Abakando baten matxardan harizpi ñimiñoak daude. Santio handi baten exubian eskuila formako elementu sentsorialak. Kaxalote baten hezur zatian pirita ikusten da; bai, pirita. Arraiaren barailan, hortzak eta hortzak. Eta itsas zaldiaren exoeskeletoan, gatz kristal txikiak.
Txikiak, bai. Oso txikiak. Nanoak. Gizakion ile bat edo paperezko orri bat baino 100.000 aldiz finagoak. Horixe lortzen baita SEM mikroskopia elektronikoari esker: mikroskopio optikorik onenek baino ehun aldiz bereizmen hobea. Berritasuna zein den? Abangoardiako tresna horiekin Kantauri itsasoko espezie eta organismo biologikoak behatu dituztela. Itsasample erakusketa da emaitza, eta Donostiako Aquariumeko Nautilus aretoan jarri dute ikusgai —azaroaren 9ra arte egongo da zabalik—.
CIC Nanogunek, Aquariumak eta Plentziako (Bizkaia) Itsas Estazioak antolatu dute erakusketa. Mikroskopio elektronikoak jarri ditu batak, itsasoko laginak besteak —erakusketaren izena hortik dator: ingelesezko sample hitzak lagin esan nahi baitu euskaraz—, eta irudiek emandako informazioa interpretatzen lagundu du hirugarrenak. Irudi ia denak Oksana Jurkevitxek egindakoak dira, Nanoguneko Mikroskopia Elektronikoko ikertzailearenak —hilaren 16an bisita gidatu bat eskaini zuen, eta hilaren 30ean egingo du beste bat—.
«Ez gaude halakoetara ohituta. Irudiak argazki gisa lantzeak balio izan dit neure buruaren bertsio artistikoa topatzeko», azaldu du Jurkevitxek. Izan ere, irudi ñimiñoen nanoitsaso koloretsu bat da erakusketa, baina ikerlariak zintzotasunez onartu du: «Mikroskopio elektronikoarekin lortzen diren irudiak zuri-beltzekoak dira, eta kolorea neuk eman diet. Saiatu nintzen adimen artifiziala erabiltzen, baina ez zuen erantzuten, ez baitago mikroskopio elektronikoentzako eredu biologikorik». Bada, bete-betean asmatu du bere sen artistikoak.
Ikerlariak bisitariei azaldu die mikroskopio elektronikoek elektroiak erabiltzen dituztela fotoiak beharrean, baina objektu biologikoak ez direla eroaleak eta haien gainazala eskaneatu ahal izateko urrea erabiltzen dela. «Baina ez dugu gastu handirik egiten. Eraztun txiki batekin urte osorako daukagu», azaldu du, umorez.
Naturaren konplexutasuna
Molusku baten maskorra eta haren barne egitura konplexua. Itsas trikuaren eskeletoaren mikrografia: arantza mugikorrak daude txertatuta mikroegitura bitxi horretan. Eta batean eta bestean agertzen dira diatomeak: ur gazietan zein gezetan aurkitzen diren alga zelulabarrak, egitura delikatuak eta ederrak sortzen dituztenak, patroi korapilatsu eta konplexuak itsasoko laginetan. «Zeinen forma kuriosoak dituzten!», esan du ikusle batek. Berrugeta baten ezkata nanoak dira. «Eta kubo urdin horiek?», galdetu du beste batek. «Gatz aleak dira, urdinak izan behar zutela iruditu zitzaidan», erantzun dio Jurkevitxek. Harena da azken hausnarketa: «Hainbat materiarekin aritzen gara lanean. Geuk eraiki eta lantzen ditugu asko. Baina halako egitura konplexurik ez dugu sortzen. Ezinezkoa litzateke».