Urtebete joan da Odile Kruzetak erretiroa hartu zuenetik, 35 urtez Euskadi Irratian eta EITBko irratietan lanean aritu ostean—gehientsuenak ardura postuetan—. Urte horietan guztietan, irratiok entzuten adi aritu da Xabier Lasa: entzule baten ikuspegitik idatzi ditu irrati kritikak 25 urtez, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIA-n, Uhinetatik tiraka. Baina zikloa ixtea erabaki du. Kruzetak irakurri ditu Lasaren zutabe ugari, eta egin dio horien inguruko kritika ere.
Irrati kontuekin hasi aurretik, Xabier, ezagutu al zenuen Odileren Izukaitz musika taldea?
XABIER LASA: Izukaitz taldeaz esango nuke lehengo garai bateko kasete bat bagenuela etxean.
ODILE KRUZETA: Zein ederki pasatu genuen Izukaitz taldearekin. Oso une politak izan ziren, Euskal Herria ezagutzeko aukera eman zigun taldeak. Herri txiki asko ikusi genituen: Iparraldean, Araban, Bizkaiko Enkarterrian... Leku asko eta jende asko ezagutu nituen, eta hori aberasgarria da.
X. L.: Garai aberatsa izan zen hura.
O. K.: Kanta guztiek frankisten zentsura zerbitzutik pasatu behar zuten. Soraluzen [Gipuzkoa] kantatu genuen batean, lehenbizi Benito Lertxundiren txanda izan zen. Zerbait gertatu, eta Guardia Zibila etorri zen. Mundu guztia sakabanatu zuten...
X. L.: Jendearen ilusioa desberdina zen.
O. K.: Dena zegoen eginkizun, baina aldi berean, indar eta gogo handia zegoen.
X. L.: Izukaitzak. Gutxi erabiltzen den hitza da izukaitz, polita da.
Xabier, fabrika askotan lan egindakoa zara. Nolako lanak egin izan dituzu?
X. L.: Fabriketan, denetarik egin izan dut: Moulinexen, adibidez, kate batean jarri eta mikrouhin labeak, batidorak eta halakoak egin nituen. Bitartean, irratia entzuteko baliatzen nuen. Mariano Ferrerrek 08:05 aldera bere iritzia ematen zuen Herri Irratian, baina ez zen zehatz-mehatz beti ordu berean. Komunera edo aldageletara joaten nintzen Ferrer entzutera. Orduan ez zegoen Internet. Orduan entzuten zenuen, edo...
O. K.: ...Edo joan zen.
X. L.: Bitxia da: Onda Vascak Herri Irratia bereganatu zuenean, Mariano Ferrerren oso grabaketa gutxi zituzten gordeak. Zenbaitetan amari eskatzen nion grabatzeko,eta badauzkat grabaketa batzuk.
O. K.: Ferrer munstro bat izan zen komunikazioaren munduan. Analisirako gaitasun hori, gauzak azaltzeko gaitasun hori... Eta hain denbora laburrean. Ze ondo...
X. L.: Bere denbora hartzen zuen.
Odile, aipatu duzu: irratian aritu zinen lehen bi hamarkadetan ez zegoen aukerarik edukiak berriz entzuteko. Internet aurreko garaiak ziren.
O. K.: Bai. Eta gogoan dut erlojua ekarri zenean Euskadi Irratira. Albistegia hasten genuen, gutxi gorabehera, baina izan zitekeen minutu batedo bi minutu geroago ere. Alemaniako seinaleekin bat egindako erloju bat jarri genuen; aldaketa handia izan zen. Egokitzea kosta zitzaigun denoi.
Nabarmentzeko datu bat bada, aurreko urteko Behategiaren urtekarian jasoa dagoena: euskaldunen artean, Euskadi Irratia da gehien entzuten den irratia. Eta bigarrena, Gaztea. Hori ez da gertatzen euskararekin : ez liburugintzan, ez telebistan, ez prentsan...
O. K.: Benetan oso pozgarria da hori prozesua barrutik bizi izan duen batentzat. Gazteari dagokionez, euskaldunen artean oso ondo baloratua izateaz gain, une batzuetan irrati formulen artean liderra izan da. Eta hori ez dugu balioan jartzen jakin. Jakinik, gainera, zein zaila den gazteen artean euskarazko produktu gustagarriak eskaintzea; gazteen espektatibak beteko dituzten produktu homologatuak, alegia. Askotan komentatu dut EITBko bileretan Gaztea izan dela taldeko harribitxia. Lortu zuen asmatzea target objektibo bati zuzendutako produktuan.
