Jaiak. Bilboko Aste Nagusia

Irribarre egiteko errezeta

Marijaiak eta Global Circus zirkuak Basurtuko ospitalea bisitatu dute, umeei emanaldi berezi bat eskaintzeko. Barre algarak eta txaloak jaso dituzte bueltan.

Marijaiak eta Global Circus zirkuak bisita egin zieten atzo Basurtuko ospitaleko umeei. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Marijaiak eta Global Circus zirkuak bisita egin zieten atzo Basurtuko ospitaleko umeei. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

«Zerbitzu berezia» dio Basurtuko ospitalearen ondoan dagoen geltokira iritsi berri den tranbiak. Zerbitzu berezi bat, Bilboko Aste Nagusiko ordezkari berezienarentzat: Marijaia atera da tranbiatik, adin diferenteetako zenbait konpartsakidek lagunduta. Erietxean hasi zuen eguna atzo, Global Circus zirkuko artistekin batera, ospitaleratuta dauden haurrei irria ateratzeko helburuarekin.

Basurtuko sarrerara ailegatzeko, txistulariek ireki diote bidea Marijaiari. Euren doinuek izkin egin diote ospitaleko obren zaratari. Ailegatu direnerako, zain izan dituzte Itziar Ituño pregoilaria eta Nagore Ugarte txupinera. Jaietako zapi urdinaz gain, Palestinaren aldekoa ere soinean daramate bi emakumeek. Langileen, konpartsakideen eta udaleko ordezkarien aurrean, suziria bota du Ugartek, eta hasiera eman diote egunari horrela.

Ikusi mendizaleak abestiaren erritmoan hasi dute kalejira ospitalean zehar. Pabiloiak zeharkatu ahala, musika entzun bezain pronto, langile ugari atera dira leihoetara. «Gora Marijaia» oihukatuz egin diete ongietorria. Lanean ari diren arren, jaietako grina ere nabaria da ospitalean; behargin askok zapi urdina jantzi dute. Konpartsetako kamisetek kolorez busti dute erietxea, langileen arropa argien artean.

Larre berde batean zain izan dituzte umeak, baita Etxebarria parketik Basurtura lekualdatu diren zirkuko kideak ere. Ituño, Ugarte eta Marijaia ez dira ezta momentu batean ere libre egon, etengabe aritu baitira langile, paziente zein ikusleekin argazkiak ateratzen. «Etor zaitezkete argazki bat ateratzera?», galdetu die emakume batek pregoilariari eta txupinerari. «Noski», erantzun diote. Izan ere, larrera ailegatzeko, eskailera batzuk jaitsi behar izan dituzte herritarrek. Konpartsakide batzuk eta haur batzuk ezin izan dira jaitsi, gurpil aulkietan zeudelako. Horregatik, bertara joan dira Ituño eta Ugarte, gurpil aulki batean zegoen Amaiur Llarenarekin argazkia ateratzera.

Ikuskizunaren hasiera gogotsu itxaron dute haurrek, baita hain haurrak ez diren horiek ere. Ederra eta piztia filmaren abestia entzun denean, ikusle guztiak isildu dira. Isiltasun horrek, baina, gutxi iraun du, pailazoa agertu orduko lehertu baitira lehen barre algarak. Zirkuko kidea bertaratutakoen parte hartzea sustatzen saiatu da une oro, eta arrakasta esanguratsua izan du. Txaloekin laguntzeko eskatu du; are, kazetari bati sakelakoa gordetzeko eskatu dio, bi eskuekin txalo egin ahal izateko. Txalo horien doinuan, dantzan jarri du ikusleetako bat.

Malabaristek ere euren tokia izan dute ikuskizunean; haurren harridura aurpegi eta begiradapean, malabarekin eta pilotekin jolasten ibili dira. Umeentzako emanaldia izan den arren, adin guztietako herritarrek izan dute gozatzeko eta barre egiteko aukera. Amaieran, zirkuko kideek eskaera bat egin diete umeei: «Ez utzi inoiz dantza egiteari». Haurrek irribarrez erantzun diete.

Global Circus zirkuak barre algarak eragin ditu Basurtuko ospitalean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES
Global Circus zirkuak barre algarak eragin zituen atzo Basurtuko ospitalean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Lehenengo aldia izan da Pedro Santos zirkuko kideak Basurtu bisitatu duena. Izan ere, lehen aldia du Bilbon. «Ikuskizuna oso ondo joan da, eta jendeak asko hartu du parte», adierazi du. Basurtu ez, baina beste ospitale batean ibili zen lanean behin, eta gogoratu du horrelako tokietan «ardura» areagotu egiten dela: «Baliteke haurrek denbora luze batez zirkua bisitatu ezin izatea; zirkua ekartzea ardura handia da, eta dena ondo atera dela ikusteak ilusio handia egiten digu. Zirkua guztiona eta guztiontzat da».

Gelatik ateratzea, «askapena»

Ikuskizuna atzeko aldetik ikusi behar izan duen arren, «oso polita» iruditu zaio Llarenari. Bi egun daramatza ospitalean: «Ezin nuen tripako mina jasan, eta ospitalera etorri nintzen; apendizitisa izan dut». Ikuskizuneko zatirik gogokoena aukeratzeko galdetuta, ezin izan du bakarra hautatu «dena» gustatu zaiolako. Eskertu du gelatik atera izana, egun osoa bertan ematea «itogarria» baita. «Atera ahal izatea askapena izan da», aitortu du.

Javier Fernandez pediatraren iritziz, zirkua ospitalera hurbiltzea aukera bat da haurrek ere Bilboko jaietan parte har dezaten. Azaldu duenez, ume guztiak ezin izan dira euren geletatik atera. «Batzuk ezin dira lorategira irten; beraz, gelatik ikusi behar izan dute». Hala ere, esan du saiatzen direla irisgarritasuna bermatzen, ahalik eta haur gehienek parte har dezaten. «Umeei irribarre eginaraztea eta tarte polit bat eskaintzea terapeutikoa da», nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.