Irribarrea eta dokumentala ondorengoei

Erreportaje zabala grabatu dute Juan Carlos Unzue futbolari eta entrenatzaile ohia AEA gaitzari aurre egiten ari zaion moduaz

ALEJANDRO GARCÍA / EFE.
jakes goikoetxea
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Esango nizueke, hemen ez nagoenean, gogora nazazuela irribarre honekin». Juan Carlos Unzuek egin zien eskaera, berari buruzko erreportajearen aurkezpenera joan ziren senide eta lagunei, urtarrilaren 25ean, Bartzelonan. Irribarreaz gain, dokumental bat ere utzi du, alboko esklerosi amiotrofikoari (AEA) eta haren ondorioei aurre egiteko ariden ahaleginari buruz: Informe Plus: Vivir valELA pena (Informe Plus: Bizitzea merezi du). Movistar Plus plataformaren proiektua da, eta iragan astean estreinatu zuen. Eskura dago ordutik.

Juan Carlos Unzue (Iruñea, 1967) Osasunako atezaina izan zen. Han hasi (1982an) eta amaitu zuen (2003an) futbolari ibilbidea: tartean Bartzelonan, Sevillan, Tenerifen eta Oviedon ere jokatu zuen. Futbolari ibilbidea utzita, entrenatzaile izan zen: atezainen entrenatzaile eta bigarren entrenatzaile Bartzelonan, eta taldeen entrenatzaile nagusi Numantzian, Vigon eta Gironan.

2020ko ekainean jakinarazi zuen AEA diagnostikatu ziotela, eta futbola utziko zuela. Informe Pluseko grabazio talde bat ondoan izan du ordutik, eta 180 minutuko erreportaje batean bildu du bizitakoa. Monica Marchante kazetariak zuzendu du. COVID-19ak zaildu egin du grabazioa.

Gaitza zeukala esan ziotenetik alboko esklerosi amiotrofikoa ezagutaraztea izan da Unzueren helburuetako bat. Nerbio sistemaren gaixotasun degeneratiboa da, eta giharren paralisia eragiten du. Ez dauka sendabiderik. Stephen Hawking fisikari teoriko ezagunak izan zuen AEA, esaterako.

Bizitza, «errusiar mendia»

Unzuek oinordetzan utzi nahi izan duen lana izan da erreportajea: «Neuk nahi nuen mezua transmititzen du». Pentsatzen eta sentitzen duena, bizitzaren moduko «errusiar mendian»: alde batetik, «goian zaudenean, ezin duzula pentsatu hori betirako izango denik»; bestetik, «behean zaudenean, ezin zarela hondoratu».

AEAren berri emateaz gain, bizitzaren aurrean ausardia eta mezu positiboak transmititu nahi izan ditu atezain eta entrenatzaile ohiak: «Bizitza honetan ezin zaio ausarta izateari utzi». Zabalkunde lan horretan iaz oso ezaguna egin zen urrian Osasunako jokalariekin izan zuen solasaldia. «Ez dizuet mezu triste bat eman nahi», esan zien jokalariei, «nik kontrakoa zabaltzen dut, gaixotasun malapartatua izanda ere, arrazoi asko daudela bizitzaz gozatzeko». Eskaera bat egin zien: «Egun txarren bat baldin baduzue, oroitu nitaz; baina ez tristuraz, baizik eta esateko egiten duzuenak merezi duela, pribilegiatuak zaretela, osasuna duzuelako eta gustatzen zaizuen zerbaitetan lan egiten duzuelako».

Unzuez gain, haren familia da protagonista. «Erreportaje hau omenaldi bat da maite nauten guztientzat, zenbat maite ditudan eta zenbat behar ditudan jakinarazteko modu bat da», Unzueren arabera.

Haren irribarreaz gogoratzea nahi du Unzuek, baina berak ere zalantzak ditu: «Gai izango ote naiz irribarre honi bukaerara arte eusteko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.