Irribarre bihurria nagusikeriari

Askatasuna aldarrikatzen duen neska bihurri, ausart, abenturazale eta indartsua da Pippi Kaltzaluze. Astrid Lindgren idazleak duela 75 urte argitaratu zuen hari buruzko liburua, baina oraindik ere pertsonaia apurtzailea da. Eredugarria da hezitzaile eta guraso askorentzat.

Pippi Kaltzaluzek telesailean zuen etxea Gotland irlan dago. BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Zaldi gainean tipi-tapa neskatxa alaia. Indartsu, eskuzabal, atsegina. Gaztetxoekin alaia, baina helduekin bihurria. Halakoa da Pippi Langstrump edo Pippi Kaltzaluze; hala deskribatzen zuen ETBk 2003. urtean lehenbizikoz eman zuen telesaileko hasierako kantak, behinik behin. Astrid Lindgren idazle suediarraren luma erditu zen pertsonaia ilegorriaz, eta duela 75 urte kaleratu zen lehenbiziko liburua, Raben & Sjogren argitaletxean. Euskaraz ere mintzo da: Pippi Kaltzaluze David Urbistondok ekarri zuen euskarara, 1994an, Elkar argitaletxearen eskutik. Joxan Ormazabal arduratu zen beste bi liburuak euskaratzeaz.

Suediatik kanpo, batik bat Olle Hellbomek zuzenduriko telesailak egin zuen ezagun Pippi Kaltzaluze. Gidoia Lindgrenek berak egin zuen, eta pertsonaia nagusia Inger Nilsson aktoreak jokatu zuen. 1969an eman zuten telesaila Suediako telebistan, eta Euskal Herrian gaztelaniaz eta frantsesez ikusteko aukera izan zen 1970eko hamarkadatik aurrera. Telesailetan zein liburuetan, ordezkatzen dituen balioengatik goraipatua izan da Pippi Kaltzaluze, eta oraindik ere eredu baliagarria izan liteke haur eta gazteentzat. Izan ere, estereotipo asko hautsi zituen neska ilegorriak.

Alabari kontatutako istorioetan du jatorria Pippi Kaltzaluzek. Lindgrenen 7 urteko alaba pneumoniak jota zegoenean, amak istorioak kontatzen zizkion. «Izena oso eroa zen, eta istorioak bide bera hartu zuen», esaten zuen Lindgrenek. Urte batzuk geroago, istorio horiek bildu, eta liburua alabari oparitu zion urtebetetze egunean. Pippi ez da nolanahiko pertsonaia; horregatik, Lindregenek oztopoak izan zituen haren abenturak argitaratzeko: Bonniers argitaletxeak ez zuen liburua kaleratu nahi izan. Azkenean, Raben & Sjogren argitaletxearen lehiaketa batera aurkeztu zuen, bai eta irabazi ere. Hego Euskal Herrian zentsuratuta egon zen 1970eko urteak arte.

Ezarritako ereduak hausten

Apurtzailea. Hori da Pippi Kaltzaluzeri buruz hitz egitean gehien errepikatzen den hitza. Apurtzailea duela 75 urteko gizartearekin, baina apurtzailea ere gaur egungo egoeran. «Pertsonaia oso interesgarria da. Klasiko bihurtu da, baina klasiko oso modernoa da», azaldu du Yolanda Arrieta idazleak. «Klasikoaren adibidea da: aspaldikoa da, gaur egungo haurrentzat, baina era berean bizi-bizirik dago». Emakumeei buruz ematen duen irudia nabarmendu du Arrietak: «Oso baliagarria da neskentzat, ezohikoa delako: librea da, ausarta, bere buruaren jabe, indartsua, abenturazalea, alaia eta zoriontsua».

Idoia Arraiza hezitzailea eta Bilgune Feministako kidea da, eta hezkidetzan aditua. Berak ere transgresoretzat du Pippi Kaltzaluze, eta transgresioak jarraitzen duela agerian utzi du Pippiren aurrean egungo gizartearen ispilua jarrita. Azken hamarkadetako feminitate ereduarekin alderatu du pertsonaia ilegorria. Lehenik itxura: «Politak eta lirainak izan behar dugula esaten digute, eta Pippi ez da kezkatzen bere itxurarengatik: praktikotasuna lehenesten du janzkeran». Bigarrenik, txintxoak izateko esaten zaie neskei: «Eredu horren aurrean, Pippi neska ausarta eta abenturazalea da; beti ari da esploratzen, ikasten eta probatzen inolako beldurrik gabe». Ez hori bakarrik: «Desobedientzia eredu bat da, feminitatearen ereduarekiko eta baita helduekiko ere».

Gailentzen den feminitate ereduak maitasuna jartzen du emakumeen bizitzen erdigunean, Disneyko printze urdinaren esperoan egoteko irakasten zaie neskei, eta hori ere hausten du Pippik. «Oso pertsona independente eta autonomoa da. Bakarrik bizi da, eta bakartasun horretan pozik dago beti. Tira, bakarrik, tximuarekin eta zaldiarekin bizi da: horrek erakusten du ez duela mutilekiko interes berezirik, eta beste familia eredu bat irudikatzen du, horiek direlako bere familia». Azken finean, ez da beste inorentzat bizi: «Aske eta zoriontsu izatea da bere lehentasuna, eta beste ezerk ez dio hori baldintzatzen», esan du Arraizak.

Lotsa da ezarritako beste ezaugarri bat: «Emakumeoi kostatzen zaigu publikoki hitz egitea edo espazio fisikoak hartzea, eta badirudi izaerari lotuta dagoela, neskak lotsatiak direla. Baina hori ere generoak baldintzatutako zerbait da». Lindgrenen pertsonaiak hori ere iraultzen du: «Pippi lotsagabea da: pentsatzen duen guztia esaten du eta sudur puntan jartzen zaiona egiten du; berdin zaio besteek zer pentsatzen duten. Oso protagonista da». Azken ezaugarria emozioei lotuta dago: neskak sentiberatzat eta ahultzat hartzen ditu gizarteak. «Pippik indar handia dauka. Ez du bere sentiberatasuna ukatzen, baina emozio guztiak biltzen ditu, haserrea barne». Horri loturik, umorea ere ageri da.

Ispiluari begiratuta, Arraizak argi du «oso beharrezkoak» direla horrelako erreferenteak. «Feminitate eredu hegemoniko horrek bere horretan jarraitzen du; atsedenaldian eskola batera joatea baino ez dago hori ikusteko. Horregatik, ereduak behar ditugu ikusteko binomio hori ez dela normala: pertsona adina eredu daudela neska edo mutil izateko, eta denak ondo daudela».

Hezkidetzaren aldeko gurasoek ere gorazarre egiten diote Pippi Kaltzaluzeri. Berriki horri buruz idatzi dute guraso.eus atarian, pertsonaia suediarraren urtemuga dela eta. Atari horretako koordinatzaile eta Txatxilipurdi elkarteko kidea da Lander Juaristi, eta pertsonaia horren defentsa egin du gurasoen ikuspegitik: «Gizarteak bultzatzen duen neska ereduaren kontrako diskurtsoa eta praktika dauzka Pippik, eta hori gustatzen zaigu. Erreferentzia baliagarria da, gaur egungo fikziozko beste pertsonaiek ez dutena».

Badira bestelako ereduak, baina ez dira nagusi, Juaristik esan duenez. «Gailentzen dena zera da: neskentzako erreferente batzuk eta mutilentzako beste batzuk. Hori apurtu behar da oraindik». Bada nabarmendu nahi izan duen ezaugarri bat: «Pippi momentuan da haurra; ez du itxaroten heldu izateko. Hori garrantzitsua da, askotan haurrak etorkizuneko pertsonatzat hartzen ditugulako».

Pertsonaia horrek badu zerbait haurrak lotzen dituena: «Apurtzailea da, ezberdina, eta horrek lotzen ditu. Kalitatezkoa da, ona da, eta, zaharra izanda ere, pantaila aurrean lotzen ditu, eta hori ez da batere erraza gaur egun dituzten estimulu guztiekin». Mikel Iarza BERRIA-ko telesail kritikariak ere uste du ez duela gaurkotasunik galdu. «Istorioak eta pertsonaiak sekulako indarra izaten jarraitzen dute egun».

Ez du halako pertsonaiarik ikusten Hoollywoodek Mendebalde osoan zabaltzen dituen istorioetan. «Ez dakit Pippi bezalako pertsonaia bat posible litzatekeen egun. Ez dago horrelakorik haurrentzat». Bestelakoa da egoera helduentzako fikzioan. «Badugu erreferente feminista eta eraldatzaileren bat helduen telesailetan: The Handmaid's Tale, Fleabag... Baina Pippik inpaktu handia du oraindik ere, haur baten begietatik kontatuta delako».

Umeentzat, baina literatura

Askatasunaz mintzo da Lindgren Pippi Kaltzaluzeren bidez, eta hor ere egon liteke arrakastaren gakoa. Arrietak Nitaz ahaztu dira idatzi zuenean, 9 urteko pertsonaia bat sortu zuen askatasunaz hitz egiteko. «Adin horretan ikusten ditut lehenengo askatasun aztarnak umeengan: hirietan giltza daramate lepoan zintzilik, eta herrietan bakarrik dabiltza atzera eta aurrera».

Idazleak uste du adin horretako irakurleek «oso ondo» ulertzen dutela zer den Lindgrenek agertu nahi duena. Horretaz gain, «dotore» idatzita dagoela dio: «Erritmoa du, akzio handia, eta barregarria da kaos horretan». Gozatzeko ez ezik, eskolan umeekin irakurketa komentatzeko egokia dela uste du. «Eskola denetan erabili beharko litzateke».

Lindgrenen lana goraipatu du Arrietak: «Haur literaturak ez du zertan ñoñokeria bat izan; egin dezakezu literatura, haurrentzako izan arren». Uste du hori zegoela zentsuraren atzean. «Ilea oso urdinduta eduki arren, urte askoan jarraitu zuen Pippiren bitartez agertzen zituen balio horiek aldarrikatzen. Independentzia, askatasuna, autogobernua; eta hori guztia hori zoriontsu izatearen mezuarekin batera. Iruditzen zait bere horretan biltzen duela haur eta gazte literaturak izan beharko lukeen ezaugarri multzoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.