ATZEKOZ AURRERA

Irudiek ere badute zer esana

2021eko World Press Photoko argazkiak ikusteko aukera dago Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegian, azaroaren 14ra arte. Ikusleen arabera, «hunkigarriak» dira irudi guztiak.

64. World Press Photo lehiaketa da aurtengoa, eta Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean lan irabazleen erakusketa dago. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Irudiak. Horiek dira 2021eko World Press Photo erakusketako protagonista nagusiak, baina bada guztien artean nabarmentzen den bat. Bi emakume daude. Lehen begiradan, badirudi bata bestea baino helduagoa dela. Hondoa beltza da, eta protagonistek plastikozko eskularru luze batzuk dituzte eskuetatik hasi eta ia sorbaldetaraino. Besarkatzen daudela dirudi, eta hala baieztatzen du argazkiaren alboan dagoen afixak ere, interpretazioak milaka izan bazitezkeen ere. Sao Pauloko egoitza batean harrapatutako une bat da, Rosa Luzia Lunardi egoiliarrak bost hilabeteren ostean jasotako lehen besarkada, zehazki.

Hain zuzen, argazki hori izan da 2021eko World Press Photoko lehen irabazlea, eta Mads Niessen argazkilaria da egilea. Bertan hautatutako lanak ikusgai daude Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegian, azaroaren 14ra arte. Dozenaka dira, eta horietako bakoitzak istorio bat du kontatzeko.

Hausnartzeko aukera

Lan horietaz gozatzeko asmoz iritsi berri da Susana Correal erakusketara. Urtero jarri ohi dituzte aldi bakoitzeko argazkiak, eta dagoeneko ohituratzat du bertaratzea. Oraindik, soilik horma bateko irudiak ikusi ditu, baina «indartsuak» iruditu zaizkio: «Beste urteetan ez zait hau gertatu, baina nahiko hunkituta nago oraingoan; agian azken urteko bizipenak izango dira arrazoia, baina barruak mugitu zaizkit argazki batzuekin: Palestinakoekin, esate baterako». Batik bat jendearen aurpegiak ageri diren argazkiak gustatzen zaizkio, baina lan gehienak ikusteko ditu, eta, beraz, bidean aurrera egin du.

Irudiak era guztietakoak dira, hainbat errealitate azaleratzen dituztenak: migrazio bideak eta politikak, armen salerosketa, gaixotasunen ondorioak, eta beste hainbeste. Gaika banatuta daude; hala nola kirolak, natura eta erretratuak dira multzoak, eta horietako bakoitzak zenbait argazki biltzen ditu.

Horietako gehienak ikusi ditu dagoeneko Naia Aizpuruk. Ia ordubete darama bertan, eta lagun batek gomendatu dio erakusketa ikustera joateko. Kasu egitea erabaki du. «Leku ezberdin pila bateko errealitateak daude argazki bakoitzean, eta denak gela berberean ikusteak zirrara eragiten du». Haren arabera, halako egitasmoek laguntzen dute «bertatik bertara» ikusten zer gertatzen ari den inguruan.

Hainbat ikasle dabiltza bueltaka erakusketan ere. Fitxa batzuk dituzte eskuetan, eta argazkiak ikusi ahala galderak erantzuten dabiltza. Naroa Sanz eta Libe Gaztañaga dira horietako bi. Oñatitik (Gipuzkoa) etorri dira, aurrez erakusketa ezagutzen zuen irakasle batekin, eta adierazi dute txango honen helburua batik bat munduan gertatzen ari denaz ohartzea dela. «Interesgarria da, baina argazki gehienek zirrara eragiten dute», esan du Gaztañagak. Hari Aitor Garmendia argazkilariak ateratako argazkiek eragin diote sentsazio hori. Txerriak ageri dira erreportaje horretan, eta asmoetako bat Espainian animalia horien esplotazioak duen garrantzia azaleratzea da.

Sentsazio horiekin bidean aurrera egin dute biek ere, errealitate gehiago ikusteko, baina ez aurrez hausnarketa bat bota gabe: «Irudi ezberdinak daude; batzuek lehen kolpean hunkitzen zaituzte, eta, beste batzuek, ez horrenbeste, baina azalpenak irakurtzean ohartzen zara istorio gogorrak kontatzen dituztela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.