Asteburuko proposamenak

Irrati librea laguntzeko festa

Donostia. Ttan Ttakun irratiak igande goizalderainoko jaia antolatu du etziko, Gazteszena aretoan

Kauta taldeak Agerre disko berriaren aurkezpen kontzertua emango du Ttan Ttakun irratiaren aldeko jaian, Donostiako Gazteszenan. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Ttan Ttakun Donostiako Egia auzoko irrati libreak urtero festa bat antolatzen du, Irrati libre bat aurrera eramateak dakartzan gastuak osatze aldera. Etzi egingo dute aurtengoa, Gazteszena aretoan. 23:00etatik 06:30era bitarte iraungo du.

Kontzertuak eta DJak izango dira gau osoan, Gazteszenako bi aretoetan banatuta. Asier Mendizabal Ttan Ttakun irratiko esatariak adierazi du aurtengo jaialdirako «estilo desberdinetako» taldeak ekartzen ahalegindu direla. «Aurreko edizioetan estilo bereko taldeak ekartzen genituen; oraingoan, berriz, zabalagoa da areto handian joko duten taldeen estiloa». Kauta taldea agertokietara itzuli da disko berriarekin, eta diskoaren aurkezpena egingo du. Canshadows taldeak, berriz, jazz doinuak joko ditu. Acido C taldeak, bestalde, funk doinuak joko ditu. Makuluken taldeak estilo bera reggaearekin uztartuta egiten du.

Areto txikian musika elektronikoak izango du tartea. Mendizabalek azaldu duenez, girora «erabat» egokituko dute. «Argi bereziekin, laserrekin, kearekin... diskoteka bateko emanaldi baten antzera egingo dituzte emanaldiak DJek».

Zuzeneko emisioa

Jai giroa nagusi izango den arren, Ttan Ttakun irratikoak lanean ere arituko dira. Zuzenean emitituko dute jaialdi osoa, eta ez kontzertuak bakarrik. «Bertaratutakoei eta musika taldeko kideei elkarrizketak egingo dizkiegu». Egiako egoitzako estudioa Gazteszenara eramango dute etzi; hartara, irratia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute ikusleek. «Jaialdiak balio digu jendearengana gerturatzeko, existitzen garela erakusteko, baita irratiaren izena zabaltzeko ere».

1996an sortu zuten irratia. Ordutik, 24 orduko euskarazko emisioa egiten du egunero. Hamabost eta hogei boluntariok egiten dituzte irratsaioko saioak. Programazioa «beste edozein irratik duen bezalakoa» du Ttan Ttakunek: zuzeneko saioek, grabatutakoek eta errepikapenek osatzen dute. Urtero aldatzen dute programazioa.

Lehiaketak eta zozketak egingo dituztela jakinarazi du esatariak. Opariak ere banatuko dituzte. «Sarrerekin batera, irratiko txiskeroak, elastikoak eta itsasgarriak banatuko ditugu». Sarrerak 22:45ean jarriko dituzte salgai, bost euroan.

TTAN TTAKUN IRRATIAREN ALDEKO JAIA

Non. Donostian.

Noiz. Etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.