X. L.: Euskal Herrian euskarazko komunikabiderik zabalduena da Euskadi Irratia. Eta erreferenteena ere bai, gauzak diren bezala. Zerbitzu publikoa eskaintzen du, eta, gobernua atzean dagoen heinean, bere baliabideak ditu: frekuentziak, baliabide teknikoak, ekonomikoak... Bestetik, ikusten da Euskadi Irratia nora iritsi den, eta ETB1entzat erreferente izan beharko luke. Ez dakit ala den edo ez. Ilun-argiak egongo dira, baina Euskadi Irratia da euskarazko hedabideen artean gehien kontsumitzen dena.
O. K.: Gauza asko elkartzen dira. Hitza da, eta ez du irakurketaren ahalegina eskatzen. Bestetik, ez du irudirik, eta ez dauka telebistak duen gastu ekonomikoa. Euskal gizartearekin zuzeneko konexioa du, euskal gizartearen taupadarekin bat egiten du. Euskal komunitateari interesatzen zaizkion gaiak jorratzen ditu, eta dauden kezken ispilu da.
X. L.: Kontuan izan behar da irratigintza dela komunikabideen artean gutxietsiena, ez delako ikusten. Ematen du hitza haizeak eramaten duela. Eta, agian, ez diogu eman merezi duen balio hori.
Esango zenukete irratiak Euskal Herriko adineko jende askori konpainia egiten diela?
O. K.: Dudarik gabe. Baina polita da, baita ere, inkestetan ikustea entzuleen profila ez dela bakarrik 65 urtetik gorakoa. 45 urte inguruan dabil Euskadi Irratiko entzuleen batezbestekoa. Horrek arnasa ematen dio. Euskal gizartea egun mugitzen duen belaunaldiak estimatzen du irratia. Belaunaldi horri zerbitzua ematen dio, eta belaunaldi horren komunikazio premiei produktu duina eskaintzen dio. Aintzat hartzekoa da hori. Bestetik, gaur egun irratia, oro har, kontsumo pertsonaleko hedabidea da. Garai batean familiak kontsumitzen zuen, sukaldean. Baina gaur egun, hedabideak kontsumo pertsonalerantz doaz. Eta belaunaldi gazteenek ez dute irratia kontsumo ohituretan sartzen.
Xabier, irratiari tresna gisa estimua diozu. Baina 25 urtez aritu zara kritikak idazten. Odile, nola ikusi dituzu kritika horiek?
O. K.: Kritika behar da? Dudarik gabe. Horrek hobetzen laguntzen du, eta begiak irekitzen dizkizu. Kritikak modu diferenteetakoak izan daitezke: batzuetan produktuari buruzkoak dira; hor txapela kentzen dut, ez dut ezer esateko. Baina azentua jartzen denean esatari jakin batean, pertsonarengan jartzen denean kritika, horrek batzuetan min eman dit. Badago beste kasu bat, ondo ulertzen dudana: kanpotik gertaera objektibo batzuk ikusten dituzu, horren aurrean zuk esaten duzu beste hau gertatzen dela, suposizio bat egiten duzu... Eta nik barrutik badakit hori ez dela horrela. Jende bati kritikaren mezua geldituko zaio, nik badakit gauzak ez direla horrela... Baina, tira, ez da kontua horretan tematzea.
Fabrika batean lanean ari zinenez, idazteko ez zenuen inolako menpekotasunik.
X. L.: Bai, eta egunkariak ere ez dit inoiz ezer esan. Behin idazle bat haserretu zen idatzi nuen kritika txar bategatik, eta gutun bat bidali zuen. Ni pribilegiatu bat izan naiz. Agurtzane Ormaetxea Euskaldunon Egunkaria-ko kazetaria ezagutzen nuen, eta galdetu zidan ea zergatik entzuten nuen hainbeste irratia. «Gustukoa nuelako». Animatu ninduten irratiaz idaztera, eta hasi nintzen. Argi esan nien Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaritzakoei nire iritzia emango nuela entzule bezala, besterik gabe.
Aiurri aldizkarian kazetari zabiltza azkenaldian. Lan horregatik kritika asko jaso dituzu?
X.L.: Hamabost urte daramatzat Aiurri-n lanean. Egokitzen zait bizi naizen eremuko jendeari elkarrizketak egitea. Igande batean ateratzen zara kalera, eta etortzen zaizu baten bat kritika bat egitera edo eskatzera mendi irteerari buruzko artikulu bat idazteko. Ohitu gara horretara. Tokiko komunikabideetan, gertutasunak hori du ona eta txarra.
