Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Haurren eguna

Irribarre eta kolorez beteriko eguna

Aurreskuarekin hasi dute Umeen Eguna Zeledon Txikik eta Neska Txikik. Jaitsieraren ondoren, jolasak izan diraJaiak alaitasunez ospatzeko eskatzeaz gain, zailtasunak dituzten umeez gogoratu dira

Haurrak izan ziren atzoko eguneko protagonista JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2013ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Euritsu eta kolore grisez esnatu zen atzoko eguna. Baina eguraldiak ez zuen etxeko txikienen egun handia inola ere zapuztu. Haientzat antolaturiko mota orotako jarduera eta ikuskizunek bete zuten eguneko agenda. Zeledon Txikik eta Neska Txikik jaiak alaitasunez eta elkarrekin gozatuz ospatzeko gonbita egin zuten. Gasteiztar gazteek zein helduek bi egun dituzte festak ospatzeko.

Arduraz eta emozioz beteriko eguna izan zen atzo Izarraitz Zuluetarentzat eta Asier Otxoarentzat. Goizean ospaturiko ekitaldietan animatu zituzten familiartekoek eta lagunek. San Miguel elizaren balkoian hasi zuten eguna Zeledon Txikik eta Neska txikik. Urduritasun zantzuak agerian geratu ziren tarteka; Zuluetak neska-txiki jantziaren buruko zapia behin eta berriz ondo ezartzen zuen bitartean, Otxoak ingurura begiratzen zuen irribarre urduria erakutsiz.

Kuadrillen animoek giroa berotu zuten, txistulariak lehenengo notak jotzen hasi baino lehen. Hilabeteetan entseatutako aurreskua ondo dantzatu zuen bikote gazteak, eta ikusleek txalo zaparrada batekin eskertu zieten. Lorez inguraturiko Andre Maria Zuriari beste lore sorta bat eskaini zioten, eskailera garai batera igota.

Urduritasuna apur bat baretu ostean, «gora Zeledon, gora Andre Maria Zuriaren jaiak, gora Gasteiz!» oihu egin zuen Zeledon Txikik. Gurasoek, hunkituta, ezin izan zieten malkoei eutsi goizeko lehenengo dantzaren ostean. «Ondo dantzatu dugula esan digute», esan zuen Otxoak arnasa berreskuratzen zuen bitartean.

Ohikoa den moduan, eskaileretan aterkiak zabaldu eta bertara hurbildu ziren ume guztiekin argazkia atera zuten eguneko bi protagonistek. Ordurako, jende ugari pilatu zen Plaza Berrian. Lagun eta senitartekoekin batera Andre Maria Zuriaren plaza gurutzatu zuten Plaza Berrirantz. Gurasoen sorbalda eta besoetan itxaron zuten bertaratu ziren umeek.

Buruhandi eta erraldoiek plaza inguratu zuten. Goizeko lehen orduetan euri tanta batzuk erori baziren ere, eguzkiari tarte txiki bat utzi zion eguraldi txarrak. Egunero bezala, atzo ere Udal Musika Bandak jo zuen, baina berezitasun batekin. Victor Ayala umeak zuzendu zuen kontzertua, makila eskuan eta musikarien aurrean zegoela. Plazan barrena xaboi burbuilak barreiatu ziren, eta umeen arreta berenganatu zuten. Ume txikienentzako aulkitxoak nonahi zeuden. Plaza inguratzen duten balkoietatik jai giroa ikusi nahi izan zutenak ere bazeuden. Horietako balkoi batzuetan zortzi pertsona ere sartu ziren, guztiek ikuspegi onena lortzeko asmotan.

Ezkilen soinuarekin batean, aurreko urteko Zeledon Txikik eta Neska Txikik txupinazoa bota zuten. Txaloak eta Zeledonen abestiak nagusitu ziren, Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren panpinek balkoitik jaitsita plaza gurutzatzen zuten bitartean. Plaza Berrirabildu ziren guztiek gorantz begiratu zuten jaietako bi pertsonaia garrantzitsu horien ibilbidea ikusteko. Jende ugarik zeraman argazki kamera eskuetan, unea hilezkortu nahian.

Batzuek lehenengoz ikusi zuten jaitsiera. «Zergatik atera da Zeledon balkoitik?», galdetu zien Ioritz Arteagak gurasoei, aitaren sorbaldan eserita. Beste batzuentzat, aldiz, urtero bete beharreko ohitura da. «Handitzen zarenean Zeledon izan nahi al duzu?», galdetu zion Arteagari amak, eta hark baietz erantzun zion.

Aterkia eskuetan, saltoka ibili ziren Zeledon Txiki eta Neska Txiki. Eguneko bigarren erronka arin-arinarekin iritsi zen bikote gaztearentzat. Hori ere ondo dantzatu zuten.

«Ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu ume eta heldu guztiok, baina, betiere, gu bezala bizi ezin diren umeez ahaztu gabe», esan zuen Zuluetak. Aurtengo hitzetan, elkartasuna azpimarratu nahi izan zuten Zeledon Txikik eta Neska Txikik. «Gora Andre Maria Zuriaren jaiak!» oihukatuz bukatu zuen bikoteak jaietako zeregina. Bitartean, Basatien kuadrilla eta Txirrika kuadrilla euren kideak animatu zituzten abestuz eta txalotuz.

Zuluetarentzat egun berezia

Atzo, gainera, bi arrazoi handirengatik izan zen egun berezia Zuluetarentzat. Izan ere, hamaika urte bete zituen. Oholtza gainean zegoen bitartean, Zeledon Txikik eta plazan zegoen jendeak abestuz zoriondu zuten gasteiztar gaztea. «Eskerrik asko», erantzun zuen Zuluetak irribarre urduriz.

Ekitaldiaren ostean biak kuadrillekin bazkaltzera joango zirela esan zuten, eta ostean umeentzat antolaturiko ekintza eta ikuskizunetan parte hartuko zutela. «Primeran pasatu dugu, eta joan dira nerbioak. Orain, gozatzera kuadrillakoekin», esan zuen Otxoak berari begira zeudenguztiei erantzun nahian.

Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren jaitsiera ikusi eta gero, asko Prado parkera joan ziren. Puzgarriak, tailerrak eta guztien gusturako jolasak zeuden han. Arratsaldean, 17:00 aldera tailer berezi batez gozatu ahal izan zuten txikiek; frutekin eginiko hainbat plater mota egiten ikasi zuten. Zaku lasterketan parte hartu, eta Hankaz gora ikuskizuna ikusteko aukera ere izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.