Elikadura. Eko-tik

Iritsi da negua

2012ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Iritsi da negua. Azoketako baserritarren postuetan tomate, piper eta lekek erreleboa eman diote azari, brokoliari, borrajari... Izan ere, udazkena tenperatura gozoekin joan den arren, egun motzek eta argi faltak ez dute barkatzen.

Orain arte, uda hartu da oparotasun eta barietate gehien eskaintzen duen urtarotzat. Baina hori aldatzen ari dela esango nuke, behintzat barietateari dagokionez. Hori egiaztatzeko nahikoa da herriko baserritarrengana jotzea, betidanik ezagutzen ditugun porru, aza, azalore, zerba eta eskarolen ondoan, Bruselako azak, romaneskua, zenbait arbi klase, apio-naboa, errefrautxoak, mihilua eta beste hamaika barazki ikusten ditugu. Askorentzat, inoiz ikusi gabekoak dira, eta burura etortzen den lehen gauza da orain dela gutxi asmatutako gauza berriren bat izango dela. Kontsumitzeko ohiturarik ez egotearen ondorioz, ez ditugu ezagutzen, gure kliman arazorik gabe hazten diren arren.

Hala ere, jende askok estimu handiagoa die udako barazkiei negukoei baino, eta gaur egun beste herrialde batzuetatik ekarritakoak urte guztian eskura ditugunez, negukoak ia probatu ere ez dituzte egiten. Gure gorputzari kasu pixka bat egingo bagenio, laster asko konturatuko ginateke udazken eta neguko hotzei aurre egiteko hobe dela eltzeko bero-bero bat jatea entsalada hotz bat baino. Sasoian sasoiko eta tokian tokiko elikagaiekin eginez gero,gorputza hobeto egokitzen da urtarora, eta gutxiago gaixotuko gara.

Otordu oparoak egiteko egunak dira, eta askori mahaia zein platerekin bete pentsatzeak hamaika buruko min ematen dizkigu. Etxe batzuetan, oraindik mantentzen dituzte ohitura zaharrak, eta menuan olio azak, ardo konpota edo intxaur saltsa sartzen dute. Beste askotan, baina, gaur egungo aukera zabalak lekua kendu die bertoko plater goxo horiei. Gauza berezien bila horrenbeste bira eman beharrean, zergatik ez bertoko produktuekin osoki eginiko otordua egin? Erraz aurkituko ditugu osagaiak, norbere herriaren inguruko baserrietan; aza, intxaur, errezil sagarrak eta baita arkumeak ere; tokirik epelenetan artzainak gogoz saiatzen dira arkume garaia aurreratzen, Gabonetan denon mahaian falta ez dadin. Gainera, Gabonen ondoren, zoritxarrez, horiei ere, arropa dendei bezala, beheraldia iristen zaie, eskaria jaisten den aitzakiarekin.

Askotan entzun izan diot jendeari Gabonetako magia aipatzen. Nik sekula ez dut ulertu zeri buruz ari diren, eta gaur egungo kontsumismoaren barruan, oraindik gutxiago. Niretzat, benetako magia gaur egun bertoko produktuekin bakarrik otordu goxo eta oso bat egin daitekeela ikustea da, lagun eta familia giro jatorrean disfrutatzeko eta, gainera, inguruko baserritarrei babesa ematen.

Ondo pasa.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.