Irrintziaren doinuetan eta irrintziaren galderetan barrena ibiliko dira bihar iluntzean Amurrioko antzokian (Araba). Iaiaiai irrintzi taldearen Ahots performancea izango dute lehenengo, eta Ekain Martinez de Lizarduiren Erraiak dokumentala emango dute ondoren. Amaieran, Iaiaiai taldeko kideen eta zuzendariaren arteko solasaldia ere izango da.
Etxetik gertu arituko dira Iaiaiai irrintzi taldekoak. Izan ere, Aiaraldeko (Araba) taldea da Iaiaiai, 11 irrintzilarik osatzen dute, eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriak sustatutako sormen laborategi baten ondotik osatu zuten,2023ko udazkenean. «Hamaika gorputz gara. Espazioak ikertzen ditugu gorputzaren, soinuaren eta ahotsaren bidez. Espazioan zehar mugitzen gara, eta espazioaren araberako performanceak sortzen ditugu», azaldu du taldeak bere aurkezpenean.
Iaiaiai taldekoek ikerketa artistikoak eta antropologikoak egiten dituzte irrintziaren inguruan, eta irrintziari beste begirada bat ematen saiatzen dira, ondoren jendearen artean zabaltzeko. Irrintziaren sinbologia eta garrantzia aztertzeko, hainbat formatu eta esperientzia lantzen dituzte. Performanceak egin izan dituzte, adibidez, Bilboko Guggenheim museoan; tailerrak eman izan dituzte irrintziaren jakintzan eta esperimentazioan sakontzeko; eta elkarlanean aritzen dira bestelako kultur elkarte folkloriko edota beste diziplina artistikoetako sortzaileekin ere.
Aiaraldeko irrintzi taldearen ikuskizuna hainbat zatitan banatuta dago. Ahotsarekin egindako soinuak espazioarekin nahasten dituzte. Taldean aritzen dira, bakarka, eta denen artean elkarrizketan. Ahotsa eta irrintzia dira tresna nagusiak, baina erabiltzen dute adarra ere, eta ikusleak alegiazko mundu batera eramaten saiatzen dira, hainbat soinurekin esperimentatuz. «Emozioaren oihua da irrintzia», nabarmendu dute taldekideek.
Dokumental saritua
Iaiaiai taldearen jardunaren ostean emango dute Ekain Martinez de Lizardui irakasle eta antropologoak sortutako dokumentala: Erraiak: arbasoen oihartzuna. Hark zuzendua eta ekoitzia da, Arteman agentziaren laguntzarekin. 2018an estreinatu zuten, eta ibilbide oparoa egin du geroztik: hogei sari baino gehiago jaso ditu nazioarteko jaialdietan, munduko berrogei tokiko telebistatan baino gehiagotan eman dute —Alemanian, Txekiako Errepublikan, Eslovakian, Serbian, Italian, Ingalaterran, Eskozian, Galesen, Ipar Irlandan eta Hego Afrikan, besteak beste—, Filmin ordainpeko plataforman, eta dozenaka herritan ere bai, Euskal Herrian egindako proiekzio biran.
Martinez de Lizarduik irrintziaren jatorria eta hedapena aztertu du bere lanean, eta, XXI. mendean bizirik jarraitzen duen jakiteko, jardunarekin zerikusi zuzena duten hainbaten testigantzak bildu ditu. «Zer eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?», galdetu du, besteak beste. Halaxe aurkeztu dute: «Kobazuloetatik datorkigun oihua da, entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza, erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna».