Irudien bitartez ezagutzea

Munduko hamar kontakizun euskaratu eta ilustratu ditu Azpeitiko Dinamoak, Gure Marrak proiektuan. Herrialde horietatik etorritakoek lagundu diete prozesuan irudigileei.

amaia igartua aristondo
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ene herriko hizkuntza proletarioan/ berez mintzo naiz, nahi dudalako/ gustuko, gogoko, begiko dudalako;/ barren-barrenetik ateratzen zaidalako». Hala dio Celso Emilio Ferreiro poeta galegoak Itsasoaren aurrean etzanik olerkian, eta, ondoren, aletu egiten du nori ez zaion mintzo: harroputzei, boteretsuei eta handinahiei, besteak beste. Baina gero eta gehiagori hitz egiten die; jada, baita euskaldunei ere, Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz Kooperatibak kudeatutako Dinamoa Sormen guneko Gure Marrak proiektuari esker. Munduko hamar ipuin euskaratu eta ilustratu dituzte, bakoitzarekin liburuxka bat egin, eta kutxa batean argitaratu dute sorta.

Proiektuaren oinarria Gure Mintzak izeneko egitasmoa da. Dinamoan bazegoen interesa munduko kontakizunak bildu eta ipuin liburu ilustratua sortzeko, baina bazegoen, era berean, zalantza bat, Xabier Gantzarain Dinamoko kideak gogoratu duenez. «Zenbat hizkuntza hitz egiten dira gure herrian?». Duda argitu zuten lehenik eta behin: Azpeitian 50 mintzaira baino gehiago erabiltzen dira, hain justu. Horiei toki bat eskaini behar zietela deliberatu zuten, hizkuntzon funts edo artxibo bat osatuta, eta hiztunen esperientziak bideoz jasotzen hasi ziren: hizkuntzarekin lotutako bizipenez gain, migrazio prozesuarekikoak ere galdetu zizkieten, jakiteko, besteak beste, nola heldu ziren Euskal Herrira, eta zer moduz sentitzen ziren Azpeitian.

«Baina ikusi genuen Gure Mintzak proiektuak har zitzakeela forma ugari», Gantzarainen arabera. Bideoetarako, hiztunei eskatu zieten beren kulturako testuren bat partekatzea, izan kondaira bat, izan poema bat, izan kantu bat. Eta iruditu zitzaien moldeok bide ematen zutela beste lanketa baterako. «Lehen bulkada izan zen kontakizun horiek merezi zutela beste leku bat izatea, iruditzen zitzaigulako beharbada bideoetan galdu egiten zirela, testigantza baten parte balira bezala ulertzen zirela».

Horiei autonomia eta ikusgaitasuna emateko abiatu zuten Gure Marrak. Kontakizunetako hamar hautatu zituzten, hamar hizkuntza ezberdinetakoak, eta bederatzi euskal irudigileri egokitu zitzaien haiek ilustratzea. Lantegi formatuan antolatu zuten: 2020an, Dinamoan bildu ziren marrazkilariak sei astez —erdian beste bi izan zituzten marrazkiak euren kabuz lantzeko—, eta han egon ziren istorioak eraman zizkietenak ere. Hori horrela, sortzaileek aukera izan zuten ipuinen testuingurua eta garrantzia ezagutzeko.

Bi urte inguru ondoren, paperean mamitu dira lan eta hartu-eman ordu horiek. Alena Axurkevitxek eta Ainara Azpiazu Axpi-k moldatu dute Bielorrusiako Palexuki eta Paleviki ipuina; Marija Lovricek eta Aiora Urbieta Eizagirrek, Kroaziako Gabonetako gutuna; Marta Trigo Martinezek eta Olatz Alkorta Martinek, Galiziako Itsasoaren aurrean etzanik; Nisar Haiderrek eta Miren Puertas Abaunzek, Pakistango Otoitza aberriaren alde; Vinicius Eronide Da Silvak eta Carmen Olano Iriartek, Brasilgo Saci Perere; Marina Evelia Pons Salek eta Paula Martin Estevezek, Argentinako Coquenaren kondaira; Michaela Fortova Mixa-k eta Maite Azpiazu Errazkinek, Txekiar Errepublikako Txakurra saltoka; Sabrina Romero Marcosek So Saitorekin elkarlanean doitu du Japoniako Taro Uraxima, eta Nadia Kerdirekin batera Aljeriako Auzo lapurraren istorioa; eta Senegalgo Ez dago etorkizunik eta ihes egiteko ordua da eraman zuen Lala Sowek, eta haren laguntzarekin ilustratu zuen Ainara Iñiguez Ormazabalek.

