Hamabost urterekin Goenkale-n hasi zenetik (1997), batean eta bestean aritu da aktore zein telebistako aurkezle lanetan. Irratigintzan trebatzeko aukera du orain Iban Garatek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1982).
Nola sentitu zara irratiko lehen esperientziaren aurreneko aste hauetan?
Komunikabide berri batean hasten zarenean dena da ezberdina. Egiteko eratara ohitu behar duzu. Telebista partzelatua da, eta irratian profesionalak balio anitzekoa izan behar du. Martxan dagoen talde batean berri bakarra naiz. Hasieran banituen neure kezkak, baina orain oso gustura nago. Irailaren 5era bitartean programa bat ona egiten baldin badut, pozik geldituko naiz.
Lehen unetik irratiko saio izarrean jarri zaituzte. Ardura horrekin kezkatu al zinen?
Bai, ardura bat zekarren lan bat zela ikusi nuen. Baina neurri berean pentsatu nuen aspaldian erronka profesional nabarmenik izan gabe nintzela. Urte eta erdi komunikabideetatik kanpo egon ostean, horrelako zerbait behar nuela ikusi nuen. Zalantzarik ez nuen izan proba egin behar nuela. Gaur egun komunikatzaileek balio anitzekoak izan behar dute, eta iruditzen zait irratiak prestigioa ematen diola norberari. Telebistan egin ezin daitezkeen gauzak egin daitezke irratian.
Komunikatzaile gisa beste alor batzuetan aritu izan zara. Irratitik zer ezaugarri nabarmentzen dituzu?
Adibidez, elkarrizketa bat egin ostean ondo egoten da esatariak borobiltzeko bizpahiru titulu gogoraraztea. Telebistan hori ez da beharrezkoa, askotan irudiak laguntzen digulako. Zorionez, eskarmentu handiko jendea daukat inguruan, eta berehala konturatzen zara esatariek zer egiten duten. Haiengandik ikasten nabil.
Udazkenean irratian jarraitzeko aukera emango balizute, onartuko al zenuke?
Zaila izango da hori. Baina honako hau bezain proiektu interesgarria balego ez nuke ezezkorik emango. Tiradizo handia duen komunikabidea da irratia.
100.000 entzule ditu Euskadi Irratiak egunero. Zer iruditzen zaizu datua?
Oso datu ona da. Jendeak arreta handia eskaintzen dio Euskadi Irratiari. Euskaldunak telebistarekin baino fidelagoak gara irrati publikoarekin. Telebistan aurrekontuak gehiago ikusten dira. Irratian errazagoa da proportzioan diru gutxiagorekin komunikabide on bat egitea.
Iban Garate. Euskadi Irratiko esataria
«Irratian aritzeak prestigioa ematen dio norberari»
Euskadi Irratian Garate da uda honetako esatari berria. Irratiko bere lehen esperientzian, goizero 'Faktoria' irratsaioan ari da, Oihane Yustos kazetariarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu