Artista

Andoni Bastarrika: «Irudi berarekin hamabi-hamahiru ordu ere egon izan naiz jarraian»

Duela hamalau bat urte hasi zen Andoni Bastarrika hareazko irudiak egiten. Ordutik, milaka irudi egin ditu, milaka tokitan. Ikastaroak ere ematen ditu, berak dakiena besteei erakusteko.

Andoni Bastarrika, aurreko asteazkenean, Zarauzko malekoian, berak egindako hareazko otsoa ondoan duela. JON URBE / FOKU
Andoni Bastarrika, aurreko asteazkenean, Zarauzko malekoian, berak egindako hareazko otsoa ondoan duela. JON URBE / FOKU
Zarautz
2024ko abuztuaren 27a
05:00
Entzun

Besteak beste, Zarauzko malekoian aritzen da Andoni Bastarrika artista (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970) hareazko irudiak egiten. Bere eskuak, makilatxo bat eta luma bat izaten ditu lanerako erreminta, eta hiru tresna horiek baliatuz egiten ditu tamaina errealeko gizaki zein animalien irudiak: zezenak, otsoak eta sirenak, besteak beste.

Nolatan eta noiz hasi zinen harearekin irudiak egiten?

Orain dela hamalau bat urte hasi nintzen irudiak egiten, hondartzara etorri nintzen batean umeekin jolasean ari nintzela. Orduan, umeak txikiak ziren, hondarrarekin jolasten hasi nintzen, eta, arraroa da, baina zerbait aurkitu nuen.

Zure alabek badute zerikusirik, beraz?

Bai, bai. Baina, behin hasi nintzenean, ez nien nire irudia gehiegi ukitzen utzi [barrez]. Emozionatu egin nintzen eta… Baina, bai, eragile bat izan ziren. Hondarrarekin jolasten hasi nintzenean, gorputzak eta antzekoak eskuekin egiteko erraztasuna aurkitu nuen, eta jarraitzea erabaki nuen.

Noiztik ari zara ikastaroak ematen? Nolatan hasi zinen?

Dagoeneko, hamar bat urte izango dira ikastaroak ematen hasi nintzela. Artista moduan, erabakia hartu behar duzu. Bizibidea atera behar duzu, eta, horretarako, modu asko daude: eskulturak udalei saltzea, tailerrak antolatzea… Tailerrak kostako zein barnealdeko herrietan antolatzen ditut, eta barnealdekoetara nik neuk eramaten dut hondarra. Ikastaroetan parte hartu nahi duenak ez du ordaindu behar, dohainik dira.

Konplexua al da honi buruz ezer ez dakien pertsona bati irakastea?

Nik uste dut txikitatik, hondartza joan garenetik, denok daukagula nolabaiteko abilezia bat. Batzuek zuloak egiten, beste batzuek gazteluak egiten eta beste batzuek beste zerbait egiten, denok daukagu zerbait. Iruditzen zait, tailerretako garrantzitsuena ez dela nik egiten ditudanak bezalako irudiak egitea, umeek hondarrarekin konektatzea baizik, disfrutatzea. Hortik aurrera egiten edo sortzen dutena, fenomeno. Umeei tailerrak irauten duen denbora ustekabean pasatzen zaie, eta hori seinale ona da.

Zer motatako irudiak egiten dituzu?

Animaliak, pertsonak edo erdi-animalia, erdi-pertsona diren irudiak egiten ditut. Aurpegiak ere bai, noizbehinka. Eskultura ia guztia eskuz egiten dudanez, biribiltasuna interesatzen zait, eta animaliak, pertsonak eta aurpegiak ia dena biribiltasunak dira. Irudiei azken ukitua emateko, makilatxo bat eta luma bat erabiltzen ditut, bai zakur bat egiteko, baita elefante bat egiteko ere.

Zer esango zenioke hareazko irudiak egiten hasi nahi duen bati?

Hondarrarekin sortzeko gogoa badauka, aurrera. Beste gauza bat da hortik bizimodua ateratzera iristea, erabakia norberak hartu behar du. Baina, bai, hondarrak erakartzen badu, aurrera jarraitu, iristen den tokiraino. Sormena aberasgarria da, bai hondarrarekin, baita beste edozerekin ere. Barruan hori sentitzen bada, ez da ezer sentitu ez balitz bezala pasatzen utzi behar. Barruak esaten dio bakoitzari nondik jo, zer egin...

Zure ustez, zein da horrelako irudiak egiteko gakoa?

