Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Irratixe

2024ko irailaren 22a
05:00
Entzun

Santa Eufemia ospatu zuten astelehenean Bermeon, eta egun hori aukeratu zuten Itsuki irratia berriro kaleratzeko, herritarren ahotsak biltzeko asmoz; lau egun lehenago, udalak eta Kostarri kultur elkarteak martxan jartzeko hitzarmena sinatu zuten. Arazo ekonomikoak direla medio, 2022an isildu zituen mikrofonoak, 37 urtez ia egunero bermeotarren ahotsa izan eta gero. Urte hartako urtarrilaren azken egunean Goizero magazinak adio esan bazuen ere, gaur, berriz, zorioneko albistea da uhinetara itzultzea, indarberrituta eta gaztetuta.

Nik neuk lerro hauetatik behin baino gehiagotan nabarmendu dut tokiko komunikabideek —eta bereziki irratiek— errotuta dauden komunitatea kohesionatzeko duten ahalmena, udal administrazioa herritarrengana hurbiltzekoa, zerbitzu publikoa eskaintzeko balioa eta bizitza kulturala eta komertziala suspertzeko funtzioa. Itsukiren kasuan, gainera, bertako euskaraz mintzo ohi dira, eta horrek, nire aburuz, plus bat ematen dio, ez baita oso ohikoa Bermeoko euskara hedabideetan entzutea, ezta ikasle izan nituen Ilaski Serrano edo Xabi Casado aurkezle gisa ari direnean ere.

Itxaron beharko dugu ibilbide berri honetan eskaintzen diguten programazioa entzun arte, baina bultzatzailek diote «eraberrituta» itzuli direla eta, formatu berritzailea ekarri arren, «lehengo kutsua» mantenduko dutela. Dirudienez, Josu Urkidi Elortegi, Jon Guarrotxena Layuno eta Ane Gangoiti Fradua daude berpizte honen atzean; hiru gazte horiek 2023an irabazi zuten Busturialdeko gazte ekintzailei zuzendutako Ü-BAI saria, eskualdea promozionatzea helburu zuen Urdaibai Euskarri izeneko podcast baten ideiarekin. Ez dut aurkitu sarituriko saioa, baina ziur nago halako aitortza jasotzeak bultzada eman diela erraza izango ez den bideari ekiteko. Zorterik onena opa diet. Arrazoi pertsonalengatik Bermeorekiko loturak estutu ditudanez, ziur egon entzungo dudala, besteak beste apur bat nirea den herria hobeto ezagutzeko.

Itsuki ez da Busturialdeko irrati euskaldun bakarra, Gernikako Astran sortu baitzen Biztu Irratixe. Horren kasuan, berriz, zalantza gehiago ditut ikasturte honetan jarraituko duen ala ez, podcast moduan bada ere. Izan ere, susmoa dut eskualdeak eta bereziki Urdaibaik herri-bozgorailuak behar dituela bertan egin nahi duten Guggenheim museoaren zentzugabekeria eta horrek ekar dezakeen hondamen urbanistikoa salatu, eta hango altxor ekologikoari eta sozialari balioa ematen dioten ahotsak entzun daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.