Javier San Martin. Irrati esatari eta ikertzailea

«Irudimen falta handia dago zientzia dibulgazioa irratian lantzerakoan»

Zientzia gaiak irratian nola lantzen dituzten aztertzen duen doktore tesia defendatu du aste honetan San Martinek. Besteak beste, salatu du irrati askotan maila berean jartzen dituztela zientzia eta sasizientzia.

LAURA LOPEZ / EHU.
Edu Lartzanguren.
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Javier San Martin (Getxo, Bizkaia, 1976) irrati esataria da, eta joan den astetik, EHUko doktorea, zientzia dibulgazioaren inguruko tesi bat eginda.

Zenbait irrati katetan hamasei urte daramatzazu lanean, eta, besteak beste, zientziaren inguruko saioak egin dituzu. Zergatik interesatzen zaizu zientzia?

Edozein politikariri gaur entzuten diogun gauza bera entzun diogu duela lau urte ere. Beraz, ez dago berririk guk albiste gisa kontatzen ditugun horietan. Baina zientzian ez da halakorik gertatzen. Zientzia albisteak, normalean, benetako berriak izaten dira: aurkikuntzak, aurrerapenak, aplikazio berriak... Horregatik, beti bultzatu nahi izan dut dibulgazioa, eta ahal izan dudan guztietan horretara dedikatu naiz. Orain Radio Euskadiko Hágase la luz saioan nabil, eta hor La cápsula de la ciencia atala egiten dut. Horrez gain, Activa tu neurona bloga egiten dut.

Denera, 13 irrati katetako 25 irratsaiotako 230 atal aztertu dituzu, eta Erresuma Batuko BBCko Radio 4 irratiarekin parekatu dituzu. Zein da topatu duzun alderik nabarmenena?

Oso deigarria da saioak nortzuek aurkezten dituzten. BBCn, normalean, zientzialariak dira, baina ez edonolakoak: komunikazioan ibilbide oso luzea duten zientzialariak izaten dira, urte asko pasatakoak irratigintza ikasten, saio baten buru jarri aurretik. Espainiako Estatuan, berriz, kontrakoa gertatzen da: fisika edo kimikako fakultatetik atera berri diren ikasleei mikrofono bat ematen diete nahi dutena egiteko. Aldea izugarria da, eta saioen kalitatean islatzen da.

Nork dibulgatzen du hobekien, zientziaz ekinez ikasi duen kazetari batek, edo komunikatzen ikasi duen zientzialari batek?

Hobekien funtzionatzen dutenak bi esatariko taldeak dira: bat zientzialaria eta bestea kazetaria, elkar osatzeko. Oso gutxitan gertatzen da, normalean pertsona bakarrak egiten baitu saioa. Oso ondo egiten dute, adibidez, Canal Surreko El Radioscopio saioan.

Joera bat antzeman duzu: irratietan maila berean jartzen dituzte zientzia eta sasizientziak. Nola bereizi beharko lituzkete?

Kanaria uharteetako [Espainia] irrati publikoan, esaterako, zientzia saio bat dago, eta atal batean Lur planetatik kanpo bizitza topatzeko lan zientifikoen inguruan hitz egin dezakete, eta, ondoren, estralurtarrek bisitatzen gaituztela esaten duen baten bat elkarrizketatu. Biak maila berean jartzen dituzte. Sinesgarritasuna kentzen diote irratiari. Ohartarazi beharko lukete zientziaren ondoren entretenimenduari ekingo diotela. «Kontuz! Hau ez sinetsi», esan beharko lukete.

Txertoen kontra daudenak elkarrizketatu beharko lituzkete irratietan?

Jendeak nahi duena sinistu dezake; arazoa horien argudioen kalitatea da. Oso argi utzi beharko litzateke halako bat hedabide handi batera heltzen denean haren arrazoiak ez direla balekoak.

Zergatik kezkatzen zaitu zientzia saioetan gero eta blogari gehiago agertzeak?

Normalean ez digutelako ezer esaten pertsona horretaz, bakarrik blog bat duela. Ez dakigu zer estilo liburu duen, noren mesederako diren haren iritziak, nor dagoen haren atzean, nork ordaintzen dion... Zaila da hori kazetaritza aldetik onartzea, eta baita zientzia aldetik ere, pertsona horiek ez dituztelako euren iritziak ikerketa zientifikoetan oinarritzen. Arriskutsua da.

Halako saioetan elkarrizketa gehiegi eta erreportaje gutxiegi egiten direla salatu duzu. Zergatik gertatzen da?

Krisiarekin larriago egin da. Lantaldeak oso txikiak dira egin behar dituzten orduetarako. Zenbat minutu bete behar dituen pentsatzen du kazetariak, eta elkarrizketek denbora hori luzatzeko aukera ematen diote, galdera gehiago eginez. Erreportajeak egiteko, ordea, denbora asko behar da. Gainera, irudimen falta handia dago zientzia dibulgazioa irratian lantzerakoan. Elkarrizketak egitearen inertziari jarraitzen diote. Askoz genero gehiago erabil daitezke, saio askoz entzungarri eta arinagoak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.