Horixe izaten dute gurpil zoroek: norabide aldakorra dutela, erritmoa azpikoz gora, eta bira aldrebesak. Badu gizakiak tematze setati bat: galbidean dauden espezieak eskaintzea eta kontsumitzea. Halakoetan, ez da jakiten oiloa izan zen lehena, edo arrautza. Gehiegi kontsumitzeagatik dauden galbidean, edo galbidean daudelako bihurtzen diren gutizia kontsumigarri. Horregatik da irenstearen diktadura gurpil zoro bat.
Pedro Subijana sukaldariak gastronomiaren gailurrera eramana dauka aspaldian Akelarre Donostiako bere jatetxe hiru izarduna. 75 urterekin hartu du erabakia: bere menuan ez du eskainiko angularik eta aingirarik. Sinple eta erraz eman ditu argudioak, eta goxo eta gogor jaso ditu txaloak zein eztenak: «Angula galzorian dago, eta jende asko ez da horren jakitun. Sukaldari gisa, badagokigu kontzientzia horiek astintzea ere. Ezin dugu espezie bat galbidean jartzen lagundu. Neurririk hartu ezean, gure seme-alabek eta bilobek ez dute jakingo angulak zer diren», azaldu du Subijanak. Relais & Chateaux sareko kidea da, eta sare bereko 21 sukaldarik hartu dute erabakia, Ethic Ocean gobernuz kanpoko erakundearen gomendioak aintzat hartuta. Erabaki bera hartu dutenen artean daude Juan Mari Arzak (Arzak) eta Andoni Luis Aduriz (Mugaritz). Mila eurotik gora dago aurten ere angula kiloa.
Jatea da neurria, eta irenstea da neurrigabea. Zerrendari ere norberak hartu diezaiola tamaina: atungorria, gaizkata (kabiarrarengatik), olagarroa, olagarrotxoak... Gutizien menuetan ageri dira denak, baina galbidean dauden espezieen zerrendetan ere bai. Beste horrenbeste gertatzen da ehizarekin: oilagorrak, usapalak, birigarroak eta istingorrak ehizatu daitezke, baina ezin dira salerosi. Urtero goi mailako jatetxeen menuetan nola agertzen diren, beraz, beste misterio handi bat da.
Gaiak arantzak ditu, eta zerrenda horretan berriki agertu den espezieak ere bai: itsas trikuak. Asturiasen (Espainia) zientoka jan izan dute urteetan, baina gourmet produktu bihurtu du orain eskasiak, eta galarazita dago arrantzatzea. 2016. urtean ezarri zuten debekua; Asturiasko Gobernuak birpopulaketa programak jarri ditu abian geroztik, baina ez dute debekurik kendu oraindik.
«Hondartzetan jasotzen ziren lehen. Mareak berak ekartzen zituen. Nik gogoan dut igande goizetan nola joaten nintzen aitarekin pasieran, saski handi bat hartuta. Jaki merkea zen, eta asturiarrok bakarrik kontsumitzen genuen orduan. Galiziarrek ez zuten jaten, eta kamioikadak ekartzen zituzten handik. Palakadaka saltzen ziren: palakada bat, bost pezeta [0,03 euro]», gogoratu du nostalgiaz Alberto Fernandezek, Asturiasko itsas trikuaren kofradiako presidenteak —oriciu deitzen diete Asturiasen, eta ourizo Galizian—.
«Debekuaren aldekoa naiz, hori baita aurretik zaindu ez izanaren ordaina. Kenduko dute debekua, eta izango dira itsas trikuak berriro. Birpopulaketak-eta egiten ari dira, baina geldialdi hori erabat onuragarria izango da».
ALBERTO FERNANDEZAsturiasko itsas trikuaren kofradiako presidentea
Zer gertatu zen? «Jakia jatetxeetara hedatzen hasi zela, eta mareak ekartzen zuena jada ez zela nahikoa. Itsaso barrura sartzen hasi ziren haien bila, eta, debekatu aurretxoan, hamabi metroko sakoneran ere aritzen ziren itsas trikuen bila», azaldu du Fernandezek.
Zientoka ari ziren ateratzen, eta galaraztea erabaki zuten. «Erabakirik onena izan zen. Debeku horren erabat aldekoa naiz, hori baita aurretik zaindu ez izanaren ordaina. Badakit arrantzale asko bizi zirela itsas trikuari esker, baina debekua ez da behin betikoa, kenduko dute, eta izango dira itsas trikuak berriro. Birpopulaketak-eta egiten ari dira, baina geldialdi hori erabat onuragarria izango da, gero gauzak ongi egiten badira, behintzat».
Bitarte horretan, zer ari da gertatzen? Itsas trikuaren salneurria %300 igo dela. 28 euro inguruan saltzen dute orain kiloa. Galiziatik, Portugaldik eta Marokotik iristen dira orain ouricio-ak Asturiasera. Oraintxe hasi da denboraldia: «Sagardo botila bat eta dozena bat ouricio; hori beti izan da horrela».
Fernandezek dio Galizian hobeto egin dituztela gauzak. Azaldu duenez, Prestige-ren hondamendiaren garaian galarazi egin zuten itsas trikuen arrantza, eta debekua kendu zutenean ohartu ziren itsas triku asko zegoela lehengoaren aldean. «Eta arautu egin zuten: ehun kilo egunean itsaskilari lizentzia bakoitzarentzat. Kontrolatuta zegoen dena. Arrantzaleak eurak ere ohartu ziren askoz egokiagoa zela horrela egitea, bazekitelako biltzen zuten guztia saldu egingo zutela, eta arrantzatu aurretik zekitelako zenbat diru jasoko zuten ere. Azkenean, hori da kontua: agortzen ez baduzu, hartu beharrekoa bakarrik hartzen baduzu, natura jakintsua da, eta berriz sortuko du».
«Itsas trikuak gehiegikeriarik gabe ustiatzeko oinarria zera da: horiek ustiatzen dituenak ahalik eta gehien jakin behar duela espezie horien biologiari buruz».
ESTEFANIA PAREDESVigoko Unibertsitateko ikerlaria
Elkarlan horren aldekoa da Estefania Paredes Vigoko Unibertsitateko ikerlaria ere. Galiziako unibertsitate horretako Mariña Ikerketa Zentroaren proiektuak dira Ocimer eta Ocimer+; itsas trikuen hazkuntza eta kontserbazioa ikertu dituzte, eta proiektuko arduradunetako bat da Paredes. Zer espezie ikertu duten argitu du lehenengo: Paracentrotus lividus espeziea da Galizian arrantzatzen dena, eta espezie horrentzako bakarrik dute eginda han kudeaketa plana. Izan ere, itsas trikuen hirurehun espezie baino gehiago daude munduan, eta dozena bat inguru dira soilik jangarriak.
Paredesek argitu du Galiziako itsas trikuaren arrantza ez dela «panazea», baina, «hein batean», arrazoia ematen diola Asturiasko kofradiako presidenteari: «Egia da Galizian baldintzak bestelakoak izan direla. Hemen ez da egon itsas trikurik jateko tradiziorik, eta haren arrantza komertziala askoz ere beranduago hasi da. Horrek astia eman digu beste zona eta herrialde batzuetan gertatu dena ikusteko, eta ikasteko».
Ocimer eta Ocimer+ proiektuetan «elkarlanean» aritu dira une oro Vigoko itsasadarreko arrantzale kofradiekin. Zona bakoitzean biologo bat izaten dute, eta hark kontrolatzen du zenbat arrantzatzen duten eta itsas trikua nola dagoen. Galiziako Xuntara bidaltzen dituzte emaitzak, txostenak egiten dituzte, eta horren arabera banatzen dituzte baimenak edo ezartzen dituzte debekuak. «Une honetan, arrantzale horiek baimendutako kuota baino gutxiago ari dira arrantzatzen, eurak ohartu direlako ez dagoela lehen adina itsas triku. Autoerregulatzen ari dira. Eta hori posible da badakitelako nola funtzionatzen duen itsas trikuak, hau da, hiru edo lau urte behar dituela gutxieneko tamaina lortzeko [5,5 zentimetro da gutxienekoa Galizian]».
Paredesek argi dauka: «Itsas trikuak gehiegikeriarik gabe ustiatzeko oinarria zera da: horiek ustiatzen dituenak ahalik eta gehien jakin behar duela espezie horien biologiari buruz». Eta egin du galdera, eta eman du erantzuna: «Zer-nolako askatasunez eta alaitasunez ustiatu dezakezu espezie bat oraindik hari buruz ezer gutxi dakizunean? Bada, kontu handiz». Eta eman du gakoa, eta errematea: «Espezie horri esker bizi den jendeari espezie horren gehiegizko ustiaketa ez bazaio inporta, ez gara ongi ari. Ustiatzen ari diren espezie horren etorkizuna oso zaila izango da haiek ardurarik hartu ezean».
«Gure lana da ezagutza zientifikoa arrantza sektoreari transferitzea, haien jardunean laguntzeko, eta jasangarritasuna lortzeko. Dibulgazio zientifikoa egiten dugu, gaia ez baita batere erraza».
IRATXE RUBIOMareira Bizi kooperatibako kidea
Iratxe Rubiok ere ezagutza horretan egin du azpimarra. EHUko Ekologia saileko irakaslea, SOST-Erizo proiektuko kidea, eta Mareira Bizi kooperatibaren sortzailea da Rubio. «Arrantza jasangarria bultzatzeko proiektu bat da SOST-Erizo. Eta, jasangarritasuna lortzeko, zenbait faktore hartu behar dira aintzat: aldagai ekologikoa —espezieak egon egin behar du—, aldagai soziala, aldagai ekonomikoa eta gobernantza. Ikuspegi orokor bat izan behar da jasangarritasuna lortzeko».
Arrantza kofradiekin egindako elkarlana nabarmendu du Rubiok ere: «Proiektu honetan konturatu gara arrantzale askok ez dakitela itsas trikuak zer biologia duen. Gure lana izan da hori erakustea, jakin dezaten zerekin ari diren lanean. Gure lana da ezagutza zientifikoa arrantza sektoreari transferitzea, haien jardunean laguntzeko, eta jasangarritasuna lortzeko. Dibulgazio zientifikoa egiten dugu, gaia ez baita batere erraza». Arantzatsua da.
jakingarriak
- Zenbat espezie daude?
Ekinodermoen familiakoak dira. Hirurehun espezie baino gehiago daude munduan, eta dozena bat dira jangarriak. Ohikoenak Euskal Herrian: Paracentrotus lividus eta Sphaerechinus granularis. Ozeano Atlantikoan, Barean, Mediterraneoan eta Kariben ere badaude.- Non kontsumitzen dute gehien?
Asturiasen eta Andaluzian (Espainia), eta Galizian eta Herrialde Katalanetan. Frantzian, Italian eta Japonian ere bai.- Nola jaten da?
Ireki, eta gordinik jatea da ohikoena. Gonadak dira jaten direnak.- Euskal kostaldean badaude?
Bai, baina ez dago horiek jateko eta arrantzatzeko tradiziorik. Kirol arrantzaleentzat debekatuta dago itsas trikuak arrantzatzea. Itsaski biltzaileentzat baimenduta dago.