Bere barrura sartu da Idoia Telleria argazkilaria (Lasarte Oria, Gipuzkoa, 1977), Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumera sartzearekin batera. Ni naiz, Idoia erakusketa zabaldu du bertan, bere aurpegi asko batzen dituena, autorretratuak naturarekin uztartuta. Lehen aldiz bisitatu du erakusketa, eta esan du irudiak ikustean horiek ateratako uneaz gogoratzen dela; uneaz, eta une horretan sentitzen zuenaz. Bihar, hitzaldi-solasaldia egingo du bertan, 18:00etan, eta erakusketa hilaren 26ra arte egongo da zabalik.
Ni naiz, Idoia izena du erakusketak. Zein da erakutsi nahi izan duzun Idoia hori?
Idoia bat baino gehiago daude erakusketa honetan. Gaia edo landu nahi dudana izan da identitatea, nortasuna, nongotarra naizen... Eta, aldi berean, nigan dauden emakume ezberdin askoren identitateak.
Idoia horiei guztiei aitortza egin nahi izan diezu?
Bai, emakume ezberdina naizelako bikote gisa, ama gisa, argazkilari gisa, lagun gisa, alaba gisa... Konturatu naiz, bizitzak aurrera egin ahala, eta izan ditudan bizipenen arabera, nigan emakume ezberdinak daudela, eta horiek denek egiten dutela Idoia.
Autorretratuak eta natura uztartu dituzu. Zergatik?
Beti izan naiz pertsonen erretratuak egin zalea. Azken urteetan, naturarekin birkonexio bat izan dut, eta bertan oso ondo sentitzen naizela konturatu naiz. Naturako hainbat gune bisitatu ditut, eta horiei nire barne galderak botatzen nizkien. Aldiz, argazkiak ateratzeko erabili dudan modua argazki bikoitza izan da; autorretratuak dira, baina ni naiz argazkilaria. Ohituta nago besteei argazkiak ateratzera, baina nire buruari ez hainbeste, edo, izatekotan, tripode baten gainean. Baina kasu honetan, neure buruaren argazkilaria izan nahi nuen.
Eta zergatik zuri-beltzean?
Oso zuri-beltza naiz ni [barrez]. Kolore gutxi erabiltzen dut, bai bizitzan, bai janzkeran, eta bai argazkigintzan. Bada nire identitate bat. Koloreak beste konnotazio bat ematen dit. Zuri-beltza erabiltzean, forma dago, kontrasteak eta testurak daude, eta begiradak zuzenean joaten dira nahi duzun horretara.
Zer da natura zuretzat?
Natura da espazio bat non ez naizen epaitua sentitzen, batez ere ez dudalako neure burua epaitu nahi hemen; hori zen helburuetako bat. Naturak ematen zidan espazio lasai bat, eroso sentitzen nintzena, eta benetan ni naizen modura erakusten nauena. Lasaitasuneko une horretatik, eta ingurunearekiko konexioan azaleratu dira Idoia horiek.
Eta argazkigintza?
Komunikatzeko tresna oso indartsu bat. Argazkilari izaten hasi nintzenean ez nintzen horretaz jabetu, gustatzen zitzaidan erretratuak egitea, pertsonei argazkiak ateratzea, erreportaje soziala lantzen nuen batez ere... Baina, gero, hamabost urteren ondoren, estudioa itxi genuen, handik urtebetera banandu nintzen, eta gelditu nintzen umezurtz bezala, nire bizitzarekin zer gertatuko zen jakin gabe... Orduan konturatu nintzen argazkilaria izan nahi nuela aurrerantzean ere, baina beste modu batean.
Zein da beste modu hori?
Bestelako tratu bat izan nahi nuen pertsonekin. Topatu nuen pedagogia bisual eta terapeutikoan oinarritutako graduondoko bat Bartzelonan, eta graduondoko hori egiteak eman zidan ikuspuntu hori: argazkiak baduela B aldea, ikusten ez dena; eta hori emozioekin eta bizipenekin oso lotuta dagoela. Horrek ere komunikatzen du, eta hori erreminta gisa erabiltzen dut orain, pertsonei ongizatea eskaintzeko modu gisa. Ez da terapia, baina bai terapeutikoa.
Horretarako dira ematen dituzun tailerrak, Zugandik izenekoak?
Bai, emakumeei ahalduntzea eskaintzeko, argazkiak erabilita; baina, batez ere, norberaren autoezagutzara iristeko, bai eta agian blokeaturik edo inkontzienteki gugan dauden emozio, sentimendu eta bizipen ezkutu horiek kaleratzeko ere. Izan ere, irudien bitartez gugan dauden sentimenduak atera daitezke.
Zer egiten duzue tailerretan?
Irudi bat sortzen dugu, eta gero horri buruz hitz egiten dugu: zer dagoen hor, zer ikusten dugun... Nire lana da haiek sortutako argazki edo irudi hori mahai gainean jartzea, eta zer kontatzen ari diren aztertzea.
Hortaz, barrukoa argazkien bidez identifikatzen saiatzen zarete?
Bai, ni ere kontatzen hasi arte ez nintzen konturatu beste emakume askok nire antzeko zerbait bizi izan zutela. Partekatzea oso beharrezkoa da. Eta irudien bidez egiten dugu hori tailerretan. Helburua ez da argazki on bat ateratzea, baizik eta zugan dagoen hori kanporatu eta zerbait sortzea.
ATZEKOZ AURRERA. Idoia Telleria. Argazkilaria
«Irudien bitartez gugan dauden sentimenduak atera daitezke»
Telleriak uste du argazkietan, ikusten denaz gain, ikusten ez den alde bat ere badela, bizipenekin eta emozioekin lotutakoa. Hori erakutsi du 'Ni naiz, Idoia' erakusketan, autorretratuak eta natura uztartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu