Hitz-irule proiektuaren sortzaileetako bat

Lina Ugarte: «Irakurketa errazak segurtasuna eta ahalduntzea ekartzen ditu»

Euskal Herrian «behar handia» dagoela ikusita, irakurketa errazeko liburuak argitaratzen dituen txoko bat sortu zuten maiatzean: Hitz-irule. Zortzigarren liburua bidean dute.

Lina Ugarte, Hitz-irule proiektuaren sortzaileetako bat. GORKA RUBIO / FOKU
Lina Ugarte, Hitz-irule proiektuaren sortzaileetako bat. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2024ko urriaren 11
05:00
Entzun

Liburu bat irakurtzea lan zaila izan daiteke batzuetan: euskaraz ez dagoelako edo ulertzeko zaila delako, adibidez. Hitz-irule proiektua sortu zuten iragan maiatzean Donostian, irakurketa erraza sustatzen eta errazten duen proiektua. Zazpi liburu eta bi bilduma argitaratu dituzte gaurdaino. Lina Ugarte (Alcorta, Argentina, 1975) izan zen Hiz-irule proiektuaren sortzaileetako bat. 

Zeri deitzen zaio irakurketa erraztea?

Irakurketa erraza formatu bat da. Formatu horrek pauta batzuk ditu, eta pauta horiek irakurketa errazten dute. Edukiaz, hizkuntzaz eta formaz ari naiz: letra tamaina, tipografia, testuaren egitura, orriaren diseinua... Irakurketa errazeko liburuek, gureek adibidez, serifik gabeko tipologia dute, marjina zuri asko, tamaina ohikoa baino handiagoa, lerroartea handiagoa, paragrafo motzak... Olerki itxura dute; lerroa moztu egiten dugulako argiago irakurtzeko. Non moztu ere ondo pentsatzen dugu, lerro bat zentzurik gabe ezin da-eta erditik moztu. 

Definizioak ere gehitzen dituzue.

Hitz asko letra lodiz agertzen dira: hitz teknikoak, hain ohikoak ez direnak... horien esanahia orriaren behealdean azaltzen dugu, edo ondoan, kutxatxo batean. Era argian ematen ditugu azalpenak, gure arteko azalpen bat balitz bezala. Irakurketa errazak liburu bat denen eskura jartzen du. Horrek ez du esan nahi gure irakurleek liburu arruntik irakurri ezin dutenik, baina batzuetan zailtasunak agertzen dira.  

Zer zailtasun, adibidez?

Aldi baterakoak edo iraunkorrak izan daitezke; publiko zabala dugu horretan. Aldi baterako zailtasuna izan daiteke, adibidez, hizkuntza bat ikasten aritzea. Euskara ikasten ari den norbaiti zaila gerta dakioke hainbat liburu irakurtzea, eta gure liburu egokituekin errazago egingo zaio bidea. Gainera, irakurketa errazak segurtasuna eta ahalduntzea ekartzen ditu. Irakurri ahala, ulertu egiten dute, eta horrek autoestimuan eragin handia du. Gure artean ez daukagu beldurrik hanka sartzeko; ikastera gatoz. Xumea bezain aberatsa da liburuetako euskara, lagundu egiten duelako. Nahiz eta egokituta egon, literatura izaten jarraitzen du. Zama arindu egiten du, hori bai. Niri, euskara ikasten ari nintzenean, gustatuko zitzaidan halakorik izatea. 

Eta iraunkorrak?

Desgaitasunen bat dutenak: desgaitasun intelektuala, dislexia, afasia, memoria arazoak, buru osasun arazoak...

Nola egiten da liburuen egokitzapena?

Gure kasuan, bi bilduma dauzkagu: Kalafate eta Bost Ipuin. Kalafate bildumakoak liburu klasikoak dira, eta Almadraba argitaletxearekin dugu hitzarmena egina. Argitaletxe horrek gazteleraz eta katalanez argitaratzen ditu liburuak, egokituak; eta gu haiekin harremanetan jarri ginen euskaraz ere izan genezan aukera hori. Irakurketa taldeen beharra ikusita, harago joatea pentsatu genuen, eta beste bilduma bat sortu dugu: Bost Ipuin. 

Zenbat irakurketa talde dauzkazue?

Zazpi-zortzi. Batzuk gazteleraz, eta beste batzuk euskaraz. Donostian, Tolosan eta Bilbon aritzen gara, eta urtean, liburuaren arabera, hiru-lau liburu irakurtzen ditugu. Taldean irakurtzen dugu, klasean. Liburutegietan geratzen gara, eta ahots goran irakurtzen dugu, modu praktikoan. Hala, gainera, euskarari kutsu akademikoa kentzen diogu, eta modu naturalean ikasten dute: liburuak eta pasarteak komentatuz. Hori da sustatzen ditugun gauzetako bat: euskararen erabilera. 

Edozein liburu egokitu daiteke?

Liburu eta idazle erreferenteak izatea garrantzitsua da, horrek berak motibatu egiten dituelako irakurtzera. Istorioak ere eragina du, noski; baita estiloak ere. Liburu bat abstraktua bada, egokituta ere hala izaten segituko du, eta hori jada ez da irakurketa erraza. 

Gazteak joaten dira irakurketa taldeetara?

Hutsune bat dago gaztetxoen eta haurren artean. Batzuk badaude, baina gutxi; eta, euskaraz, gutxiago. Etorkizunerako helburuetako bat hori da: hutsune hori betetzeko gai izatea. Euskarazko irakurketa errazaren txokoa da Hitz-irule, eta badagokio publiko zabala edukitzea eta guztientzako txokoa bermatzea. Mantso goaz, baina bagoaz.

lotsabako

Liburu bat?
Rayuela, Julio Cortazarrena.

Genero bat?
Saiakera.

Eleberria edo ipuina?
Ipuina.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.