Formatuaren ekarpena

Atzera begiratua 2020ra: sortzaileak eta laguntzaileak solastatzen ari dira Dinamoan, erabakitzen nola adierazi marrazkiaren ertzen bat; aldi berean, ilustratzaileek euren artean egiten dute berba, elkarri bozetoak erakusten dizkiete, bestearen lanari esker norberarena biribiltzen dute. Eta horiek gidatzen, Leire Bilbao idazlea eta Maite Mutuberria ilustratzailea daude.

Gisa horretako formatu batean parte hartzen zuen lehen aldia zuen Bilbaok, eta oroitzapen ederrak ditu. «Polita da ikustea jendeak nola egiten duen lan, nola ekiten dion testu bati». Pasarteak orraztea eta moldatzea egokitu zitzaion, eta gogoan du erronka nabarmenena lekua izan zela, elementu asko sartu behar baitziren hamasei orrialdetan. «Liburu batean, lehenengoa testua da. Lehen prozesua izan zen testua euskaraz jartzea, erarik literarioenean, eta ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esanez».

Albumaren formatuak baldintzatu zuen irudigileen jarduna, eta, gainera, Dinamora heldu zirenean, ez zekiten zertan oinarrituta egin beharko zuten marrazkia. Hala, haien estilora eramatea izan zen beharraren gakoa, idazlearen irudiko: hain zuzen, «bakoitzak bere zigilua markatzea».

Askotarikoak dira seiluak: txatal deigarriekin osatu dituzte irudiak batzuek; koloreak mugatu, eta zuriaren gaineko trazu beltzak nabarmentzen dira Otoitza aberriaren alde lanean, esate baterako; grafitoaz egindako marra ilunak eta lausoagoak uztartu dira Gabonetako gutuna ipuinean, hondo zuri-beltzean nabarmentzen diren zati laranja eta urdinekin. Eta egon da kontakizunaren jatorrira jo duen ilustratzailerik ere.

Lantegira heldu eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu zizkietenean, asmoak «hankaz gora» jarri zitzaizkion Axpi ilustratzaileari. Testu itxi bat, haiek moldatu ezingo zutena: aurreikusitakoa bertan behera utzi behar izan zuen. Baina horrek ere balioa duela begitantzen zaio. «Zuk bilatu ez duzun zerbait tokatzen zaizunean, aukera bat izaten da bide berriak bilatu behar izateko, ohituta zauden horretatik harago».

Ildo berrien bila abiatu eta berehala topatu zituen. Axurkevitxekin hizketan hasi orduko, hark galdetu zion: «Nahi duzu Bielorrusiako jantziak erakustea?». Eta hori izan zen hauspoa, Azpiazuren hitzei erreparatuta. «Zoragarria izan zen, emakumeen brodatuetan narrazioak daudelako; inspirazio iturri oso handia izan zen». Ohikoa ez zuen molde horri tiraka taxutu zituen irudiak. «Saiatu nintzen estetika bielorrusiarrean oinarritutako kontakizun bat egiten».

Formatuak baldintzatuta, betiere; testurik luzeena egokitu zitzaion, eta horrek galarazi egin zion bi orriko ilustrazioak egitea, adibidez. Beste baliabide batzuetara jo zuen, eta marrazkian txertatu zituen testu zatiak. Kolore laranja eta more biziak eta beltza gailentzen dira Azpiazuren lanean, eta hondo arrosa leuneko ertzak gehitu zizkion orri bakoitzari, ipuin tradizionalen erara.

Gure Marrak, bidea egiten

Kalean da jada Gure Marrak: Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskuratu daiteke, edo [email protected] helbidera idatzita; 25 euroan dago. «Uste dugu material polita izan daitekeela bai ikastetxeetan lantzeko, bai hezkuntza arautuko beste eremuetan. Beste edozein eragilek ere erabiltzeko modukoa ikusten dugu: hori da guk nahiko genukeena», dio Gantzarainek. Ikastetxe batzuetan erabiltzen ari dira dagoeneko, baita Gure Mintzako bideoak ere, eta lehenengo balorazioak positiboak dira. «Esan digute oso ondo datorkiela batik bat kultura aniztasuna lantzeko. Ikasleak gustura ari dira».

Proiektu irekiak dira biak ala biak, Gantzarainen hitzetan, eta baliteke beste formaren bat hartzea aurrerantzean. «Gure asmoa da funts horretara gero eta jende gehiagoren esperientziak gehitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.