O. K.: Politikariei ere gertatzen zaie hori. Herriko alkate izatea oso polita da, baina horrek daraman zama izugarria da. Zenbat eta hurbilago zauden, gauzak hobeto ezagutzen dituzu, baina, aldi berean, inguruko presioa ere gertukoagoa da.
X. L.: Eta egunean 24 ordukoa. Egon zintezke terraza batean, eta etortzen zaizu herritar bat esanez: «Hau gaizki jarri zenuten».
O. K.: Eibarren Eta Kitto...-k sekulako lana egiten du. Horren aurretik sortua da Revista Eibar aldizkaria —eta egun jarraitzen du—. Ba, aldizkari horrek mila harpidedun ditu. Hori gertuko hedabide batek lor dezake. Gertukotasunak komunitatea sortzen du.
X. L.: Euskaldun askok irakurtzen duten gauza bakarra herri aldizkariak dira. Badira pentsatzen dutenak gu funtzionario publikoak garela, udalaren langile. Eta kontua da euskalgintzan badagoela arrakala; alderatzen duzu herri komunikabide bateko langile baten soldata eta EITBko langile batena, eta ez dute zerikusirik. Tokiko hedabideek betetzen duten funtzio soziala eta hizkuntzaren aldekoa aitortu beharko da noizbait.
Hedabide publikoen eztabaidan sartuz gero, EITBkinkesta bat egin zuen EITBko langile guztiekin. Datua: EITBko langileen %74,4k esaten dute taldeko informazio politika Eusko Jaurlaritzan dauden alderdi politikoen aldekoa dela.
O. K.: Inkesta hor dago, jendearen iritzia hor dago. Informazio instituzional asko ematen duzunean, gobernuko alderdiei buruz asko hitz egiten duzu. Datu kuantitatiboak hor daude. Baina, Gizakerreko inkestetan, objektibotasunaz galdetu izan zaionean gizarteari, irratirik objektiboentzat SER dute, eta bigarren eta hirugarren postuan lehian egoten dira Radio Euskadi eta Euskadi Irratia. Beste guztiak askoz atzerago daude.
X. L.: Datuak harrigarriak iruditu zitzaizkidan. Horrela pentsatzen duzu zuk zure lanaz? Eztabaida sortu al die horrek langileei? Galdera asko sortu zizkidan inkestak. Mariano Ferrerrek berak salatzen zuen kazetaritza deklaratiboa. Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleak artikulu on bat idatzi zuen gaiaz, aipatuz inertziek eragin handia dutela. Ni, adibidez, haserre jartzen nau 1936ko gerrako hobi bat agertzen denean lehen albiste titularretan entzutea Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea han egon dela, eta halako esan duela. Baina albistea non dago? Ikastolen aldeko jai bat dago, eta agintariaren hitzak jasotzen dira lehenbizi, bertako ikastolaren nondik norakoak azaldu beharrean.
Hori guztia hobeto egin zitekeen?
O. K.: Hor lan errutina batzuk daude, eta zenbait parametro sartzen dira: adierazpenen bila joaten den irratia, adierazpenen kazetaritza, askoz merkeagoa da ikerketako kazetaritza baino, eta irratiak hain bizkor eman behar dituenez berriak... Urtero-urtero editoreek ahalegin bat egiten dute, eta esaten dute lan errutinak aldatu nahi dituztela. Lehen zailtasuna sortzen zaienean, eta zazpi kazetari egon beharrean bost badaude, zer egiten dute? Ohikora jo. Ohikoak hausteko, baliabideak beste modu batean antolatu behar dira, eta programazioa beste modu batean egin. Adibide bat jarriko dut: Manu Etxezortuk goizeko magazina egiteko bost egunetan daukan lantaldea halako hiru ditu SER kateak asteburukoa egiteko. Bestetik, kontuan hartu behar da euskal komunikabide publikoek ezaugarri berezi bat dutela: bi hizkuntzatan egin behar dute. Hori ez da gertatzen ez Katalunian, ez Galizian. Ahalegin titanikoa egiten dute EITBko irratiek.
Abuztuaren 27an, 320 kazetarik baino gehiagok Jaurlaritzari eskatu zioten arduradunak euskaldunak izateko.
X. L.: Lehendik datorren gaitz bat da. Euskaldunek kexu asko egin dituzte, pandemia garaian egunero daudelako agerraldiak, eta euskarazko irrati-telebistan luze gaztelaniaz... Guri gertatu izan zaigu Gipuzkoako Diputazioko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa saileko oharrak gaztelania hutsean jasotzea. Horretaraino ere ez al gara iristen? Gero, Abenduaren 3an egingo ditugu nahi ditugun adierazpenak...
