Irriz azaldutako esker ona

Urte hauetan Irrien Lagunak proiektua sostengatu duten udal, ikastetxe eta enpresen ordezkaritza batek Irrizale izendapena jaso du. Elkarlanean jarraitzea da asmoa.

Irrizale izendapena jaso duten ikastetxe, udal eta enpresetako ordezkariak, atzo, Hernanin. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Hernani
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bihotzez, mila esker. Zuen babesa ezinbestekoa zaigu». Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoak hitzekin eta irriekin eskertu nahi izan zien, atzo, ikastetxe, udal eta enpresetako ordezkariei sortu zenetik Irrien Lagunak proiektuari etaIrria aldizkariari emandako babesa. Urte hauetan sortutako elkarlana nabarmendu zuen, Orona fundazioak Hernanin (Gipuzkoa) duen egoitzan egindako ekitaldian. Guztiek jaso zuten Irrizale izendapena, eta haiek ere esker ona azaldu zioten Pirritx, Porrotx, Marimotots eta haien lagunek sortutako egitasmoari, Euskal Herriko haurrei irribarre bat eragiteagatik eta gizarte balioak zabaltzeagatik.

Irrizaleen ordezkaritza bat izan zen atzo Hernanin: 60 inguru. Esker ona jasotzearekin batera, urte hauetan Irrien Lagunak proiektuak izandako bilakaeraren berri izan zuten. «Irria aldizkaria sortu genuen duela hiru urte, eta webgunea ere martxan dago. Gora goaz pixkanaka, eta ea gai garen aurten 5.000 harpidedun lortzeko. Hor dago baita ere askotariko balioak zabaltzen ari diren elkarteekin abian jarri dugun Irrien Lagunak Gizartegintza egitasmoa, edo beste hainbat erakunde eta elkarteekin sortu dugun elkarlana».

Horren atzean, denen artean partekatzen ari diren gogoeta estrategiko bat dagoela azaldu zuen Agirretxek. «Euskaraz bizi eta hitz egiteaz gain, gizarte balioekin lotu nahi dugu gure hizkuntza: elkartasunarekin, berdintasunarekin, hirigintzarekin, auzolanarekin...». Eskerrak eman zizkien ekitaldian bildutakoei Agirretxek. «Euskal Herria herri txikia da, hizkuntza gutxitu bat dugu. Handia ematen duen proiektu batek gurean txiki izaten jarraitzen du beti. Denen arteko elkarlana ezinbestekoa da, dauzkagun ilusioak, ametsak eta proiektuak lortzeko».

Sarituak, eskertuta

Seaskako ikastolen ordezkari gisa, Paxkal Indo presidenteak jaso zuen izendapena. Pozik agertu zen, eta Irrien Lagunak proiektuak Seaskako ikastolentzat zer dakarren azaldu zuen: «Euskarari bizia eta kolorea ematen dio». Indok eskerrak eman zizkien, Seaskari emandako sostenguagatik. «Gustatuko litzaiguke halako proiektu eder batean gehiago laguntzea eta parte hartzea, baina gure egunerokoa borroka bat da, eta ez dugu sobera denbora horretarako». Ikasleentzat erreferente dira. «Euskarak Iparraldean bizi duen basamortuan paradisu bat badago, hori da».

Egoera zailean daude baita ere Nafarroako eskola txikiak. Horietako bat da Amaiurkoa. Haren ordezkari gisa egon zen Nora Salbotx.«Lehenago ere jaso izan dugu haiengandik sariren bat, baina beti da poztekoa. Izan ere, bultzatzen dituzten balioak oso ederrak eta politak dira». Eskolako atarian jarriko dute garaikurra. «Hainbeste maite dituzten pertsonen oroigarri bat atarian jartzeak ilusio handia egingo die».

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) sortu zirenTakolo, Pirritx eta Porrotx pailazoak, eta haiengandik Irrizale izendapena jasotzea «oso berezia» dela nabarmendu zuen Pablo Barrio alkateak. «Gure herrian gertatutako gauza askoren errudun dira. Herrian, euskararen erabilera %20 igo da, eta parte batean, haiei esker da. Umeak eta euskara izan dira beti haien ardatza. Herrigintzatik irrigintzara egin dute salto orain. Lan mardula egin dute, eta harro gaude haietaz. Beti egongo gara laguntzeko prest».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.