Irria munduan egoteko jarrera bat da

Euskal Herriko haurren aisialdian euskarak zuen hutsunea betetzeko, Irrien Lagunak egitasmoa jarri zuten abian BERRIAk, Elkar argitaletxeak eta Katxiporreta pailazo taldeak. Gaur bost urte bete ditu, eta euskalgintzan eta bizikidetzan diharduten eragileekin sareak osatzen jarraitzeko asmoa dute.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
2015eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Noizean behin aurpegian marrazten denhortzen puzzleaz gain, zerbait gehiago ere bada irria. Momentu jakin batetik harago, bada jarrera bat bizitzan egotekoa, bizitzan aritzekoa. «Jarrera eraikitzaile, baikor eta aktibo bat da, amets partekatu bat aurrera ateratzeko», Jose Mari Agirretxeren arabera. Irrien Lagunak proiektuak bost urte bete ditu gaur, eta egitasmoan murgilduta dabil hasieratik. Bide onetik doazela uste badu ere, urrats gehiago egiten jarraitzeko asmoa dute.

Katxiporreta pailazo taldeak, BERRIAk eta Elkar argitaletxeak gabezia bat zegoela antzeman zuten Euskal Herriko haurren aisialdian. Mundu globalizatuaren eraginez, euskarazkoak ez diren ikus-entzunezko produktuak iristen zaizkie haurrei. Kanpoko eraginen aurrean mugak jartzea ezinezkoa dela eta, hiru elkarteak bat eginda jarri zuten abian Irrien Lagunak kluba. Euskaraz, alaitasunez eta balioetan oinarritutako proiektu komunikatibo bat. «Bizikidetza, errespetua eta onarpena lortu nahi ditugu, herriarekiko, albokoarekiko, eta nork bere buruarekiko», azaldu du Anabel Arraiza Irrien Lagunak klubeko komertzialak eta Ane Pirata irudikatzen duen aktoreak.

Irrien Lagunak egitasmoak aurrera egin dezan, egunak joan egunak etorri bulegoan lanean aritzen direnak hiru pertsona baino ez dira: Arraiza, Iñigo Arandia eta Nerea Gartzia. Joxi Oiarbide izan zen egitasmoaren bultzatzaile nagusia, baina egun, hirurek jarraitzen dute hark hasitako bidea. BERRIA, Elkar eta Katxiporreta hainbat batzordetan banatuta aritzen dira lanean; baita musikariak, aktoreak, margolariak, kolaboratzaileak eta idazleak ere.

Irria aldizkaria da gaur-gaurkoz egitasmoaren sostengu nagusia. Hutsune bat betetzeko sortu zuten hura ere. Izan ere, duela urte batzuk Ipurbeltz eta Txirrista aldizkariak zeuden, besteak beste, baina haiek desagertuta, euskarazko aldizkaririk gabe gelditu ziren haurrak. Urtean hamar zenbaki kaleratzen dituzte, eta bakoitzak gai bat jorratzen du. «Punta-puntako idazle eta ilustratzaileek parte hartzen dute, eta kalitate handikoa da», Arandiak azaldu duenez. 3 eta 8 urte bitartean dituzten haurrentzako produktua da,eta 5.000 harpidedun baino gehiago ditu egun. «Bost urteren bueltan hainbeste harpidedun biltzea klub baten inguruan ekarpen interesgarria da», dio Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduradunak.

Nerea Gartzia aritzen da hilero aldizkaria prestatzen, eta, haren arabera, ondo pasatzeko aldizkari bat da, eta helburu hori lortu dutelakoan dago: «Guraso batzuek esan izan didate umeek egunero galdetzen dutela ea aldizkaria buzoian dagoen». Baina, entretenitzea ez ezik, gai askoren inguruan pista batzuk ematea ere badu jomuga: heriotza, sentimenduak, gorputza...

BERRIAk badu haurrentzako Mantangorri gehigarria. Baina, horrez gain, Irrien Lagunak egitasmoa sustatzea beharrezkoa dela uste du Ainara Lasa BERRIAko Marketin arduradunak. «Gure helburua, egunkari bat egiteaz gain, euskarazko komunikazio esparrua osatzea ere bada». Gainera, Irria aldizkariaren bidez hedabideak ematen duen ikuspegia haurrengan txertatzeari garrantzitsua deritzo: «Gure balioak: ingurugiroa, euskara, hemengo kultura...».

Dena den, BERRIA, Elkar eta Katxiporretaren elkarlanaz harago doa Irrien Lagunak. «Beste eragileekin elkarlanean, aisialditik abiatuta, beste Euskal Herri bat irudikatzea da gure bokazioa». Demokraziaren inguruan hausnarketa egitea ere bada egitasmoaren helburua. «Nola nahi dugu herri hau aurrera atera? Denon parte hartzearekin bada, askoz ere aberatsagoa izango da. Eta denontzat izango da».

Beste bizimodu bat sortzeko,hezkuntzako sektore guztiekin eta instituzioekin elkarlanean dihardute; 96 ikastetxerekin eta 60 udal ingururekin daude saretuta. Gainera, 30 elkarterekin elkarlanean dihardute: familia eredu ezberdinen ingurukoak, nazioarteko gaiak lantzen dituztenak, gaixotasunen ingurukoak, integrazioa eta inklusibotasuna lantzen dituztenak...

Elkartasuna sustatzeko, Bizipoza Auzolan egitasmoa jarri zuten abian, hainbat elkarterekin; eta herrigintzaren arlotik, aisialditik eta euskaratik parte hartzea bultzatzea ardatz duen Oinerri egitasmoaren parte ere badira.

«Bost urte daramatzagu. Beste bost urte barru nahiko genuke bizirik jarraitzea, indar handiagoarekin, eta sektore gehiago batuta, egitasmo berriak martxan jarrita, munduko gerrak desagertuta eta gure herriak munduko mapan bere lekua izanda», gehitu du Agirretxek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.