Euskadi Irratiak aurrerapauso asko eman ditu urteotan, askotariko hitzak euskaraz lortzen.
O. K.: Euskadi Irratiak egin duen gauza garrantzitsuetako bat telefono agenda bateratua izan da. Normalean, kazetari batentzat bere altxorrik preziatuena telefono agenda da. Gainera, agendara zoaz, eta topa dezakezu «hizlari ona» edo halako iruzkinak. Txingurri lan hori erredakzio oso baten lana da.
Lan kolektibo horretan parte hartu zuten batzuk kalean gelditu ziren lan erregulazio txosten baten ondoren. Lan eskaintza publikoa egin zen, eta beste esatari batzuk ere sartu ziren.
O. K.: Hainbat jende zegoen EITBn kontratu mugagabearekin, inolako azterketarik pasatu gabe. Mundu guztiak esaten zuen egoera hori erregularizatu behar zela noizbait. Erabakiak kointziditu zuen krisialdi ekonomikoa zegoen garai batekin. Horrek kointziditu zuen, baita ere, denboran epaileen erabaki batekin: ordura arte, erakunde publiko baten erregularizazio bat zegoenean eta erabakitzen bazen postu gutxiago ateratzea, ez zegoen lan erregulazio txostenik egin beharrik. Baina esan zuten, langileen eskubideak babesteko, lan espedienteak tramitatu behar zirela. Horrez gain, erabaki genuen EITBko kazetari izateko bi hizkuntzak menperatu behar zirela. Epaitegietako erabakiek azaldu dute prozesua ondo egin zela. Emozionalki gogorra izan zen. Zure lankideak dira... Oso profesional onak galdu genituen; badakizu batzuek inolako azterketarik ez dutela gaindituko, haien profila artistikoa delako. Beharbada, telebistak badu beste malgutasun bat: albistegietako taldeak azterketa bidez ateratako jendearekin betetzen ditu, eta sormena behar duten saioak ekoiztetxeekin egiten ditu. Kreatibitatea azterketa batzuetan neurtzea zaila ikusten dut.
X. L.: Entzule askok bezala, ez nuen ulertu ordukoa. Alde on bakarra izan zen ikustea sartzen zirenek zer profil bete behar zuten: Radio Euskadin euskara eskatzea lorpen bat izan zen.
Tertuliez mintza gaitezen. Odile, zuk euskarazko aurrenetakoak sortu zenituen. Xabier, zuk zenbat tertulia entzun dituzu?
X. L.: Mordoxka. Zureak ez diren iritziak irensten ikasten da horrekin. Urruti dauzkazunak zer pentsatzen duten ere ikasten duzu.
EITBko irratietako tertuliek aniztasun gehiago dute Madrilen egoitza duten irratien tertuliek baino?
X. L.: Bai, hori beti izan da horrela.
O. K.: Gure jokabideetako bat izan da pluraltasuna bermatzea. Ahalegindu, behintzat, ahalegindu gara. Zenbaitetan, ez ditugu aurkitu interlokutore onak; pentsamendu jakin bateko euskaldunak aurkitzea ez da hain erraza.
Madrilgo tertulia batzuetan Euskal Herriaz eman duten irudia oso kolore batekoa izan da.
X. L.: Bai, Radio Nacionalen, adibidez: PSOE Espainiako Gobernuan badago, jartzen dituzte hiruPSOEkoak eta bat PPkoa; eta PP badago gobernuan, hiru PPkoak eta bat PSOEkoa. Dena den, Madrilen tertuliak Luis del Olmok asmatu zituen.
O. K.: Irrati esatari moduan berritzailea izan zen Del Olmo.
X. L.: Bai, oso populista zen, eta jakin zuen gobernuan zegoenarekin ondo eramaten. Era berean, 1978ko trantsizioko ipuin galant horren bueltan, Del Olmo izan zen jakin zuena Espainiaren egonkortasunaren mesedetan jokatzen. Azkenaldian Podemosekoren bat sartzen dute tertulietan, baina argi dago EITBko tertuliek aniztasun handiagoa izan dutela. Euskadi Irratian Laura Garridorekin nazkatu gara, ez dagoelako PPko besterik.
O. K.: Hobe pentsamendu edo joera hori egotea, ez egotea baino.
Irrati baten kokapenak eragina du: Euskadi Irratia Donostian dago; Radio Euskadi, Bilbon.
