Gerizpean. Udako musika taldeak (II)

Ironiaz betetako naif gozokia

Euskal Herriko egungo ye-ye talderik arrakastatsuena da The Sparteens laukote lapurtarra. 60ko hamarkadako lan ohiturak berreskuratu dituzte, garai hartako kontzertuak herriz herri eskaintzearren.

The Sparteens taldeko kideak, Donostian, Konstituzio plazan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Erlojugileen jardunak eskatzen duen doitasuna barneratzea ez dago edonoren esku. Piezaz pieza, xehetasunez xehetasun, makina perfektua egitea da jomuga, eta hura lortzeko ahalegina dela medio, eromenak bere egin dezake artisaua. Filosofia hori ez da, noski, erlojugintzaren berezko ezaugarria. Musikagintzan, esaterako, koordinazioa eta harmonia zaintzea ezinbestekoa da emanaldi perfektuak eskaintzeko.

Helburu horretara iristeak dakarren lanaren inguruan adituak dira uda honetan plazaz plaza aritzen diren euskal talde asko. Hendaiara (Lapurdi) joz gero, behintzat, horretan dihardute The Sparteens taldea osatzen duten kideak. Duela mende erdiko twist hotsak eguneratu dituen laukoteak ongi daki zer den zehaztasunak dakarren ahalegina, baina kasu honetan, erloju baino, bonba-erloju liteke haien zuzenekoez mintzatzeko metafora egokiena.

Ye-ye kulturaren lau zalek sortu zuten The Sparteens: Maribel Iriarte (ahotsa), Douglas Nightingale (gitarra), Sardock Klein (bateria) eta Paul Lux (baxua). Kortatu, Su Ta Gar, edo Sex Pistols gisako taldeen piezak 60ko hamarkadako twist soinu xaloetara moldatzen hasi zuten ibilbidea, eta, orduz geroztik, disko bat, bederatzi single-ko bilduma eta DVD bat plazaratu dituzte. Horrez gain, han eta hemen jardun dute galak eskaintzen. Galak, bai, laukote lapurtarra ez delako konformatzen kontzertu soilak ematearekin.

«Lan handia dago gure zuzenekoaren atzean», nabarmendu du Douglas Nightingale gitarra jotzaileak, «60ko hamarkadako ye-ye galak egitea bereziki zaila delako». Ikuskizun bakoitza hamabi lagunen artean prestatzen dute, eta lantaldea erabateko koordinazioz egitera behartuta daudela dio Nightingalek: «Ez dugu denbora asko izaten, eta,minutuak ez galtzearren, batzuk oholtza prestatzen dute, eta besteek aldagelak arropaz eta makillajez lepo betetzen dituzte».

Umoreak, ironiak eta twist hotsek bat egiten dute bonba-erloju honetan, duela mende erdi Europan zeresana eragin zuen ye-ye joeran gertatu bezala. «Garai hartako metodoetara jotzen dugu galak prestatzeko», azaldu du Nightingalek, «grabatutako kantak momentuan jotzen ditugu, eta, era berean, marketina eta publizitatearen estetika lantzen dugu». Inprobisazioari txokoa uzten dioten ala ez galdetuz gero, Nightingalek irmo erantzun ohi du: «Abesti bakoitza tonuz bizpahiru aldiz aldatzen dela kontuan izanik, ez dugu izaten inprobisatzeko astirik».

Mugetatik harago

Urte osoan eskaintzen ditu The Sparteensek kolorez eta ironiaz betetako gala horiek, eta uda sasoian eskaria ez da nabarmenki hazten, taldekideen arabera: «Erritmo berean egiten dugu lan udan eta neguan, eta hilabeteko bizpahiru emanaldi eskaintzen ditugu garaiotan, gehiago ez». The Sparteensez gain, kide bakoitzak beste talde batean jotzen du, eta, hala, egunak eta agenda adostea ez dela erraza izaten.

Dena den, aukera duten bakoitzean, furgoneta hartu eta euren galen indarra norahi eramatea gustuko dute. Udan Euskal Herrian geratu badira ere, martxoan Bretainian, Suitzan eta Herrialde Katalanetan jardun zuten kontzertuak ematen. Toki guztietan gozatzen badute ere, Nightingalek aitortu du Suitzan eginn zituzten hiru emanaldiak —Baden, Zurich eta Bremgarten hirietan jo zuten— «paradisua» izan zirela: «Asko gozatu genuen emanaldi haietan, jendeak sekulako kultura duelako kontzertuetarako».

Herrialde Katalanetan, bestalde, hainbat arazorekin egin zuen topo taldeak. «Bartzelonarako bidean furgoneta behin eta berriz hondatu zitzaigun», azaldu du Nightingalek, «eta ezin izan genituen adostutako gala guztiak egin». Hasieran etsituta bazeuden ere, taldekideek aitortu dute amaierarako barre egitea baino ez zitzaiela geratu, eta orain umorez gogoratzen dituztela egun haiek.

Datozen galen zain dauden bitartean, pozik mintzatzen dira kanpoan egindako hilabete horiez. Nightingalek nabarmendu du, gainera, hangoei ez zitzaiela arrotza egin ye-ye soinuak euskara hutsean aditzea: «Katalunia eta Suitza aldean euskal musika asko entzuten da; Badenen lehen aldiz egon ginenean, adibidez, lehenengo tabernara sartu, eta Kuraia taldearen abesti bat zegoen jarrita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.