ATZEKOZ AURRERA. Hannah Frances Whelan. Antzerkigile eta zuzendaria

«Irudimena aldatu egiten da haurrek landu dutenaren arabera»

'Dena izango naiz' Europako proiektuaren barruan, Whelan ehunka ikaslek etorkizunari buruz zer pentsatzen duten biltzen ari da, sorkuntza partekatuaren bitartez antzezlan bat egiteko.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Nolakoa izango da mundua hainbat hamarkada barru? Nolakoa izango zara zu? Arabako Lehen Hezkuntzako 4. mailako 400 ikasle inguru galdera horiek erantzuten ari dira, Dena izango naiz proiektuan. Hannah Frances Whelan (Londres, 1982) eta Josune Velez de Mendizabal Baratza Aretoko kideak ari dira gogoeta horiek biltzen. Bilketa ez da Arabara mugatzen, ordea; Europako Batasunak lagunduta, zazpi herrialdetako adin bereko milaka ikaslerengana zabaldu da. Gogoeta horiek antzezlan bihurtuta bueltatuko dizkiete ikasleei, urtea amaitu aurretik.

Nolakoa irudikatzen dute ikasleek etorkizuna?

Ez dago ikuspuntu bakarra. Hedabideetan entzun daitezkeen gaiak errepikatzen dira maiz: klima aldaketa... Ordea, guk eskatzen diegu irudimena askatzeko, edozer gerta daitekeelako 50 urtean. Are, eskatzen diegu azaltzeko nolakoa nahiko luketen etorkizuna.

Eta nolakoa nahi dute?

Irudimena aldatu egiten da, haurrek landu dutenaren arabera. Batzuek irudikatzen dute uraren eta sumendien errege-erreginak direla. Beste batzuek lanean ikusten dute beren burua. Ikastetxe bateko gela bateko ikasle askok irakasle irudikatzen zuten haien burua, gela barruan zuten ereduak eraginda. Are, irakasle horrek zehaztapen interesgarria egin zigun: gelan neska musulmanak zeuden, eta bakar batek ere ez zuen irudikatzen bere burua etorkizunean zapia jantzita.

Harritu zaituzten irudikapenik ba al dago?

Hegan egitearen ideia errepikatzen da: zapatila bereziekin, autoekin... Dena den, neskato batek grabitate gutxiago egongo zela aipatu zuen. Bideo jokoak ere maiz agertzen dira: Fortnite, Minecraft... Bada, haur batek idatzi zuen istorio bat bideo jokoekin aspertuta zegoen ume bati buruz: depresioan erortzea zer den deskribatu zuen.

Nola egituratzen dituzue tailerrak umeen ekarpenak jasotzeko?

Lau tailer dira. Nolabaiteko prestaketa bat egiten dugu, azkenengoan ipuin bat konta dezaten: norberaren erretratua marraztu, gailuak asmatu eta azaldu... Guk euskaraz eta ingelesez egiten diegu umeei, baina beste hizkuntza asko erabili ditugu ikasle guztiek beren burua adieraz dezaten: hitza, idazketa, gorputza, adierazpen plastikoa...

Proiektua Europako beste sei herrialdetan gertatzen ari da: Erresuma Batua, Norvegia, Danimarka, Austria, Polonia eta Alemania. Ba al dakizu alde handirik dagoen beste herrialdeetan jasotzen ari diren emaitzekin?

Leku guztietan helburu bera dugu, baina ezberdin egiten dugu lan. Askotariko errealitateak dituzten umeen gogoetak bilduko ditu; oraindik ez dugu materiala alderatzerik izan. Uztailean egingo dugu hori, Alemanian; kultur eragile bakoitzak jasotako informazioa eramango du, eta antzezlana sortzen hasiko gara, gero parte hartu duten hirietan erakusteko.

Lehen aldia da halako proiektu bat egiten dela?

New International Encounter Theater erakundeak honen moduko proiektuak garatu izan ditu: sorkuntza partekatuan espezializatuta daude. Horiek dira Dena izango naiz proiektuaren liderrak. Dena den, inoiz ez da halako lankidetza egon herrialdeen artean. Interesgarria izango da gogoeta bateratu horiek ikustea.

Nola itzuliko diezue ikasleei haiek emandakoa?

Ume bakoitzaren ikuspuntua ale bat da, eta bilduko ditugun milaka ale horiek izango dira lehengaia antzezlan bat sortzeko. Azaroan helduko da Gasteizera, Beñat Etxepare antzokira. Erakusketa bat ere egin nahi dugu ikasleek egindako marrazkiekin. Prozesuak ahalduntzeko balio dezake: sortzen lagundu duten lan baten ikusle izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.