O. K.: Hedabide publiko baten zuzendaritzak norabidea markatu dezake, baina gainerakoa kazetarien esku dago. Erredakzioaren %80 gipuzkoarra baldin bada, Gipuzkoako albisteek eta bertan dagoen ikuspegiak nagusitasuna izaten du. Bizkaian, kontrakoa gertatzen da. Adibide ona izan zen San Mames Barriarekin gertatu zena: ETBk egoitzaren parean zuen, eta obra osoaren berri eman zen. Hori ez zen ulertu inon; iruzkin asko jaso nituen.
X. L.: Kontzientzia euskaltzalea ere faltatu izan zen erabaki batzuetan. Ramon Labaienek esan zuen euskal komunikabide bat behar zela, euskara eta euskal kultura normalizatzeko. Printzipio hori Euskadi Irratiak betetzen du, baina Radio Euskadin ez zen aintzat hartu. 40 urte pasatu dira, eta azken hamarkadetan Radio Euskadiko goizak gidatzera sartu zirenak ez ziren kapaz euskarazko prentsaurreko baten berri emateko.
O. K.: Dani Alvarezek bai, euskaraz ikasi du [denboraldi honetan Ander Arzak euskaldunak ordeztu du Boulevard-en].
X. L.: Bai, baina prentsa irakurketan Alvarezek oso gutxitan hartzen zuen erreferentetzat BERRIA eta euskarazko prentsa.
O. K.: Azkeneko lan erregulazio txostenak pixka bat hori ekarri du: Bilboko erredakzioan euskaldunen presentzia handitzea. Une batzuetan, oso txikia izan zen.
X. L.: Bestetik, zenbat kirolari dauzkagu euskaldunak? Radio Euskadin gaztelaniaz hitz egiten dute beti. Bi esaldi egiten dituzte, ez dira gogoeta filosofikoak. Pilota txapelketen finaletan, adibidez, ETBko Elena Azpeitia joaten da lehen hitzak hartzera, eta Radio Euskadin ez dira euskaraz entzuten. Lan bat egin zitekeen, gazte belaunaldiek haien erreferenteak euskaraz entzun ditzaten.
Beste alde batetik, pandemia garai hauetan aipatu ohi da zer garrantzitsua den hedabideek informazio fidagarria ematea. Nolakoa da hedabideen rola?
O. K.: Zenbaitetan pentsatzen dut datu konparatibo gehiago behar genituzkeela; unean uneko datuekin gabiltza. Soilik behin entzun dut konfinamendu garaiko PCR proben emaitza zein zen, eta egungo proben kopuruarekin positiboen ehunekoa zein den. Pandemietan espezializatuak dauden profesionalek mahai inguru bat eman zuten Internet bidez, eta informazioa oso interesgarria zen.
X. L.: Eta nazkatuta gaude. Nik erabaki dut 21:00etan hasten diren albistegi horiek ez ikustea. Aurreneko hilabeteetan, nolako itolarria izango zuen adineko jendeak 21:00etarako albistegi horri begira. Bonbardaketa handia da.
O. K.: Eta zalantzaz betetakoa. Entzun nituen aditu haiek esan zuten gripearen kasuan ez dela lortu txerto bat zepa desberdinei erantzuna emateko. Hiesaren kasuan, ez dago txertorik. Zergatik pentsatzen dugu orain txerto unibertsal bat lortuko dela? Beharbada mundu guztia jarri delako horren bila, negozio bat dagoelako... edo nahi duzuna. Badirudi denok gaudela txerto unibertsalaren zain, baina ikusiko dugu.
Zer deritzozu EITBko irratien etorkizunari, Odile?
O. K.: Uste dut oso profesional onak daudela. Asmatzen baldin badute gizartearekin bat egiten, eta gizarteak dituen premia komunikatiboak asetzen, etorkizuna dago. Horretan ez bada asmatzen, jai dago. Baina hori beti izan da horrela.
Irratiari buruz idazten Uxue Razkin hasi da BERRIAn, igandeetan. Xabier, zer esango zenioke Uxueri?
X. L.: Entzule baten gisan jokatzeko. Pribilegiatu bat izango da, zutabe bat daukalako, beste inork ez duena. Podcastekin goza dezala. Ziur nago nik baino hobeto egingo duela.
O. K.: Irrati kritikak BERRIAn jarraitu behar du, dudarik gabe.
Ahomentan
IRRATIA, PASIOZ: AGINTE ETA KRITIKA
Kruzeta eta Lasa maitasunez eta ezagutzaz mintzo dira irratiaz, bi talaia desberdinetatik: EITBko irratietan agintzen aritu denaren eta kritikak astero idatzi dituenaren belarritik. Mariano Ferrer aipatu dute erreferentetzat. Uhinetatik tiraka aritu dira, begirunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu