Nahi beste ditu gaiak. Arrazakeria, kontzientzia hartzea, militantzia politikoaren goiti-beheitiak, askapen mugimenduen kriminalizazio orkestratua, espetxea eta espetxe industria... Denak har, inoren bizialdiari lotuak diren neke eta pena guztiak.
Hiru hitzaurre ere baditu eskuetan hartu dugun Assata Shakur, autobiografia bat (Katakrak, 2022) liburuak. Argitaletxearen Aitzur hautsi bat oharrarekin batera, Joseba Sarrionandia, Angela Davis eta Lennox S. Hinds ditugu lanari harrera egiten. Sarrionandiarenetik ari gara: «My name is Assata Shakur (slave name Joanne Chesimard). Joanne Deborah Byron 1947ko uztailaren 16ko bataio agirian, Joanne Deborah Chesimard 1967ko ezkontzagatik, Pantera Beltzen Alderdiko militantea, 1973an arrestatu zuen New Jerseyko poliziak. Zayd Shakur kidea eta Werner Foerster agente federala hil ziren. Assata, zaurituta, bularrean bala bat zeukala interrogatu zuten ospitalean. Kartzelan, jasaten ari zen eraso mediatikoari aurre egiteko, zinta bat grabatu zuen: To my people, gure jendeari. Manifestu hunkigarri bat, gogorarazteko jende beltzari bere esplotazio eta segregazio errealitatea American Way of Life guztiaren azpian, eta askatasunaren alde borroka egiteko eskubidea eta obligazioa». Eta, honaxe grabazioren zatiñoa: «Assata Shakur deitzen naiz (esklabo-izena: joanne chesimard), eta iraultzailea naiz. Iraultzaile Beltza. Hau da, gerra deklaratu diot gure emakumeak bortxatu, gure gizonak zikiratu eta gure haurrak gosez utzi dituen indar orori. Gerra deklaratu diet gure pobreziaren abaroan aberasten direnei, irribarrea aurpegian gezurra esaten diguten politikariei eta haiek zein haien jabetzak zaintzen dituzten robot burugabe eta bihozgabe guztiei». Hortxe iraultzaile beltzaren zioak.
Izena: 'Libre'
New Yorken jaioagatik ere, Assata Shakurrek Ipar Karolinako Wilmington herrian igaro zuen haurtzaroa, amaren aldeko aitaita-amamekin. Segregazioaren pozoitik ausarki edanarazi zioten AEBetako hegoalde hartan. «Beltzak ezin ziren hainbat lekutara joan; esate batera, hondartzara. Batzuetan, Hego Karolinaraino bidaiatzen ziren, ozeanoa ikuste hutsagatik». Hiru orduko bidea ere bai oraingo egunean, eta puskaz bide handiagoa orduko garaian. Assataren aitaita-amamek bazuten lursailen bat itsasertzean, eta hondartzako negozioa ireki zuten: jatetxea, aldagela eta dantzalekua, dena batera.
Ondoko hondartzari Bop City izena eman ohi zion jende guztiz gehienak. Ez, horratik, Assata Shakurren aitaita-amamek: Freeman's Beach izena zen haien hautu guztiz kontzientea. Assata da mintzo: «Haurra nintzela, Freeman izenak ez zuen esanahi handirik niretzat(...) Helduaroan, Beltzen historia irakurtzen hasi nintzen, eta orduantxe ezagutu nuen izenaren esanahia. Esklabotzaren ostean, Beltz askok uko egin zion ugazabaren abizena erabiltzeari. Horren ordez, Freeman abizena hartu zuten. Izen horixe erabiltzen zuten, orobat, esklabotza 'ofizialki' deuseztatu baino lehen askatutako afrikarrek; nolanahi ere, esklaboak merkantziatzat jotzen zituen sistema bertan behera utzi ostean aldatu zuten Beltz askok beren abizena. Horren berri izan ostean, argi berri baten pean ikusi nituen arbasoak». Beltzek herriko zoora sartzea galarazia zuten garaia zen. Gauza bera jolas-parkeko zaldiko-maldiko, noria eta gainerakoetan ibiltzeari zegokionez ere: sarrera galarazia zuten beltzek. Eskola segregatuan, beltzenean behar zuten beltzek.
Amaren altzora New Yorkera eginik eskolatu zen Assata Shakur, arrazakeriaren itzalpean beti. «Jende askok ez daki zenbat modutan agertzen den arrazakeria eta zenbat eratan borrokatzen garen haren aurka».
NAACP
Udaldian, haatik, aitaita-amamenera itzultzen zen Assata, eta ez alferretan. Haietako batean, Koloreko Pertsonen Garapenerako Elkarte Nazional NAACP-ren berri izan zuen, delako erakundeak eraikin bat errentatu baitzuen Assataren aitaita-amamen jatetxetik ez aparte: «Eserialdien, otoitzaldien eta kantaldien bidez Hegoaldea integratzeaz hitz egiten zuten; indarkeriarik ezaz hitz egiten zuten. Pozik nengoen, segregazioa amaitzea nahi bainuen. Haurtzaroan, segregazio-politikaren alderdi suntsitzaile eta gutxieslearekin kontaktuan izana nintzen. Gogoan dut Iparraldetik Hegoaldera, edo alderantziz, joaten ginenean ohi baino zorrotzago nabaritzen genuela segregazioaren eztenkada (...) Uste nuen dena konponduko zela baldin eta Hegoaldea Iparraldearen modukoa bihurtzen bazen. Uste nuen jende Beltza aurrera egiten ari zela benetan, eta gobernuak, presidenteak, auzitegi gorenak eta kongresuak babesten gintuztela; beraz ondo joango zen dena. Uste nuen integrazioa zela gure arazo guztien benetako konponbidea. Uste nuen, jende zuria gurekin eskolaratuko balitz, gure ondoan bizi, gure aldamenean jardun, orduan konturatuko liratekeela jende ona garela benetan, eta gure aurkako aurreiritziak baztertuko zituztela. Uste nuen amerika herrialde on bat zela benetan, edo, irakasleek eskolan esana ziguten moduan, 'munduko herrialderik onena'». Horiek sinesten zituela hazi zen Assata Shakur, egiaz eta begiaz sinesten zituela, baina horiek sinesten zituenetik hogeitaka urtetara, bestela esango du, orduan sinesten zuen hura «txiste txar bat» iruditzen zaiola.
Eta, era berean, bestela esango du, 1973an Morristown herriko kartzelan epaiketa zain dagoela, epaimahaiko kide zuri aberatsak ikustean eta haiez ari dela: «Oso-osorik irentsi zuten amerikar ametsaren gezur galanta, eta, antza, ez ziren ohartzen jende Beltzaren eta Hirugarren Munduko jendearen gehiengoarentzat amerikar ametsa, egia, amerikar amesgaiztoa dela».
Arraza kontuaz beste
Manhattan Community Collegen hasi zen garaiak bat egin zuen herrialdean borroka eta aktibismoa pizten ari ziren sasoiarekin. Beltzen kontzientzia hazten ari zen garaia. Manhattango unibertsitate hartan, berriz, beltzak edota Hirugarren Mundukoak ziren ikasleen erdiak baino gehiago. Ordu arte, Assata Shakurri ez zitzaion inoiz bururatu ehunka pertsona beltz beren askatasunaren alde borrokatzeko elkartzea. «Ikasle Beltzak era guztietako erakundeetan zebiltzan (...) Elkartu, eta eguzkiaren azpian diren gai guztiez hitz egiten genuen (…) Batzuetan, eztabaidak izugarri berotzen ziren, eta gaueko hamaikak arte segitzen genuen teman, hau da, gaueko eskolak amaitu eta eraikina ixten zuten arte».
Assata Shakur laster zen Afrikako askapen mugimenduak aztertzen. «Afrikako iraultzaileen arabera, askapena ez zen arraza kontua soilik: kolonialista zuriez libratuta ere, egitura ekonomiko kapitalista suntsitu behar zen; bestela, neokolonialista Beltzek ordezkatuko zituzten kolono zuriak». Assata Shakurrek berak dioenez, hitz egin baino gehiago, aditu egiten zuen, baina galderak egiten ere zalea zen.
Eztabaida sutsuak izan zituen beltzaren azpiratzea arraza kontua baizik ez zela uste zuten kideekin. «Zapaltzaile zuriak ez ezik, zapaltzaile Beltzak ere bazirela esaten nien (...) badira Nixon, Reagan eta beste politikari kontserbadore batzuk hauspotzen dituzten pertsona Beltzak. Beltz dirudunak betidanik paratu izan dira ustez beren interes finantzarioak babestuko zituzten hautagaien alde (...) jende Beltza, arrazagatik ez ezik, klaseagatik ere zapalduta zegoen; pobreak eta Beltzak garelako. Jende Beltza arrakastaren eskaileran gora igotzeaz hitz egiten zen aldiro, sutan jartzen nintzen. Eskailera bati buruz ari baldin bazara, goia eta behea egongo dira, goiko klasea eta behekoa, aberatsen klasea eta pobreena. Sistema batean goia eta behea dauden artean, jende Beltzak behean amaituko du beti, haiek baztertzea baita denetan errazena. Zentzugabea iruditzen zitzaidan sistemaren barruan borrokatzea. Aberatsek kontrolatzen dituzte alderdi demokrata zein errepublikarra. Beren botereari eutsi nahi diote biek, nik, aldiz, boterea deuseztatu nahi dut. [Aberatsek] Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako diktadura faxistak babestu nahi zituzten; nik, aldiz, haiek eraitsi nahi nituen. Viet Cong garaitu nahi zuten; nik, Viet Congek askapena lortzea nahi nuen». Eta, horretan, argazki bat, gelako horman ezarria, Assata Shakurren erretinan iltzatua betiko: «Mỹ Laiko sarraskiaren irudi bat, emakumeen eta haurren gorpuak mordo batean pilatuta, tiroz josirik, munduko izugarrikerien eguneroko oroigarri». Mỹ Lai, 1968ko martxoak 16. AEBetako armadako unitate batek erabat suntsitu zuen herria. 347 eta 504 pertsona artean hil zituzten, armarik ez izanagatik ere. Atso-agureak ageri dira argazkietan, emakumeak eta haurrak. Bortxatu ere egin zituzten. Ganadua akabatu zuten, etxeei su eman, soroak eta jatekoak hondatu eta alferrik galarazi.
Legea eta ordena
1970eko hamarkada zen, eta sistemaren barruan gabe, haren kanpoan borrokatu zen Assata Shakur, Pantera Beltzen Alderdian eta Askapen Armada Beltzean. Nixon zen AEBetako presidente, «legea eta ordena» eslogana hartu eta beltzen askapen mugimenduaren izena zikintzea hartu zuen gogotan, gostarik gosta.
Publikoa da garai hartan, adibidez, FBIren sortzaile eta buru John Edgar Hooverrek, beltzen erakundeak eta haietako buruak «salatzeko, zapuzteko, galbideratzeko, ospea kentzeko eta ahal den modu guztietan neutralizatzeko» ahalegina areagotzeko eskatu ziela delako agentziaren berrogeitaka bulegoetako kideei. Halaxe abiarazi zuten Cointelpro, kontrainteligentzia programa, eta, zinez eta minez, areagotu ziren polizia operazioak, epaiketak eta espetxeratzeak.
1973an maiatzaren 2an tiroketa gertatu zen New Jerseyko ordainpeko autobidean. Ordurako, FBIk eta New Yorkeko polizia departamenduak Assata Shakurren kontrako propaganda egina eta masiboki zabaldua zuten. Diskurtso politiko nagusiak hiltzea edo bizi osorako kartzelaldia merezi duten kriminaltzat aurkeztuak zituen Assata Shakur, Mumia Abu-Jamal edota Leonard Peltier, besteak beste.
Eta honetaz eta hartaz jardun dute Larrabetzun, Literaturaz Berbetan ekimenaren martxoko saioan.
Assata Shakur, autobiografia bat hartu, jarri dira borobilean hainbat lagun, eta hasi dira hizketan, Gotzon Barandiaran gidari eta Joseba Sarrionandia solaskide dituztela.
Batzuek eta besteek hartu dute hitza, eta mintzatu dira arrazakeriaz, kolonialismoaz eta kolonialismoaz bezainbat, deskolonizazio prozesuez, eta, orobat, Assata Shakurrez. «Pertsona normala da, normal hitzaren zentzurik normalenean: lasaia, argia, lotsatia, umore onekoa, eskuzabala. Kontalaria ere ona, gauza asko interesatzen zaizkio, ez gutxien interlokutorea entzutea», Sarrionandiak liburuaren atarikoan idatzia duenez, aspaldi Habanan ezaguturik. «[Assata Shakurrek] AEBetako aparatuen gezur eta iruzur guztiak jasan behar izan ditu urterik urte. Lintxamendu mediatiko etengabearen itua eta helburua hamarkadaz hamarkada. Terrorista arriskutsuen zerrendan dago oraindik, 2005ean milioi bat dolar ematen zuten ordainsari moduan hura harrapatzen laguntzeagatik».
2012an, berriz, bikoiztu egin zuten ordainsari hori.
Assata Shakurrek kartzelatik ihes egin baitzuen, asilo politikoa baitu Kuban 1984az gero.