Telesailak

Irudimen mugagabea

Lehen mailako entretenimendua, suspensea, umore beltza eta ukitu britainiarra; hori da, gaingiroki, ‘Inside No. 9’ serie antologikoan topa daitekeena. Bederatzigarren eta azken denboraldia iritsi da.

Inside-No.9 telesailaren fotograma bat. FILMIN
'Inside-No.9' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

Telesail baten bederatzigarren denboraldia estreinatu berri dela esanez gero, nahiko albiste ezohikoa izango da. Ez dago zalantzarik. Lost, Friends, The Big Bang Theory edo Grey's Anatomy-ren garaietan oso ohikoa zen zortzi denboralditik gorako telesailak ekoiztea, baina gaur egun gutxiengoa dira. Zorionez, oraindik ere existitzen dira Inside No. 9 bezalako proposamenak.

Zorionez, bai, oso jende gutxik ikusi duen ekoizpena delako, eta, urteen poderioz, kultukoa bihurtuko delako. Pantaila txikiko gaindosiaren barruan, sorkuntza-askatasunaren oasi moduko bat da lan hori.  

Denboraldi asko dira, baina ez dago larritzeko motiborik; Black Mirror-en antzera, atalak solte ikus daitezke, istorioak erabat independenteak dira, hasi eta amaitzen diren film laburrak izango balira bezala.

Badituzte, ordea, partekatzen dituzten zenbait ezaugarri nahiko bitxi: 30 minutu inguruko atalak dira, gehienetan Reece Shearsmith eta Steve Pemberton aktoreak —eta telesailaren sortzaileak— azaltzen dira pertsonaia desberdinen rolak jokatzen, istorioak gehienetan 9. zenbakia duen espazio batean girotzen dira —zenbaki hori duen hotel bateko logela, etxe bat...— eta drama, umore beltza, misterioa, thrillerra eta beldurra oinarri dituzten gidoiak lantzen dituzte. Alde horretatik, atal bakoitzean gertatzen diren tonu-aldaketa bortitzengatik nabarmentzen dira kontakizun gehienak. Umore beltza, satira, eta suspensea bikain uztartzen ditu.

Haien aurreko lanak ezagutuz gero —Psychoville, bereziki—, jakina da dena. Alfred HitchcockPresents edo The Twilight Zone-ren zertzeladak dituen serie honen atal batzuk biribilak dira, beste batzuk absurdoak eta oso entretenigarriak, gutxi batzuk ahulagoak, eta zenbaitzuk ez dira, agian, ikusle guztientzat aproposak, baina mikromundu horietako bakoitzean bi protagonistek eszena menderatzeko duten gaitasuna paregabea da. Shearsmith eta Pembertonen antzezpen lana harrigarria da; antzerki kutsua duen eszenaratzeaz baliatuz, kameleoien pareko gaitasuna dutela frogatzen dute, pertsonaia xelebreak eta askotarikoak sortzeko. Krimen (in)perfektuak, konspirazioak, lapurretak, familiako sekretuak... eta, batez ere, ezusteko ugari izango dira.

Gidoia aintzat hartu beharreko alderdi garrantzitsua da. Atal bakoitzak bere izpiritua eta giro berezia du, ezustekoz eta bihurgunez josiak daude. Gainera, gai serioak modu entretenigarri eta irudimentsuan lantzen dituzte.  

Alderdi bisuala ez da, agian, ekoizpenaren alderdirik deigarriena, baina aipatzeko modukoa da; eszenaratzeak eta Christian Hensonen musikak atmosferaren indarra areagotzen dute.

FITXA

  • Sortzaileak. Reece Shearsmith eta Steve Pemberton.
  • Aktoreak. Reece Shearsmith, Steve Pemberton, Helen McCrory eta Gemma Arterton.
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2014-2024.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 30 minutu.
  • Generoa. Umorea, misterioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.