Zientzia

Iraunaren ikurraren bila

Abian da Endurance 22 espedizioa, Ernest Shackleton kapitain eta esploratzailearen 'Endurance' bergantinaren arrastoak aurkitzeko, Antartikako Weddell itsasoan. 2019an ere saiatu ziren, baina kale egin zuten. Ur azpiko ibilgailu autonomo bat erabiltzen ari dira itsas hondoa arakatzeko.

Iraunaren ikurraren bila.
jakes goikoetxea
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Antartika. 1915eko azaroaren 21a, Weddell itsaso izoztuan. 28 gizon, 56 begi, milia eta erdira zuten itsasontziari begira. «Branka jaitsi zen aurrena, txopa airean zuela. Gero, azkar batean murgildu zen, eta izotza haren gainean itxi zen betirako. Sentipen nazkagarria eragiten zuen hura ikusteak, mastarik gabea eta alferrikakoa bazen ere, kanpoko munduarekin lotura bat zela baitzirudien. Hura gabe, gure miseriak nabarmenagoa dirudi, gure etsipenak beteagoa. [...] ...isilik irauli zen, azken atsedenleku bat topatzeko, orain gauden izotzaren azpian». Ernest Shackleton kapitainak hala jaso zuen haien itsasontziaren, Endurance-ren, hondoratzea.

Shackletonen eta haren eskifaiaren abentura ezaguna da. Kapitain eta esploratzaile irlandarrak berak kontatu zuen, South (Hegoaldea) liburuan, eta Frank Hurley argazkilariak erakutsi, mendea pasatu eta gero oraindik zirrara eragiten duen moduan.

Shackletonek Antartika oinez zeharkatu zuen lehen pertsona izan nahi zuen. Espedizio bat antolatu zuen: Trans-Antartika Inperiala. Izotzak beren ontzia harrapatu zuen. Urtebetetik gora egin zuten izotzetan harrapatuta: aurrena, itsasontzian bizitzen; gero, izotzetan, izotzaren mugimenduek eta gogortasunak Endurance puskatu zutenean.

Hiru salbamendu txalupa arrastaka eraman zituzten izotzetan, itsasora iritsi arte. Shackleton eta bost marinel Hego Georgia uhartera iritsi ziren arraunean, eta Elefante uhartean geratutako espediziokideak erreskatatu zituzten. Bi urte eta hilabete bat pasatu ziren Londrestik abiatu zirenetik Txilera eraman zituzten arte. Guztiak, bizirik.

Badu espedizio hark oraindik argitu edo erakutsi ez den misterio bat, ordea: non ote dauden 1915ean Artikoko izotzak txikitutako eta Weddell itsasoko urak irentsitako Endurance bergantinaren arrastoak. Espedizio bat abiatu da haiek bilatzera: Endurance 22. Falkland uharteetako (Malvinak) Itsas Ondarearen Fideikomisoa ongintzako erakundeak antolatu du. 35 eguneko misioa izango da.

Sinbolo bihurtu ziren Shackleton eta Endurance: alde batetik, garai bateko abenturena, Hego Poloaren esplorazioarena, mugen bila aritzearena; bestetik, izenak eta izanak bat eginez, iraun handiarena, egoerarik larrienei aurre egiteko gaitasunarena.

Zalantza kokalekuaz

Badakite Endurance non hondoratu zen. Gutxi gorabehera. Frank Worsley Shackletonen espedizioko nabigatzaileak zehaztu zuen, sestantea baliatuz; baina ontzia hondoratu baino hiru egun lehenago egin zuen, hau da, eskifaiak handik alde egin eta gero. Izan ere, ontzia oso gaizki zegoela ikusita, kanpaleku bat sortu zuten izotzetan, Endurance-tik milia eta erdira. Hiru aste geroago hondoratu zen.

Ez dakite Worsleyk ontziaren kokapena zehaztu zuenetik hondoratu arteko hiru egunetan hondakinak zenbat eta norantz mugitu ziren, jitoan. Izotza mugitu egiten baita: «Weddell itsasoko izotz blokeak etengabe mugitzen dira erlojuko orratzen norabidean. Ireki egiten dira, uzkurtu eta lasaitu». Mensun Bonden hitzak dira, Endurance22 misioko esplorazio zuzendari eta arkeologoarenak. Bada beste zailtasun bat: izotzak ontzia txikitu zuen, eta litekeena da zatiak sakabanatuta erori izana itsas hondora.

Ez da erraza ontziaren arrastoetara iristea. Ezta XXI. mendeko ontzi modernoekin eta teknologia berriekin ere. Antartikako baldintza gogorrei aurre egin behar zaie, eta ur sakonera handietan arakatu behar da —Endurance-ren arrastoak 3.000 metro ingurura daudela uste dute—.

Misioaren arduradunek badakite zaila dela: 2019an ere saiatu ziren, baina asmoa bertan behera utzi behar izan zuten. Izotzak harrapatu zituen, eta ur azpiko ibilgailua galdu egin zuten, itsas hondoa ikertzen hogei ordu zeramatzanean. Shackleton eta eskifaia harrapatu zituen izotzak atzera eginarazi zien, bitarteko hobeekin joanda ere.

Orduan bezala, oraingoan ere Agulhas II ontzia erabiliko dute. Poloetako ikerketarako prestatua. Bai daukan tresneriagatik, bai izotza hausteko ontzi bat delako. «Gure ontzia mailutzarra, bulldozerra eta laban suitzarra da aldi berean», Bonden arabera.

Guztia behar izan dute egunotan. Izotzetan harrapatuta geratu ziren astelehenean. Ura izotz bihurtu zen. Motorrak bete-betean jarri behar izan zituzten, ateratzen saiatzeko. Helikopteroko erregaiaren kontainerra zintzilikatu zuten ontziaren aurreko garabian, eta garabia ezkerrera eta eskuinera ibili zuten, eragindako balantzarekin ontzia izotzetatik askatzen laguntzeko. Astearterako lortu zuten. Agulhas II-ren branka Weddellgo itsasoko izotz geruza zartatzen ari da oraindik, izotzetan ubide bat sortzen.

Makebaren omenez

Hegoafrikako Ingurumen Gaietarako Departamenduarena da Agulhas II. 134 metro luze, 21 zabal. Heliportu bat eta hangar bat ditu. Eta berezitasun bat: Miriam Makeba musikari hegoafrikar handiari eskainia da. Makebari apartheid sistema arrazistaren kontrako ikurra zen, eta Mama Africa deitzen zioten.

Baliteke klima aldaketak Agulhas II-ren bidea samurtzea, eta, beraz, kroskoa aurkitzeko aukerak handitzea, Bondek berak nabarmendu duenez. Itsas izotzezko eremua txikiagoa izanez gero, errazago iritsiko dira ustez Endurance hondoratutako lekura.

Ohioko Unibertsitateko talde batek aurten bertan kaleratutako ikerketa baten arabera, Antartikako itsas izotza —bankisa ere deitua— handituz joan zen 1979tik aurrera; 2016an eta 2017an, aldiz, izugarri txikitu zen, inoizko gehien; hurrengo urteetan berriro ere batez bestekora hurbildu zen; eta aurten asko txikitu da berriro.

Itsas izotza neguan sortzen da. Flotatzen duen izotz geruza erraldoia izaten da. Oso garrantzitsua da, eguzkiaren energia islatu egiten duelako, eta ura, ozeanoa berotzea saihesten duelako. Weddell itsasoko itsas izotza egonkorra da, eta hainbat urtetan metatutako izotz geruzak daude.

Asmoa da ontziarekin izotza puskatzea eta Endurance hondoratu zen lekura iristea. Gerta daiteke, ordea, izotz geruza lodiegia izatea eta brankak ezin puskatzea. Hori gertatuz gero, bigarren aukera baliatuko dute: helikoptero bidez aluminiozko zulagailu batzuk eramatea, eta izotz gainean —Endurance hondoratu zen lekuan— estazio bat osatzea. Zulagailuek izotza zulatuko lukete, ur azpiko ibilgailua sartzeko neurrikoa.

Misioaren helburua ez da hondakinak ateratzea eta lehorreratzea; ezin dute, ondare izendatu baitzituzten. Aurkitu, dokumentatu, hiru dimentsioko eskaner bat egin, eta grabatu egin nahi dituzte. Ez dakite garai batean mastak, zuakerrak, gainaldea eta kroskoa izandako egurrak zer egoeratan egongo diren. Uste dute uraren muturreko hotzak eta oxigeno, argi eta izaki bizidunen eskasiak babestu egin dutela. Hala ere, sakonera horretan izaki bizidunak egon badaude, eta litekeena da Endurance-ren arrastoak haien etxe bihurtu izana.

Ur azpiko Saab Sabertooth ibilgailu bat erabiliko dute Endurance aurkitzeko. Ibilgailu autonomoa da: kanpotik gobernatu daiteke, eta bertan ez da pertsonarik joaten. Kamerak laser bidezko eskanerra eta sonarra ditu. Sonarrak soinu uhinak bidaltzen ditu, eta, haiek zerbait jotakoan, bueltan etortzen zaizkio. Jasotako oihartzunaren arabera, zer jo duen jakin dezakete. Horrela nabigatzen dute izurdeek eta saguzarrek. Saab Sabertooth izena du. Bai, Saab auto ekoizle suediarra izandakoaren marka da. Saab berriak segurtasunerako gailuak eta material militarra egiten ditu—hala egiten zuen autoak egiten hasi aurretik ere—.

Zuntz optikoa, zilbor heste

2019ko espedizioan galdu egin zuten ur azpiko ibilgailua. Gainera, ibilgailuak ez zuen ikusten etabiltzen zuen informazioaren berri aldi berean bidaltzen, eta, beraz, ibilgailuak bildutako informazio guztia ere galdu egin zuten. Oraingoan, ordea, zuntz optikoko kable bat izango da ibilgailuaren eta Agulhas II-ren arteko zilbor hestea. Ibilgailua hainbat aldiz uretaratzen ari dira egunero.

Hainbat zientzialari parte hartzen ari dira misioan: itsas arkeologoak, izotzetan adituak, ozeanografoak, meteorologoak... Antartikako ingurumenaz gehiago jakiteko baliatuko dute bidaia, bai klimaz, bai izotzaz. Klima aldaketak izotzetan duen eragina neurtu nahi dute, haren garrantzia eta hura babesteko premia mundura zabaltzeko.

Endurance hondoratu zen. Isiltasuna. 28 gizon, 56 begi, milia eta erdira zuten hutsuneari begira. «[...] Zalantza dut ea gure artean bazegoen emozio pertsonalik sentitu ez zuenik Sir Ernestek, begiralekuaren puntan zutik, nolabaiteko tristurarekin eta lasaitasunarekin esan zuenean: 'Mutilok, joan da'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.