Haurrentzako Irria euskarazko aldizkariak 10. urteurrena ospatu behar zuen 2020an, baina koronabirusaren pandemia iritsi zen, eta ospakizunak albo batera utzi behar izan zituzten. Hamalau urte baditu jada aldizkariak, eta orain, Irria Jaia antolatu dute hilaren 27rako, Andoainen (Gipuzkoa). Aldizkariaren proiektua eta sustatzen dituzten balioak azpimarratu nahi dituzte horrela. Xede horrekin, Andoaingo hainbat taldek eta eragilek bat egingo dute jaialdiarekin.
Andoainen bertan aurkeztu dituzte, gaur, jaiaren nondik norakoak. Joane Iradi aldizkariaren koordinatzaileak jaiaren nondik norakoak azaldu ditu: «Jaialdiak bi zati izango ditu; lehenak sarrera mugatua izango du». Mugatua, Bastero antzokian egingo dutelako; sarrerak hilaren 15etik aurrera jarriko dituzte salgai, Katxiporreta.eus webgunean. Bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Herria eta Irria dantzan ikuskizuna eramango dute oholtzara. Eragile hauek ere parte hartuko dute: Andoaingo Trikitilariek, haurren bertso eskolak, Maizorri txalaparta eskolak, Klaap dantza eskolak, Andoaingo Musika Eskolako abesbatza taldeak, Joseba eta Bakartxo dantza eskolak, Aita Larramendi ikastolak, La Salleko aisialdi taldeak, Lebiton erraldoi eta buruhandien konpartsak, Irrien Lagunak taldeak eta Bizipozak. 10:30etik 11:45era iraungo du emanaldi horrek.
Ondotik, eguerdian, doako parte irekia iritsiko da: Basteroren kanpoaldean zuhaitz bat landatuko dute; horrekin batera, Maizorri txalaparta eskolak, haurren bertso eskolak eta Urki dantza taldeak kalea girotuko dute. Kantaldi labur bat egingo dute gero Musika Eskolako abesbatzakoek. 12:30etik 13:00etara, tailerrak egingo dituzte Klaap dantza taldearekin, Maizorri txalaparta eskolarekin eta La Salle aisialdi taldearekin. Dantza ikuskizunak 13:00etan izango dira. 13:15etik 13:30era, Lebitonm erraldoi eta buruhandien konpartsaren ikuskizuna egingo dute. Eta 13:30ean, Zapotxin eta Porrotxekin kantari saioa egingo dute.
Gainera, Bastero kanpoaldean erakusmahaiak jarriko dituzte Bizipoza elkarteak eta Irria aldizkariak; Aita Larramendi ikastolakoek mahai bat izango dute pintxoekin, eta Klaap dantza taldekoek materiala saltzeko mahai bat izango dute.
Irria aldizkaria Irrien Lagunak enpresak argitaratzen du —horren parte dira Elkar argitaletxea, BERRIA Taldea eta Katxiporreta kooperatiba—. Martin Ugalde kultur parkean (Andoain) du egoitza. Elkar argitaletxeko editore Agurtzane Ortiz Urbinak azaldu du aldizkariak ibilbide luzea egin duela: «Iaztik hona aldaketa sakona egin dugu, itxuraz, edukiz eta diseinu aldetik. Baina helburua beti bera da: haurrek ondo pasatzea. Horrekin batera, irakurzaletasuna piztea eta ilustrazioekin eta komikiekin gozatzea. Zientziari begiratzeko aukera ere ematen du aldizkariak. Dibertitzea baita ikasteko modurik hoberena». Interneten ere badu bere bertsioa aldizkariak: Irria.eus.
«Guretik, elkarlanean, denentzat eta denontzat izango den mundu bat sortze aldera, ekarpena egin nahi du 'Irria' aldizkariak»
JOXE MARI AGIRRETXEKatxiporretako ordezkaria
Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek hausnarketa hau egin du: «Irria aldizkariak behar bati erantzuten dio. Gure aurretik Ipurbeltz izan zen, eta beste batzuk ere izan ziren. Kontuan hartu behar dugu egun bizi dugun mundu gatazkatsu zail honetan Interneteko sare sozialek garrantzi handia hartu dutela. Askotan hezitzaileak ez diren balioak iristen dira sare sozialen bidez, eta inoiz baino garrantzitsuagoa da gure herri txiki honetan gureak diren balioak zabaltzea: euskara, hezkidetza, kulturartekotasuna, natura, elkartasuna... Horiek zabaltzeko tresnak behar ditugu, eta Irria aldizkaria ezinbestekoa da. Guretik, elkarlanean, denentzat eta denontzat izango den mundu bat sortze aldera, ekarpena egin nahi du aldizkariak».
Bizipoza elkarteko lehendakari Joseba Labakak nabarmendu du Irria aldizkariak azkeneko urteetan Bizipozaren elkarte guztien inguruko komikiak argitaratu dituela, gutxienez bitan. «Elkarlanean aritu gara beti. Andoainen antolatu duten jai horretan egongo gara; ezin dugu huts egin».
Andoaingo Udalak jaia babestu du, eta, aurkezpenean, udal korporazioko talde guztietako ordezkariak izan dira. Andoni Alvarez alkateak «guraso bezala» ere hitz egin du: «Euskara sustatzeko eta gure seme-alaben hazkuntzan eta hezkuntzan duten partaidetzagatik eskerrak eman nahi dizkiot Irria aldizkariari. Oso tresna garrantzitsua da aldizkaria neska-mutikoen heziketan. Eragile guztiei eskertu nahi diegu, jaian parte hartzeko hartu duten konpromisoagatik. Hilaren 27ko jaian, Euskal Herriko familiak eskuzabalik hartuko ditugu».