Euskadi Irratiko goizetako entzuleek nekez nahastuko dute Manu Etxezorturen (Andoain, 1969) ahotsa beste esatari batenarekin. 30 urtetik gora joan dira Etxezortu Euskadi Irratian lanean hasi zenetik, eta urte horietatik gehienak goizeko saioetan egin ditu lanean, albistegietan asko, eta Faktoria magazina gidatzen ere bai. Ikasturte honetan, bazkalondora jauzi eginda dabil. Aldaketak aldaketa eta zikloak ziklo, hitz jario joria eta hizkera bizia ez ditu galdu. Irratiari dion maitasuna are gutxiago.
Gogoan al duzu zer sentitu zenuen kalean ahotsagatik ezagutu zintuzten lehen aldian?
Justu orain bizi naizen herrian izan zen, Zarautzen, oso gaztea nintzela. Lagunekin arratsalde-pasa joan ginen. Gaur egun ez dagoen gozo denda batera sartu ginen: El Getarianora. Ez dut gogoan zer eskatu nuen, baina hango saltzaileak “a, zu irratikoa zara!”, esan zidan. Harritu egin nintzen. Gerora, denborarekin, ohikoago bihurtu dira halakoak, baina lehen aldi hark markatu egin ninduen; beti gogoratuko dut. Gainera, ez neraman denbora asko irratian, baina saltzaile hark berehala ezagutu ninduen ahotsagatik.
Euskadi Irratiak berrogei urte bete zituen iaz, eta zuk 30etik gora daramatzazu jada etxe horretan. Zer iradokitzen dizute zenbaki horiek?
Euskadi Irratiarekin bi harreman izan ditut nik. Batetik, entzule gisa; lanean hasi aurretik nintzen entzule. Txikitatik ordu asko eman ditut irratia entzuten. Saio guztiak entzuten nituen: albistegiak, musika saioak, lehiaketak… Izugarri gustatzen zitzaidan Euskadi Irratia entzutea, orduak eta orduak ematen nituen horretan; txikitako nire denbora-pasa nagusia irratia entzutea zela esango nuke. Noizbait Euskadi Irratian lan egitearekin amesten nuen, desiratzen nuen hori. Bestetik, ikasketak hasi nituenean-eta hori zen nire ilusioa, nire desioa, eta, denborarekin, gauzatu egin zen txikitako amets hura.
Eta imajinatzen al zenuen Euskadi Irratian hainbeste urtez ariko zinela?
Inoiz ez dakizu zein izango den etorkizuna, baina argi neukan hau zela nire mundua. Zorionez, irratian denetik probatzeko eta lantzeko aukera izan dut: albistegietan hasi nintzen, ordezkapenak egiten; gero, Jaime Otamendik eta Arantxa Iturbek Goizean behin magazinean parte hartzeko aukera eman zidaten, eta hor hasi nuen magazinetako bidea; ondoren, urte asko egin nituen goizeko albistegia aurkezten —Odile Kruzeta zen albistegi buru—, goizeko tertulia gidatzen eta politika elkarrizketak egiten; eta jarraian etorri zen magazinaren garaia.
Irratigintza zure betiko pasioa izan arren, bekaldia telebistan egin zenuen. Aldatzeko tentaziorik izan al duzu inoiz?
Denbora tarte txiki bat izan zen telebistakoa. Unibertsitatean ikasten ari nintzela, beka batera aurkezteko modua izan nuen, eta sei bat hilabetez aritu nintzen bekadun telebistan, asteburuko albistegian. Horixe izan zen nire esperientzia telebistarekin; ondo etorri zitzaidan telebistaren tripak ezagutzeko, baina ni beti izan naiz irratikoa, irratia izan da beti nire pasioa. Oso eroso sentitzen naiz irrati bidez komunikatzen, jendearekin harreman zuzena izaten eta saioak aurkezten. Saioak aurkezteak badu magia berezi bat, ilusio berezi bat sortzen du irratiak, eta oso estua da entzuleekin sortzen den harremana. Irratsaioek izugarrizko aukera ematen dute imajinazioa lantzeko, jolas egiteko, musika jartzeko eta ezagutzeko, elkarrizketak egiteko… Hainbat gauza probatu ditzakezu irratian.
Zure izena eta ahotsa Faktoria saioarekin lotuta egon dira urte luzez, ia oraintsu arte. Zer izan da zuretzat Faktoria?
Nire bizitzaren zati handi bat. Faktoria-ri eskaini dizkiot nire bizitzako ordu asko, oso pozik eskaini ere. Faktoria-k aukera eman dit lantalde zoragarri batekin lan egiteko eta askotariko jendea ezagutzeko, bai lankideak, bai gonbidatuak; era guztietako jendea ezagutu eta testigantza oso interesgarriak entzun ditut urte hauetan. Eskola moduko bat izan da Faktoria niretzat, unibertsitate moduko bat. Unibertsitatean ikasketak egin nituen, jakina, oinarrizko ikasketak denok behar ditugu. Baina Faktoria egitea bizitza nolakoa den ikasteko modu bat izan da; bai lantaldearen bitartez, lankideek asko irakasten baitizute, baita gurera etorri den jendearen bitartez ere.
Pena eman al zizun saioa uzteak?
Irratiak bere zikloak izaten ditu, eta tartean aldaketak egin behar izaten dira. Albistegietan eta tertulietan politika gaiak jorratzen aritu nintzen urte luzez, urte asko egin ditut ondoren magazinean, entretenimenduari lotuago, eta beste ziklo bati ekin diot orain, kulturaren munduan, Kultur leihoa saioarekin. Lehendik martxan zegoen tren bat hartu dut, tren horretara igo naiz. Orain arte bi gidari, bi makinista, izan ditu Kultur leihoa-k; lehendabizi, Jon Aizpurua, eta, ondoren, Eneritz Gorrotxategi. Orain nik hartu dut lekukoa, eta oso gustura hasi dut tren bidaia hori.
Euskadi Irratiaren 40. urteurrenaren bueltako Beste 40 urtean saioa aurkeztu zenuen aurreko irrati denboraldian. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso polita. Aukera eman dit omenaldi moduko bat egiteko gure lankide izan direnei eta jada irratian ari ez direnei, eta, horrekin batera, oso polita izan da entzuleekin egotea. Gure entzule askorekin aritu naiz hizketan saioak iraun duen bitartean, eta haiei ere halako omenaldi bat egin diet. Jakin dut nola eta noiz entzuten duten irratia, zer saio dituzten gustuko… Konturatu naiz entzule oso leialak ditugula eta benetako familia bat osatzen dugula. Izan ere, irratiak badu hori; ez dakit hitzaren indarra edo zer den, baina oso lotura estuak sortzen ditu irratiak, entzuten zaituenak familiakotzat hartzen zaitu ia.
Era berean, Beste 40 urtean-ek aukera eman dit ikusteko gizartearen arlo guztietan gauzak nola aldatu diren berrogei urte hauetan. Oso interesgarria izan da, eta oso testigantza politak bildu ditugu; saioa amaitu zen, baina atalak berreskuratu nahi dituenak eskura ditu podcastak.
Entzule fidelak, aldaketak, podcastak… Sasoiko al dago irratigintza konbentzionala?
Esango nuke elkarren osagarri direla irratigintza eta podcastak. Zuzeneko irratiak beti izango du indarra, beti kontatuko dizu Reala galtzen ala irabazten ari den, edo zer azken adierazpen egin duen politikari batek. Hori, momentuan, irratiak kontatuko dizu. Baina horren osagarri dira podcastak: saioak lasai entzun ahal izatea, edo zerbaitek interes berezia sortu badizu, berriro entzuteko aukera izatea.
Gazteei gero eta arrotzago zaizkie komunikabide konbentzionalak. Zer iruditzen zaizu joera hori?
Egia da gazte jendearengana iristea izan dela beti gure erronketako bat, baina egia da, era berean, irratiak bere garaiak dituela. Gaztea zarenean, gorputzak musika eskatzen dizu, segur aski. Baina adinean aurrera zoazenean, gurasoen etxetik joaten zarenean, 35-40 urterekin gorputza hasten zaizu hitza eskatzen; eta hitza lortzeko tresnarik egokiena irratia da. Audientziak-eta behatzen dituen EITBko lankide batek esan zuen behin norberak etxea hartzen duenean telebista erosten duela, nahiz eta telebistako produktuak beste gailu batzuetatik kontsumitzeko joera gero eta handiagoa den. Nik uste dut irratia ere orduan eskuratzen duela jendeak, edo, behinik behin, orduan hasten dela irratia entzuten. Irratia da konpainiarik onena gosaltzen ari zarenean, edo sukalde lanetan orduak eman behar dituzunean, eta, zer esanik ez, txofer zoazenean. Esaten da gaur egungo gazteek ez dutela entzuten irratia, baina gazte horiek etxean ikusi badute gurasoek irratia entzuten dutela, gerora, independizatzen direnean, askok gurasoen ohitura berak hartzen dituzte.
Eta Euskadi Irratia? Euskarazko irratigintza publikoa nola ikusten duzu?
Euskadi Irratia beti joan da gizartearekin batera, beti izan gara gizarteak esaten digun horren entzule, gizartearen tenperaturaren termometro. Garaian garaiko pentsamoldearen lekuko izan da Euskadi Irratia. Euskararen erabilerarekin eta euskarazko produktuen kontsumoarekin lotutako kezka ere beti izan dugu guk. Horregatik saiatzen gara, euskaraz, jendearentzat erakargarria izango den produktu bat egiten, produktu moderno bat egiten. Hitz egin dezagun euskaraz Euskal Herrian gertatzen denaz, baina baita munduan gertatzen denaz ere. Hori da gure filosofia; euskararen mundutik, hitz egin dezagun munduaz.