Iron Manen suhiltzaile ametsak

Ateak irekitzeko eguna antolatu dute Bilboko Miribilla auzoko suhiltzaile parkean, eta ehunka ume bildu dira kamioietara, eskaletara eta tirolinara igotzeko asmoz, haietako asko mozorrotuta.

Ume bat Bilboko Miribilla auzoko suhiltzaile parkeko ate irekien egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ume bat Bilboko Miribilla auzoko suhiltzaile parkean, ateak irekitzeko egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko martxoaren 1a
15:54
Entzun 00:00:0000:00:00

Kasualitatea, baina inauteri larunbatarekin batera suertatu da aurten ateak irekitzeko jardunaldia Bilboko Miribilla auzoko suhiltzaile parkean, eta, beraz, urtez urte, haien zaindariaren egunaren bueltan antolatu ohi duten saioetarako propio suhiltzailez jantzita agertu ohi diren hamarnaka umeez gainera, aurtengoan, besteak beste, Harry Potter bat, Iron Man bat, Minion bat, Super Woman bat, Ghost Rider bat eta pantera kume pare bat ere igo dituzte suhiltzaile kamioietara, garabietara eta tirolinara.

Bost urte baino ez ditu Jonek, baina jadanik argi du suhiltzailea izan nahi duela. Bera da suhiltzaile artera suhiltzailez jantzita etorri diren umeetako bat, eta baita kamioira igo diren lehenetariko bat ere. Ana Hervas deitzen da haren ama, eta, bien bitartean, hark gorde dizkio motxila eta jostailuzko su itzalgailua. «Izugarri gustatzen zaizkio suhiltzaileak!», onartu du. «Youtuben beti aritzen da Bilboko suhiltzaileen bideoak ikusten». Eta bertatik bertara ikusi ahal izan ditu oraingoan.

«Suhiltzaileontzat egun berezia izaten da hau: umeek ondo pasatzea da garrantzitsuena»

BEÑAT MADARIAGASuhiltzailea

«Benga, gora!». Bidaia labur bat baino ez da benetan. Ume guztiak atzeko eserlekuan eseri, kamioia martxan jarri, maldan behera hasi Juan Carlos de Gortazar kalean behera, sirenak jo, agur-agur!, biribilgunera heldu, bira osoa eman, maldan gora segitu, berriz ere sirenak jo, berriz agur-agur!, goiko biribilgunean ostera ere bira osoa eman, maldan behera metro batzuk egin, eta buelta abiapuntura, motorra itzali, eta berriz ere hurrengo ume multzoa hartzera. «Tira, behera!».

«Guretzat egun berezia da», aitortu du Beñat Madariagak. Bederatzi urte daramatza suhiltzaile, eta etxebizitzetara leihotik sartzeko erabiltzen duten eskalan egotea suertatu zaio. «Justu aste honetan Abusu auzoan sute handi bat piztu zen, bi pertsona larri egon ziren, eta hori izan zen nire azken irteera esanguratsuena». Eta horrekin alderatua errazago izan du gaurko lana. «Umeek ondo pasatzea da garrantzitsuena».

Tigreari ihes egitea

Suari nola aurre egin azaltzeko hitzaldiak ere eman dituzte.

Hiruki bat marraztuz azaldu dute suaren bizi zikloa, adibidez. Ezkerreko aldean kokatu dituzte su har dezaketen materialak, eskuinekoan oxigenoa, eta, azkenik, hirukiaren oinarrian kokatu dute beroa. Kendu hiru elementu horietako bat, eta hil egingo da sua. Eta, azaldu dutenez, gehienetan, beroari aurre egitea izaten da suhiltzaileen egitekoa. Baina lagungarri izaten da hirukiaren beste bi aldeak ere gogoan izatea, eta, horregatik, sute batean egonez gero, etxeko ateak ixteko gomendatu diete umeei. «Tigre batek pertsegituko bazintuzte bezala da», azaldu du hizlari lanetan ari den suhiltzaileak. «Hari ihes egin ahal izateko, gelatik atera eta atea itxiko zenukete, ezta? Bada, suarekin berdin».

Baina larunbatekoa ez da suhiltzaileek euren eguna ospatzeko antolatu duten jarduera bakarra. Esate baterako, sei kilometroko lasterketa antolatu dute gaurko, Bilboko itsasadarraren ertzetan; eta martxoaren 8an, suhiltzaileen ibilgailu klasikoen eta gaur egungoen karrusela egingo dute, Miribillako parketik hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.