Tinpanoak ez du kalterik izan. Ederra izan da entzutea. Egin baitaitezke «irrintziak berbetan». Amaia Garcia Uriondok (Bermeo, Bizkaia, 1971) badaki halakoak egiten, eta irakasten. Ezezkoan zegoen, baina elkarrizketaren amaieran bota dio zantzoa kazetariari: «Aiaiaiaiaiaiaiaiaaigoraaratusteakaiaiaiaiaiaiaiaiaaiujuju».
Ez da egokia telefonoz irrintzirik eskatzea, ezta?
Ez da komeni, ez.
Izan ere, zenbat dezibel izan ditzake irrintzi batek?
Lurgorriko jaietan egin genuen behin neurketa. Gernika-Lumoko [Bizkaia] auzo bat da Lurgorri, eta Berbalagun taldeak irrintzi txapelketa bat antolatzen du bertan. Udaltzainburuari eskatu genion sonometro bat, dezibelak neurtzeko. Metro batera jarri genuen. Gutxien neurtu zuenak 105 dezibel zeuzkan. Gehien neurtu zutenek, 116-118. Zenbat eta zoliagoa izan zantzoa, orduan eta dezibel gehiago.
Zantzoa?
Horrela deitzen diogu Bermeon irrintziari: zantzoa. Eta ni zantzolaria naiz. Lea Artibain ujubia esaten diote.
Telefonoz bestaldekoaren tinpanoa, beraz...
Baina idatziz ere eman ditzakezu irrintziak.
Bai? Nola?
Idatzi: «Aiaiaiaiaiaiaiaiaaiujuju!» [barrez].
Edonork bota dezake irrintzi bat?
Edonork. Hau beti izan baita imitazio kontu bat. Eta ez gara bakarrak munduan hau egiten dugunak. Kultura askok dituzte halako emisioak. Litekeena da azken soinua ezberdina izatea, baina kontua da zelan bihurtu zeure gorputza 120 dezibel har ditzakeen anplifikadore bat.
Zelan?
Arnasketa laguntzeko teknikaren bidez. XIX. mendean jada deskribatu zuten teknika hori. Egin behar duguna da teknika hori geure gorputzetara eraman. Irrintzilari bat beti ikusiko duzu erratz makila baten moduan: tente. Gorputzak ez dio-eta utzi behar diafragmari husten. Zenbat eta tenteago egon, diafragmak ez du gorantz egingo. Diafragma da gure gorputzeko muskulurik handiena, eta arnas aparatua eta digestio aparatua bereizten ditu.
Eta egia da irrintziaren teknikak diafragma eta perineoa batzen dituela?
Hori da. Izan ere, zuk irrintzi bat botatzen duzunean, zergatik ez duzu mintzen ahots kordarik?
Zergatik?
Glotisetik beherantz egiten duzulako presioa. Perineoaren kontrakzioa egiten duzunean, presioa kentzen diezu ahots kordei. Eta zeure gorputzaren jarreraz lortzen duzuna da diafragmak gorantz ez egitea. Birikak bi puxika dira, bi segundoan behin betetzen eta husten direnak. Kontua da nola lortu bi segundoan behin egiten dugun zerbait 18-20-25 segundoko emisio batera eramatea. Eta hori egin ganoraz, estiloz, eta polit. Badauka bere zera.
Hori entzunda, ikastaroan izena emateak beldurra ematen du.
Inola ere ez. Nire ikastaroetan edonork har dezake parte: haurrek, gizonek, emakumeek... Ez baduzu inolako arazorik ahots kordetan, edo kontrakturaren bat, lortuko duzu halako zarata bat egitea. Azken batean, zarata bat baita egiten duguna.
Azken boladan, jabetze eskolekin eta ahalduntzearekin lotuta agertzen dira zure ikastaroak. Zergatik?
Irrintzia badelako zerbait askatzailea. Ulertu behar da, era berean, zer gertatzen den norberaren gorputzean. Ikastaroan hainbat gauza lantzen ditugu: teoria, nondik datorren irrintzia, foniatria aldetik egindako lanketa, fisioterapia, arnasketa ariketak, zer den perineoaren kontrakzioa... Zenbat eta gehiago egin, orduan eta hobeto. Nork bere soinua dauka, bere irrintzia, eta bere tinbrea.
Eta sormenerako ere ematen du.
We Are Standard taldeak egin zuen Irrintzi izeneko abesti bat; dantza talde askotan erabiltzen dute irrintzia; eta Itziar Okariz artistak ere egin zuen Irrintzi izeneko performance bat...
Oso primarioa da irrintzia, baina garaikidea ere bai.
Hori da. Inoiz izendatu beharko lukete ondare immaterial. Izan ere, ondare bizia izaten da ondare immateriala: komunitate batek gaitasuna duenean ondare horri bizirik eusteko, transmititzeko, eraldatzeko... Hori da guk daukagun erronka. Nik beti esaten diet nire ikastaroetara datozenei: «Zuek misio bat daukazue: irrintziaren transmisioa». Geure kulturaren parte baita, eta jagon behar duguna.
Sistema linbikoarekin ei dago guztiz lotuta.
Emozioekin. Adibidez: 14 urte dituzu, lehen aldiz maitemindu zara, eta ikusten duzu pasatzen zuri gustatzen zaizun neska edo mutila. 300 metrora dago, eta hasten zara gorri-gorri jartzen, eta tximeletak dantzan dituzula sabelean. Emozio primario bat sortu da hor. Gizakiek bizirauteko behar dituzten emozioak dira. Jendeari galdetzen badiozu: «Noiz bota zenuen zure lehenengo zantzoa?». Erantzungo dizu: «Barru-barrutik irten zitzaidan, eta ezin izan nuen kontrolatu». Irrintziak beti direlako emozio baten emaitza. Nire kasuan, alaitasunarekin lotutako emozioak izan dira. Badago jendea irrintziak botatzen dituena hileta elizkizunetan. Nik ez dut inoiz egin, baina egiten dutenek omenaldi gisa egiten dute, pertsona hori ezagutu izanaren pozez edo.
Hurrengo ikastaroa?
Hernanin [Gipuzkoa], maiatzean.
LOTSABAKO
Irrintzilari bat?
Margari Mendoza eta Arantza Apraiz bermeotarrak erreferenteak dira niretzat oraintxe.Non botako zenuke gustura irrintzi bat?
AC/DC taldearen kontzertu batean.Gogoan duzun bat?
Bermeoko udaletxetik botatakoa, San Joan suari begira.