Lehenik, base on bat egin behar da. Garrantzitsua da hori. Baina gero faktore asko daude, egunak ere garrantzia du… Sormen mundua ez da tailerrera joatea bezala, egunero eskultura bera egiteak ez du funtzionatzen. Zu nekatuta bazaude edo ez bazara eroso aurkitzen, irudia ez zaizu ondo aterako. Orduan, prozesu batzuk, denbora batzuk mantendu behar dituzu. Gogoa ere etorri egin behar zaizu. Eguraldiak ere zeresana du. Nik egun eguzkitsuak ez ditut gustuko; izan ere, urtu egiten da, ikusi ere okerrago egiten da… Niretzat, egunik onenak lainotuta daudenak dira; lainotuta dagoenean, euririk gabe. Horiek izaten dira nire egunak. Egun horietan aprobetxatzen dut irudi handiagoak eta konplexuagoak egiteko.

Zenbat ordu egon zaitezke irudi bera egiten?

Segun eta zein irudi. Bost-sei ordu egon naiteke, eta hamabi-hamahiru ordu ere egon izan naiz jarraian. Zaldiak, zezenak edo errinozeroak egin izan ditudanean, 08:00etan hasi eta 21:00 edo 22:00 aldera bukatu izan dut. Beste batzuk, jada, bi egunetan egin izan ditut.

Orain arte egin dituzun irudietatik, zein gustatzen zaizu gehien?

Bueno, hor ez naiz sartzen. Asko egin ditut. Azkena, oso arrakastatsua izan da: Azpeitian egin nuen zezena. Izugarria atera zitzaidan. Batzuk bereziagoak dira, ondo ateratzen zaizkidalako. Ni oso exijentea naiz; normalean, egiten ditudan irudiak jendeari asko gustatzen zaizkio, baina, askotan, ni ez naiz gustura geratzen. Arrazoi batengatik edo besteagatik, agian, ez zait nahi nuena bezain ondo geratzen irudia. Artistok oso gutxitan geratzen gara konforme egiten dugunarekin, baina zezen horrekin hala geratu nintzen.

Gustuko duzu jendearen aurrean lan egitea?

Bai, gustatzen zait, baina tamaina batera arte. Lanean ari naizenean, bakean aritzea gustatzen zait. Ulertzekoa da umeei atentzioa ematea egiten ari naizenak, eta galdera ugari egiten dizkizute, pazientzia handia izan behar duzu. Izan ere, kasu askotan, leher eginda edo guztiz galduta egoten naiz, eta pazientzia asko landu behar izaten da kasu horietan. Baina eskerrak umeei. Azken batean, beraiek erakartzen dituzte, bai gurasoak, baita gainontzeko publikoa ere. Irudia amaitzen dudanean, bai, orduan izugarri gustatzen zait jendearekin egotea, ni lasai nagoenean. Polita izaten da 19:00etatik aurrera, lasaitasuna dagoenean eta jendea hondartzatik irteten ari denean, jendearekin hitz egitea.

Jendeak baloratzen al du zure lana?

Baietz uste dut. Baloratu ez dakit, baina ikusten dut jendeari inpaktu handia sortzen diola egiten dudanak. Jende horrek, noski, baloratzen du nire lana. Gero, beste batzuek, agian, ez dute baloratuko; pertsonala da.

Zein herritan aritzen zara irudiak egiten?

Kalean, irudiak egiten, Zarautzen ibiltzen naiz. Duela hamar bat urte hasi nintzen bertan. Horrez gain, kontratatu nautenean, Euskal Herrian, Espainian, Saudi Arabian, Brasilen, Italian eta Frantzian ibili naiz.

Badaukazu anekdotarik kontatzeko?

Anekdota pila bat daukat. Adibidez, behin, gizonezko biluzi baten irudia egin nuen, hementxe, Zarauzko malekoian. Pare bat metroko gizona zen, bizkarrez etzanda zegoena, gorputz ederrarekin, benetakoa ematen zuen. Egunez, jendeak ezagutzen nau, eta bazekien eskultura bat zela. Baina, 23:00 aldera, berriz jendea malekoira jaisten hasi zenean, ni eskulturaren ondoan nengoen, eta jendeak ez zekien eskultura bat zenik nire ondoan zegoena. Jendeak oso arraro begiratzen zidan, eta inor ere ez zen hurbiltzen dirua botatzera. Gizon bat hurbildu zitzaidan, eta galdetu zidan ea zer egiten genuen nire lagunak eta nik, bat arropa gabe, dirua eskatzen. Orduan argitu nion hondarrezko irudi bat zela.

LOTSABAKO

Gustuko kirol bat?
Eskalada.

Musika talde bat?
Ken Zazpi.

Pelikula bat?
The Greatest Showman.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.