Iaz Usurbilen (Gipuzkoa) ospatu zuten Irrien Lagunak klubaren lehen jaialdia. Aurten, berriz, Gernika-Lumo (Bizkaia) izan da aukeratutako herria. Horretarako, kontuan hartu dituzte bonbardake- taren 75. urteurrena, udalerriak berak dituen ezaugarriak eta gizarte, elkarte eta herri mugimenduek duten garrantzia. Hala, irailaren 23an, igandearekin, jaialdia ospatuko dute goizeko hamarretatik arratsaldeko seietara.
Haurren artean aisialdia euskararen inguruan bideratzeko asmoa du, besteak beste, Irrien Lagunak proiektuak. Elkartea sortu zenetik, Irria aldizkaria kaleratu, ikuskizunak antolatu eta webgunea martxan jarri dute. Duela bi urte jarri zituzten martxan egitasmo horiek, eta dagoeneko 3.500 harpidedun inguru ditu klubak, Porrotxek jakinarazi duenez. Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zaie irrizale guztiekin, bigarren urtez, elkartzea eta klubaren eguna antolatzea.
Aurten, iaz ez bezala, sarrera erosi beharko da ikuskizun nagusiez gozatzeko: 4 euro banakakoa, eta 10 euro familiakoa. Hala ere, Irrien Lagunak klubeko txarteldunek doan izango dute egun osorako sarrera. Hala, jaialdiak etekinak baditu, horien parte bat Txitxilipurdi aisialdi elkarteari emango diote, Berramesten egitasmoa sustatzen laguntze aldera. Horrekin, Francesco Tonucciren La ciudad de los niños liburua (Umeen hiria) euskaratu eta ekoizpena sustatu nahi dute, baita Tonucci bera Euskal Herrira gonbidatu ere, haurrek hezkuntza eta herrigintzan izan behar duten garrantziaz hitzaldiak ematera. Hala, haurrei «euren autonomia bueltatzea lortu nahi dugu», Eneko Barberena Txatxilipurdi elkarteko kideak azaldu duenez. «Gure ustez, haurrak euren eskubideen jabe dira, eta, askotan, ez ditugu herritar bezala tratatzen», jarraitu du. Horrekin batera, umeentzako espazioak berreskuratu nahi dituzte, «hiriko kaleetan jolasteko aukera izan dezaten, haurrek kalea merezi dutelako».
Ospakizuna egiteko Gernika-Lumoko Udalak «eskuak zabalik» hartu du Irrien Lagunak Klubaren egitasmoa, eta koordinazio lanak hartu ditu, bertako hainbat eragilerekin batera. Horrela, egna antolatzen parte hartuko dute, besteak beste, Seber Altube ikastolak, AEK-k, Emakide emakumeen antzerki elkarteak, Bailarako dantza taldeak, bertso eskolak eta musika eskolak.
Iñigo Arandia klubaren sustapen arduradunak azaldu duenez, jaialdia bi gunetan banatuko da. Nagusia Pasealekuan izango da, eta bertan izango dira oholtza nagusia, puzgarriak, tailerrak, ikuskizun nagusiak, informazio gunea eta sarrera zein edarien txarteltxoen saltokia.
Bigarren gunea Azoka plazan izango da. Han, 1.000 lagunentzako bazkaria antolatuko dute Seber Altube ikastolakoek. Bi menu izango dira: haurrena eta helduena, 8 eta 16 eurotan, hurrenez hurren. Tokia eska daiteke aldez aurretik, Irrien Lagunak klubaren Facebook orrian edo [email protected] helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Hala eta guztiz ere, egunean bertan ere egongo da eskuratzeko aukera, azoka guneko saltokian.
Euskotrenek zerbitzu berezia ezarriko du egun horretarako.
Irribarre festa Gernikan
Irrien Lagunak klubaren bigarren urteurrena ospatze aldera, egun berezia antolatu dute irailaren 23rako Gernikan; irabaziak Txatxilipurdi elkarteko Berramesten egitasmoa laguntzeko izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu