrira egindako txertoen bidez egiten ari zaie aurre bularreko minbiziari Nafarroako Unibertsitateko Klinikan. Urtebete iraungo duen saio klinikoaren barruan probatzen ari dira terapia berria, Marta Santisteban onkologoaren zuzendaritzapean.

LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Minbiziari aurka egiteko bideak anitzak dira. Hala diote ikerlariek, eta erraza da hori frogatzen, medikuek ospitaleetan egiten dituzten tratamenduen aniztasunari erreparatuz gero. Minbizia ez da gaixotasun bakarra, asko baizik. Ikasgai hori aspaldian barneratu zuten zientzialariek.

Bularreko minbiziaren heriotza tasa nabarmen jaitsi da azken urteetan, gaixotasunari aurrea hartzeko moduak garatu direlako, besteak beste. Orain, bide terapeutiko berri bat probatzen ari dira Nafarroako Unibertsitateko Klinikan. Kimioterapia, ebakuntza eta erradioterapia, hiruko tratamendu finkatua, pazientearen immunitate sistemaren zelulez egindako txertoekin laguntzen hasi dira, hainbat boluntariori esker. Tumoreei modu eraginkorragoan eraso egitea bilatzen dute, hein handiagoan txikiarazteko edo desagerrarazteko. Saioak arrakasta badu, gaixotasunari aurre egiteko protokoloan sar daiteke.

Marta Santisteban onkologoa (Gasteiz, 1971) ari da otsailean abiatutako saio klinikoa zuzentzen. Dagoeneko zazpi boluntario daude txertoak probatzen, eta urtea amaitu artean beste hainbatek hartuko du bide bera. Gutxienez hogei izango dira; «baina, hasi garen moduan, gehiago izango direla uste dut», dio Santistebanek.

Hilgarria izan daitekeen gaixotasuna dutela jakin duten pertsonak dira bere burua eskaintzen dutenak. Ongi hartzen dute, beraz, saioan parte hartzeko proposamena?

Bai, pazienteari tratamendu arrunta jartzen zaio, beste edozeini bezala. Kontua da horrez gain txerto autologoak jartzen zaizkiola. Baina ez da bata ala bestea; ez dute horrelako hauturik egin behar. Gainera, txertoarekin lotutako gastu guztiak, azterketa analitikoak direla, laborategiko lana eta beste, ez dituzte ordaindu behar, osasun ministerioa [Espainiakoa] arduratzen da.

Txertoaz ari gara, baina txerto honek ez du inor immunizatzen. Argituko zenuke zer egiten duen?

Ez da prebentziozko txerto bat. Finkaturik dagoen tratamendua laguntzen du, besterik ez. Kimioterapia, kirurgia eta erradioterapiaz gain, tumoreari modu eraginkorragoan eraso egiteko txertoak jartzen ditugu; pazientearen immunologia sistema suspertzeko txerto autologoak dira.

Nola sortzen dituzue txerto horiek?

Txertoak bi fase ditu: pazientearen tumorearen zelulak ateratzen ditugu biopsia baten bidez, eta haietatik antigenoak lortzen ditugu; tumoreak espresatzen dituen molekula batzuk dira antigenoak, eta paziente bakoitzak bereak ditu, besteenetatik desberdinak. Ondoren, immunologia sistemaren zelulak ateratzen ditugu pazientearen odoletik: monozitoak. Laborategian, elkarrekin jartzen ditugu monozitoak eta tumorearen antigenoak. Zer gertatzen da? Ba immunologia sistemaren zelulek oroimena hartzen dutela, eta gai dira antigeno horiek ezagutzeko. Oroimenak suspertu egiten ditu. Laborategian hedatzen ditugu babes zelula horiek, ahalik eta gehien lortzeko. Zelulak prozesatu eta izoztu egiten ditugu ondoren, eta, azkenik, txertoa jartzen hasten gara, kimioterapiaren fasean lehenik.

Gripearen kontrako txertoaren antzera aritzen da orduan.

Bai horixe. Azkenean, modu berdinean aritzen da: immunologia sistema suspertzen dugu, tumorearen zelulak ezagutu eta hil ditzan. Gehienetan hamar dosi ateratzen ari gara laborategian, eta horrek esan nahi du tratamenduak bi urte iraungo duela, gutxi gorabehera.

Bularreko minbizia duen edozein emakume izan daiteke boluntario saio klinikorako?

Ez, ezaugarri jakin batzuk dituztenak izan daitezke bakarrik. Bigarren eta hirugarren fasean daudenek izan behar dute, metastasia garatu ez dutenek. Bestalde, orain sailkapen berri bat dago bularreko minbizirako, tumoreak espresatzen duen proteina edo geneen arabera. HER2 positibo direnek ere ez digute balio. Tumore jakin horretarako bai baitago jada tratamendu jakin bat.

Pazientearen gorputzak txertoa errefusatzeko arriskurik bada? Zer moduz jasaten ari dira proba?

Pazientearen zelulekin egindako txertoak direnez, ez dituzte errefusatzen. Tolerantzia oso ona da, apenas dagoen albo ondoriorik. Baina hoberena da tumoreari oso bide desberdinetik eraso egiten zaiola. Immunologia sistema oso garrantzitsua da. Defentsak halamoduz daudenean azaltzen dira gaixotasunak.

Noiz jakingo dituzue emaitzak? Gerta daiteke tratamendu hau protokoloan sartzea luze gabe?

Atariko emaitzetan nahi duguna da tumoreak atzera egitea, neurrian txikitzea. Eta txikitu behar dira txertorik gabe txikituko liratekeena baino gehiago, noski. Datu horiek 2012ko erdialdera izango ditugu. Garrantzitsuena da bizi-itxaropenean eragina duela ikustea, pazienteak gehiago bizi direla ikustea edota berriz gaixotzeko joera atzeratu egiten dela frogatzea. Hiru urteren buruan jakingo dugu horri buruzko zerbait.

Minbiziari aurre egiteko bide berriak zabaltzen ari dira azken urteotan. Askotariko ideiak garatzea beste erremediorik ez da geratzen, ezta?

Hala uste dut nik; irudimena behar da minbiziari aurre egiteko. Minbizia oso oldarkorra da. Berriz gaixotzen diren tumore zelulak azkarrak dira, horregatik gaixotzen dira berriro. Modu batera edo bestera azaltzen dira behin eta berriro. Zenbat eta bide gehiago izan, zenbat eta arma gehiago izan armategian, orduan eta modu eraginkorragoan egingo diogu eraso tumoreari, beste modu batez eragingo baitiogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.