EHUko Komunikazio Fakultateko irakaslea da Ramon Zallo (Gernika, Bizkaia, 1948). Kezkatuta dago EAEko FMko maparekin eta Eusko Jaurlaritzaren irrati lizentzien dekretuarekin.
EHUko irakasle talde batek egindako ikerketak Hego Euskal Herriko FMaren mapa kezkagarria marrazten dute. Nolakoa da mapa hori?
Kezkagarria da FMko mapa oso zentralizatu bat daukagulako, gaztelania hutsean eta irrati gutxi batzuen eskuetan dagoena. Gainera, formatu eta generoak uniformeak dira, herriaren kulturarekin konpromisorik ez dutenak. Bestalde, irrati pirata komertzial gehiegi daude, eta modeloa irrati komunitarioekiko ez da batere integratzailea. Kontuan izan behar da irrati komunitario horiek tokiko udal irratien funtzioa bete dutela.
Eusko Jaurlaritzak aurrera eraman nahi duen lizentzia berrietarako dekretuak zer hutsune ditu?
Dekretuak arazo asko ditu. Euskarari atal bat baino ez dio eskaintzen, eta gaizki tratatua dago. 9. artikuluak dio lizentzien heren bat gordetzen dela euskarazko irratientzat baldin eta eremu horretan 100.000 biztanle baino gehiago bizitzen badira. Irrati elebidunei ez dio inolako aipamenik egiten, eta, nire ustez, euskarazko irratiez gain emisora elebidunak egon beharko lukete herritarren hizkuntz ezagutzari kasu eginez. Aukera hori ez aintzat hartzea planifikazio huts handia da. Hizkuntzaz aparte, dekretuak ez du planteatzen baldintzarik arlo kultural eta musikalean.
Madrilen egoitza nagusia duten irratiek indar handia dute EAEn, eta lizentzia gehienak irabazteko aukerak dituzte, ezta?
Bai, hala da. Emisoren bi herenak bereganatzen dituzte. 1983. urtean banaketa salomoniko bat egin zuten, eta ondoren frekuentzia asko saldu egin zizkieten Madrilgo irrati handiei.
Iñaki Lasagabasterrekin batera idatzi duzun artikulu batean dekretuaren proiektua neoliberala dela salatzen duzu. Zertan da neoliberala?
Espainiako Ikus-entzunezko Legearen imitatzailea da erabat, ez da batere sortzailea. Lege horrek Espainiarako balio du, baina dekretuak euskal komunikazio esparrura egokitu beharrean Madrilgoari jarraitzen dio. Interes orokorreko kontzeptuaren barruan ez dituzte baldintzak jartzen, eta hori sekulako astakeria da. Logikoena litzateke euskal musikarentzat kuota batzuk ezartzea, gertuko ezaugarriak dituzten irratiek lehentasuna izatea. Baina ez dago halakorik. Ez dute egungo mapa aztertu; ez dute proiektu komunikatiborik.
Egoera horren inguruan norbaitek zerbait esan beharko du, ezta?
Idatzitako artikulu bikoitzan esaten genuen oso garrantzitsua dela komunikabideek, alderdi politikoek eta gizarte zibilak jakin dezatela nolakoa den irrati lizentzien banaketa hori. Banaketa, gainera, behin betikoa izango da. Baimen analogikoa lortzen dutenek gero ere mantenduko dute plan digitala etortzen denean. Harrituta nago ez delako erreakziorik egon. Oposizioko alderdiek zerbait esan beharko lukete.
Arrosa irrati sareak alegazio batzuk aurkeztu zituen duela aste batzuk.
Bai, beste irrati komunitario batzuek ere aurkeztu dituzte alegazioak. Oraingoz soilik bide horretatik etortzen ari dira dekretua aldatzeko eskaerak. Dekretuaren aldaketa aukera bat egongo litzateke hor, baina ni ez naiz oso baikorra.
Zer ekimen beharko lituzke euskal sistema komunikatiboak?
Ikus-entzunezko lege bat beharko litzateke Euskal Autonomia Erkidegorako; lege propio bat diagnostiko bat egin ostean. Hortik aurrera zehaztu beharko lirateke dekretuak. Bestalde, ikus-entzunezko kontseilu bat egon beharko litzateke. Eta EITBren sorrera legea ere aldatu beharra dagoela argi dago. Jada ez gaude garai analogikoan; komunikazio munduan gauza asko aldatu dira, eta legea berritu behar da.
Nola ikusten duzu gaur egun EITBren egoera?
Herritarrak urrundu egin dira EITBtik. ETB ez dute beraiena sentitzen. Ez daude ikusleak bereganatzen dituzten saioak. Egoera gogorra eta zaila da, eta zerbitzu publikoa nola babestu hausnartu beharko dute. Ez bada sektore guztiekin lege berri bat egiteko planteamendua egiten, oso arriskutsua izan daiteke,hondamenezko lau urte bihurtuz. Eta urte pare batean atzerakorik ez duen koma egoera batean geldi daiteke EITB.
Komunikazioa. Ramon Zallo. EHUko irakaslea
«Irrati lizentzien dekretuak arazo asko ditu, tartean euskararena»
FMko 34 irrati lizentzia banatzeko Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen dekretua «neoliberala» dela salatu du Zallok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu