Ana Morales (Bilbo, 1969) itzultzailea da. Eguneroko lanean ez du jarduten literatura testuekin, baina lanetik kanpo oso gustuko du literatura itzultzea. Hori dela eta, Xerezaderen Artxiboa podcast-a egiten du Jasone Larrinagarekin batera. Gaur egingo dute bigarren Xerezadejaia Leioako liburutegian. Bere pareko epaimahaia ipuinaren irakurraldia egingo dute, 18:30ean hasita.
Susan Glaspell idazlearen Bere parekoen epaimahaia ipuinaren zuzeneko irakurraldia egingo duzue gaur. Zer kontatzen du istorioak?
Baserri batean gertatutako hilketa da istorioaren abiapuntua. Senar-emazte batzuen baserri batean senarra hilda agertzen da, eta haren emaztea atxilo eramaten dute. Hortik aurrera, fiskala, sheriff-a eta haren emaztea dira protagonista. Krimenaren lekura joaten dira froga bila. Froga bilketa hori kontatzen du ipuinak: bakoitzak zer bilatzen duen, zer irakurketa egiten duen. Ez dut gehiago kontatuko, misterioari eusteko.
Agian irudipen soila da, baina Euskal Herrian ez dira gisa horretako irakurraldi asko egiten, ezta?
Gero eta zuzeneko irakurraldi gehiago egiten dira. Baina, beharbada, egiten direnak formalegiak dira, antolatuegiak. Gehienbat poesiarekin egiten dira, gainera. Gure asmoa da zerbait hurbila egitea, erakusteko zer erraza den literaturaz gozatzea, norberak bere etxean, lagunekin edo familiarekin. Taldeko irakurketa ozena gozagarri izan daitekeela erakutsi nahi dugu.
Bigarren Xerezadejaia-ren barruan egingo duzue zuzeneko irakurraldia.
Guk deitzen diogu Xerezadejaia, baina berez ez da jai-jaia. 2012an egin genuen lehenengoa, Xerezaderen Artxiboa gure podcast-aren urte pasatxoko ibilbidea ospatzeko. Ilusioa egiten zigun jendaurrean irakurraldi bat egiteak. Iaz, Bilboko Hika Ateneoan egin genuen, eta gaur beste ingurune batean egingo dugu.
Zer da Xerezaderen Artxiboa?
Blog bat da. Hor jartzen ditugu narrazioen irakurketa dramatizatuak. Hartzen ditugu ipuinak, irakurtzen ditugu, grabatzen ditugu musikarekin eta efektuekin, eta gero blogean jartzen ditugu jendeak zuzenean entzun ditzan. Literatura belarritik gozatzeko modu bat da. Literatura goza daiteke irakurriz paperean, baina baita entzunez ere. Guk doako audio liburutxoak egiten ditugu. 50 ipuinetik gora bilduta dauzkagu Xerezaderen Artxiboa-n. Hasieran hiru ginen, eta astean bat jartzen genuen. Gero bi geratu ginen, eta hilean bi jartzen genituen. Orain saiatzen gara hilean bat behintzat jartzen.
Irakurri, irakurri eta irakurri. Irakurtzen erakusten da, baina jendea ohitua al dago ipuinak entzutera?
Nik uste dut behin probatuz gero erraza dela jendeari gustatzen hastea. Literatura entzunez jasotzea ez da oraingo kontua. Berria dena da literatura irakurriz soilik jasotzea. Lehen, monasterioetan ozen irakurtzen zuten fraideek bazkaltzen zuten bitartean, gure aitona-amonek irrati saioak entzuten zituzten, umeei ipuinak kontatzen zitzaizkien. Jende askori betidanik belarrietatik iritsi zaizkio literatura piezak. Azken mendean esan izan da, behin eta berriz, paperetik irakurri behar dela. Literatura belarriz jasotzeak erraztasuna ematen dizu beste gauza batzuk egiteko. Literaturarekin gozatu ahal izatea ederra da gidatzen zoazen edo etxeko lanak egiten ari zaren bitartean.
Ana Morales. Itzultzailea
«Irakurrita ez ezik, literatura gozamen bat izan daiteke belarrien bidez jasota ere»
'Xerezaderen Artxiboa' 2011. urtean sortu zuten, «literaturarik onena euskaraz entzuteko aukera» emateko; gaur, bigarren 'Xerezadejaian' zuzeneko irakurraldi bat egingo dute Leioako liburutegian, 18:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu